Sekula lausotuko

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Euzkitze 2018ko mar. 19a, 08:20

Xabier Euzkitzeren aste honetako iritzi artikulua.

Gustatzen zaizkit erne egotera behartzen nauten zereginak, lo hartzen uzten ez didatenak. Bertsotan herriz herri ibiltzea ernagarri aparta zen. Aspaldiko urteotan, aldiz, asteroko zutaberako zerbait idatzi beharrak atxikitzen nau atzarrik.

Berripaper hau argitaratzen hasi ziren lehen astetik dihardut. Edozein ertz izan daiteke helduleku, edozein ñabardura solasgai. Idaztea ordubeteko kontua da, batzuetan bikoa, inoiz ordu-laurden aski. Gogoetak aste osoan bueltak ematera behartzen nau. Bakarren batek pentsatuko du, hau irakurtzean, horregatik egoten naizela askotan hain neure baitan bildua. Ezagutzen nautenek badakite ez dela hori, edo ez hori bakarrik. Andereño Maria Jesusek zenbat aldiz esan ote zidan: “Jaitsiko al haiz!”. Ematen zidan sustoarekin berehala jaisten nintzen, baina ez denbora askorako. Segituan alde egiten nuen berriz ere. Neure ilargira, neure baitara. Hainbat gauzatarako sekulako traba izan dut, eta dut. Beste batzuetarako, ezinbesteko nolakotasuna. Halakoxea naiz: galdua, lausoa, arreta urrikoa. Beti pentsatu izan dut maiz izango nituela nire solaskideekin begirune gutxiko jarrerak, nahi gabe izan arren. Ez ezer interesgarririk esaten ez didatelako, ezta gutxiago ere! Gehienetan, hain juxtu, haiek esandako kontu mamitsuren batek gogoetara eraman nauelako izaten da. Barkadazue, halakoxea naiz, eta adin txarra dut aldatzen hasteko.

Jarraitu iritzia irakurtzen Noticias de Gipuzkoan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide