Fikzioa

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Gantzarain 2019ko urr. 22a, 12:54
Xabier Gantzarain.

Xabier Gantzarainek Berria egunkarian idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Fikzioa gara, errealak beraz.

Ez du balio konfrontazio binarioak: errealitatea versus fikzioa. Errealitatea ere fikzioa da. Wikipediak esatera, «fikzioa irudimenezko errealitate batean oinarritutako narrazio bat da». Ez al da irudimena, ez al da asmatua zenbaki bakoitza, hitz bakoitza, xaloena ere, arruntena ere? Ez al da irudimena, ez al da asmatua irudi bakoitza, haitzuloko behorra, erregeren erretratua, argazkiak oro, zure telefonoarekin hartzen duzun bideo bakoitza?

Ez al da irudimena, ez al da asmatua justizia, Espainia, zuzenbide-estatua, askatasuna, demokrazia, trantsizioa?

Aste osoa Kataluniara begira, geroz eta garbiago ikusten da fikzioa dela gure borroka zelaia. Ez zen politika, Donostia zen kontua Borja Semper alkategaiarentzat aurreko hauteskundeetan, oraingoan ez dakit zer izango den: «Adiskideok, zuzenbide-estatuak funtzionatu egiten du. Bere burua defendatzen du. Eta inposatu egiten da». Horixe idatzi du sare sozial batean.

Sare sozial berean, Kataluniaren independentzia nahi izateko itxura handirik ez duen beste batek, Jorge Carrion idazleak, hauxe idatzi zuen urriaren 14an: «Ricardo Piglia maisuak esango luke gaurko sententziak hauxe adierazten duela: Estatuak, biolentziaren monopolioa badaukanak, fikzioarena ere eduki nahi duela».

Jorge Carrionek bakarrik ez, Bob Popek ere —fikziozko pertsonaia bat, telebistan agertzen da— fikzioa aipatu zuen: «Ekintza sinbolikoak kartzelarekin zigortuak. Ez da errealitateak fikzioa gainditzen duela: errealitateak fikzioa zigortu egiten du».

Baina ez da hori ere, eta hala ere hortxe dago gakoa; fikzio hegemonikoak bere menpetik ihes egin dezaketen beste fikzio guztiak zigortzen ditu, eta hori egiteko modua, gainera, horixe da: bere burua errealitate izendatzen du, eta beste guztia fikzio. Eta modu horretan fikzioa izateari uzten dio, adibidez, Espainiak, eta ematen du betitik dagoela, eta, okerragoa dena, betirako dela. Baina hori ere ez da fikzioa besterik, irudimena, asmatua, narrazioa.

Berria egunkarian argitaratutako iritzi artikulua. Jarraitu irakurtzen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide