Adinekoei erosketak egiten laguntzeko boluntario sarea sortu du herritar talde batek

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 15a, 17:35

Boluntario sarearen helburua da ezintasuna edo zailtasuna duten herritarrei eguneroko erosketak egiten laguntzea.

COVID-19 gaixotasunak sortutako larrialdi egoeraren ondorioz, etxetik atera ezinda dauden adinekoei edo arrisku taldeetako pertsonei laguntzeko boluntario sarea sortu du gaur, igandea, herritar talde batek.

Boluntario sarearen helburua pertsona horiei egunerokoan erosketak egiten laguntzea da, "pertsona horiek arriskuan ez jartzeko eta beraien gutxieneko beharrak asetzeko". Boluntario sareak dei egin die herritarrei taldean izena emateko; horretarako auzolana.azkoitia@gmail.com helbide elektronikora idatzi beharko da. Jakinarazi dutenez, izena emandako herritarrei informazioa helaraziko diete, "guztia koordinatzeko".

Zerbitzuaren beharra duten pertsonek, berriz, 688 64 20 91 telefono zenbakira deitu beharko dute. Deian azalduko dute sareak nola funtzionatuko duen. "Garai gogorretan ezinbestekoa da herritarron arteko elkartasuna, saretzea eta auzolana", adierazi du, azkenik, boluntario taldeak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide