Zuzenean eskainiko du sanandresetako helduen danborrada UKTk

Erredakzioa 2023ko aza. 23a, 17:00

Etzi, zapatua, Azkoitiko helduen danborrada zuzenean ikusi ahal izango da Maxixatzen.eus-en eta Erlo Telebistan, 23:30etik aurrera. Kaleko nahiz plazako irudiak ikusi ahal izango dira bi hedabideetan.

Azkoitiko sanandresetako helduen danborrada zuzenean eskainiko du etzi, zapatua, Urolako Komunikazio Taldeak (UKT). Herriko kaleetan 22:00etan piztuko da San Andres jaien sugarra; izan ere, aurten danborrada osatuko duten hamabi konpainien danbor eta txapa hotsekin iragarriko dituzte urtea amaitu aurreko herriko jaiak. Ekitaldi hori Maxixatzen.eus-en nahiz Erlo Telebistan ikusi ahal izango da zuzenean, 23:30etik aurrera.

Baztarrikaldetik abiatuko da aurten ere danborrada, eta handik Aingeru kaletik zehar, Kale Nagusira bideratuko dira konpainia guztiak. Plazan aurreneko geldialdia egingo dute, eta bandaren laguntzarekin, aurreneko piezak eskainiko dituzte: San Sebastian, Diana, Idiarena eta Tambores-Tatiago. Plazaberrira abiatuko dira gero, eta Balda plazan egingo dute bigarren geldialdia, han beste hiru pieza jotzeko: Umore Ona, Azkoitia eta Deba. Julio Urkixo kalea zeharkatu, eta plazara itzuliko dira gauerdirako. Han, ohi bezala, zortzi abesti joko dituzte: San Sebastian, Diana, Idiarena, Deba, Umore Ona, Xoxote, Azkoitia eta Tambores-Tatiago.

Guztira, honako hamabi talde hauek parte hartuko dute biharko danborradan: Udaleko taldea, Pilotarien taldea, Ixkitturri elkartea, Euskal presoen eskubideen aldeko taldea, Floreaga Ikastetxeko gurasoen taldea, Floreaga Ikastetxeko ikasle ohien taldea, Xabier Munibe Ikastolako gurasoen taldea, Xabier Munibe Ikastolako ikasle ohien taldea, Txintxarri, Aldapa, Zalduntxuk eta Belaño.

75. urteurreneko berezitasunak

Danborradaren 75. urteurrena ospatuko dute etzi Azkoitian, eta hori horrela, berezitasunak ere izango ditu. Hasiera batean Donostiako kanoia zen Azkoitira etortzekoa, baina "arazo teknikoak" tarteko, Elgoibarko danborradan erabiltzen duten kanoiaren erreplika izango da Azkoitian, azkenean.

Herriko plazan egingo dituzten bi geldiuneetan botako dute kanoikada bana, eta hori artilleroak piztuko du bi aldietan, nahiz eta hasiera batean Ana Azkoitia alkateak eta danborradako bi ordezkarik piztu behar zuten. Donostiako 1813ko Abuztuaren 31 elkarteko kanoia datorren urtean Azkoitira ekartzen ahaleginduko direla adierazi dute danborrada batzordeko kideek.