Azkoitiko Udalak elkartasun sarea jarri du martxan, beharra duten pertsonei laguntzeko

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 18a, 11:54

Udalak, Azkoitiko Gurutze Gorriak eta herritarren ekimenez sortutako boluntario sareak beharrean daudenei, besteak beste, elikagaiak edo botikak etxera eramateko protokoloa adostu eta martxan jarri dute.

Udalak, Azkoitiko Gurutze Gorriak eta herri ekimenetik sortutako boluntario sareak adostu dute COVID-19 birusaren aurrean hartu diren salbuespeneko neurrien ondorioz etxean konfinatuta, berrogeialdian edota zaurgarritasun egoeran dauden azkoitiarrei etxean laguntzeko protokoloa. Zaurgarritasun egoeran daudenei edota 65 urtetik gorako pertsonei lagundu nahi diela azaldu du udalak, "beti ere, horiek ez badute sarerik: familia, lagunak, bizilagunak...".

"Koronabirusaren krisiak ezagutzen ez genuen eta aurrekaririk gabeko egoerara eraman du gizartea. Beste behin, euskal gizartea solidarioa dela erakusten ari da, azkoitiarrak bezala. Bestela, ezinezkoa zatekeen pertsona zaurgarrienei edo bakarrik bizi direnei laguntzeko osatu den elkartasun sarea sortzea", azaldu dute Azkoitiko Udaletik. 

Koronabirusaren aurrean, oinarrizko beharrak asetzeko protokoloa ezarri du udalak. Honako zerbitzuak jaso ditzake egoera horretan dagoen herritarrak: 

  • Oinarrizko beharrak hornitzea: elikagaiak, oinarrizko higienea eta garbiketa produktuak. 
  • Zaborra ateratzea.
  • Medikamentu preskribatuak hornitzea. 
  • Itxoin ezin dezaketen izapideak eta kudeaketak egitea. 

Laguntza eskatzeko protokoloa

Laguntza behar duten herritarrek hainbat irizipide jarraitu beharko dituzte. Hasteko, beharra duten azkoitiarrek Azkoitiko Udaleko Gizarte Ongizatera 943-85 71 74 telefono zenbakira deitu beharko dute, eta han beharrezkoak diren datuak hartuko dizkiete. Astelehenetik ostiralera bitartean, 08:00etatik 15:00etara bitartean egingo dute lan Udaleko Gizarte Zerbitzuan. Martxoaren 19an eta 20an ere arreta telefonikoa emango duela jakinarazi du Udalak. Horrez gain, Gurutze Gorriko 945-22 22 22 telefono zenbakira edota Caritaseko 688 66 27 73 telefonora ere dei daiteke.

Behin telefono deia eginda, Udaleko gizarte langileak herritarraren kasua aztertuko duela azaldu du udalak. Languleak herritarra zerbitzuaren onuraduna izan daitekeela ondorioztatzen badu, bere datuak Azkoitiko Gurutze Gorrira bideratuko ditu; behar duen laguntza motari buruz ere galdetuko diote herritarrari. Ondoren, Azkoitiko Gurutze Gorria zerbitzuaren onuradunarekin jarriko da harremanetan, eta adieraziko dio noiz gerturatuko den boluntarioa bere etxera.

Gurutze Gorriko boluntarioa pertsonaren etxera joango da eta erosketa eta medikamentu zerrenda jasoko du, baita horiek ordaintzeko dirua eta osasun txartela ere beharrezkoa balitz. Erosketa egin ondoren, berriz, boluntarioak erosketa pertsonaren etxera eramango du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide