Ugarteigarango igerilekuetara joateko bazkideek ez dute erreserbarik egin beharko astelehenetik aurrera

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 26a, 14:49
Ugarteigarango igerilekuak. (Azkoitiko Udala)

Bazkideek beren txartela eraman beharko dute igerilekura sartzeko. Bazkideak ez direnek, berriz, Ugarteigarango harreran erosi beharko dute igerilekura sartzeko sarrera. Halaber, Elkarguneko webguneak semaforo bidez unean bertan erakutsiko du igerilekuaren edukiera zein egoeratan dagoen.

Ekainaren 15ean zabaldu zituen ateak Ugarteigarango igerilekuak, baina orain protokoloan aldaketak egitea erabaki du udalak; bertan behera utzi du erreserba sistema. Hori horrela, datorren astelehenetik aurrera, ekainak 29, bazkideek ez dute erreserbarik egin beharko igerilekura joateko. Elkarguneko bazkideak beren bazkide txartelarekin sartuko dira Ugarteigarango igerilekura; bazkide ez direnek, berriz, Ugarteigarango harreran erosi beharko dute sarrera.

Ugarteigarango igerilekuaren edukiera %60koa izango da aurrerantzean ere, eta udalak azaldu du "edukieraren kontrola zorrotz" eramango duela. "Edukiera murriztu arren, estali gabeko igerilekuek duten tamainagatik jende asko sartzen da, eta horrek ahalbidetu du protokoloa aldatzeko aukera", azaldu du udalak. Izan ere, Ugarteigarango instalazioek 1.400 lagunentzako edukiera dute eta %60ko edukiera izanda, 840 pertsona sartzen dira. Edukiera murriztuta, helduen igerilekuan 188 lagun sar daitezke aldi berean eta haurrenean, 15 ume.

COVID-19a kontrolatzeko segurtasun neurriak tarteko, Azkoitiko Udalak erabaki zuen erreserba bidez txandak ematea "jende pilaketak saihesteko". Udalak, ordea, erreserba sistema bertan behera uztea erabaki du orain. Honela arrazoitu du: "Egun hauetan ikusi da goizetan, adibidez, ez dagoela inolako arazorik eta arratsalde gehienetan ere ez dela ezarritako edukiera gaindituko. Horregatik erabaki da protokoloa aldatzea, erreserben sistema baztertzea eta ohiko erabilera ahalbidetzea bazkideen erosotasunerako", adierazi dute.

Estali gabeko igerilekuen ordutegiak ere orain arte bezala jarraituko du astelehenetik aurrera. Garbiketa eta desinfekzio lanak egin ahal izateko, itxi egingo dute igerilekua 14:45etik 15:45era bitartean. 10:30ean zabalduko dituzte goizean ateak Ugarteigarango instalazioetan, eta 20:00etan itxi.

Igerilekuaren edukiera, semaforo bidez

Herritarrek, gainera, aukera izango dute aurrerantzean igerilekura joan aurretik Ugarteigarango igerilekua zenbateraino beteta dagoen ikusteko. Elkarguneko www.elkarguneazkoitia.eus webguneak, irudi edo kolore bidez adieraziko du estali gabeko igerilekuetan tokirik badagoen edo ez.

Elkarguneko gainerako erreserbak

Elkarguneko igerileku estalirako eta gimnasiorako erreserba orain arte bezala egin beharko da. Igerileku estalietan lehentasunezko ordutegia izango dute 65 urtetik gorakoek eta aniztasun funtzionala duten herritarrek. Lehentasunezko ordutegia astelehenetik ostiralera 09:00etatik 10:00etara izango da. Bestetik, Zubiaurre Igeri Elkarteak astelehenetik ostiralera bi orduko tartea izango du igerileku itxia erabiltzeko, 12:00etatik 14:00etara, hain zuzen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide