Balkoiaren atzean

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Gantzarain 2020ko api. 19a, 10:18
Xabier Gantzarain.

Xabier Gantzarainek Berria egunkarian idatzitako iritzi artikulua da honakoa: "Balkoiaren atzean".

Negar egiten dut, ez dakit zergatik, erotu egingo naiz. Hasten naiz irakurtzen eta ezin dut, burua joan egiten zait, irreala da dena, zer egiten dut nik hemen arte garaikideari buruzko liburu bat irakurtzen, Japonian alarma egoera ezarri dute bigarren oldeagatik, hildakoen kopurua goraka doa Euskal Herrian, kanta dezagun Txoria txori Aberri Egunean. Eta erabaki dut: nire lekua, inon egotekotan, balkoiaren atzean dago.

Munduko bazterrak ikusten ditut La2-en, gauetan, alabarekin. Eiffel dorrea nola egin zuten ikusiz hartu zuen lo atzo, ez da harritzekoa, eta orduantxe lasaitzen naiz pixka bat, alabaren loak ematen dit esperantza dosia, amets ederrak egitea desiratzen dut, gaztaro ederra izatea, bazterrak ikustea, mundua ezagutzea. Ahal bada bertatik bertara, jakin dezala mundua zabala eta arrotza dela, baina baita ederra ere. Ezin bada, telebistaz ikusiko dugu, eta galdera egingo dit: joango gara oporretan Erromara? Eta bai, erantzungo diot, joango gara egunen batean. Amari ere gustatzen zaio bazterrak ikustea etxetik irten gabe; egona da Italian eta Frantzian, Giroa eta Tourra ikusiz.

Eta gero pentsatzen dut: zer da hildako bat? Zer da pertsona bat? Zenbat denbora, zenbat jende, zenbat maitasun, zenbat zenbat kabitzen dira pertsona baten baitan? Perec etortzen zait gogora, nola egin zuen berak lo egindako ohe diferente guztien kontaduria. Eta Gizon bat lotan, ia automatikoki, inpresioa egin zidan irakurri nuenean. Eta Saint-Sulpice plaza Parisen, konfinamenduan, eta Georges Perec han, banku batean eserita, ikusezin, gertatzen den gauza ñimiñoena ere oharretan jasotzen. Smoke filmean Harvey Keitelek egunero ordu berean leku berari argazkia egiten zion modu berean, denak berdinak eta denak diferenteak.

Alabak Eiffel dorrearekin lo hartu arren jarraitu egin nuen bazterrak ikusten, eta hurrena New Yorkeko Askatasunaren Estatua fortunatu zitzaidan, Belarraren ahoa, eta Hart irla etorri zitzaidan nahi gabe ere, han ari dira ehorzten hildakoak hobi komunetan. Badago webgune interesgarri bat: The Hart Island Project (hartisland.net). 1980tik 68.955 pertsona ehortzi dituzte hobi komunetan Hart irlan. Zenbat jende da hildako bat? Zenbat jende da 68.955?

Jarraitu irakurtzen Berria.eus atarian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide