Emaitzen hausnarketan

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Euzkitze 2015ko eka. 1a, 11:19

Xabier Euzkitzeren aste honetako iritzi artikulua.

Hauteskunde aurreko bi aste astun eta luzeen ondoren, askoz interesgarriagoak begitandu zaizkit ondorengo egunak. Batzuk ospatzen, besteak irentsi ezinik. Twitter bidez, Hermann Tersch erabiltzaileak txio trufari hau idatzi zuen: “Los resultados del PP PaísVasco revelan que la liquidación por parte de Semper, Oyarzábal y demás muchachuelos yeyés entra en fase final”.

Oiartzabalek tripekin erantzun zion: “Tú sí que estás en liquidación, merluzo. El PP ha ganado en Vitoria aumentando en votos y es la fuerza más votada en Álava”. Azentu-markak eta komak neuk jarri ditut. Egunen batean ikerketaren bat egin beharko dugu elebakarren hizkuntza mailaz. Harira: EAEn 54.000 boto galdu ditu PPk baina, autokritika zantzurik gabe, Arabako emaitzak soilik aipatu eta lumajea harrotu du buruzagi popularrak.

Bestelako jarrera erakutsi du EH Bilduk. Iragan igandeko “porrotaren” ondoren -porrot dei al dakieke hegoaldean soilik 300.000 boto baino gehiago lortu dituen alderdi baten emaitzei!- autokritika eginez eman zuten aurpegia Arraitzek eta Izagirrek. Halere, haien gogoetan bada hutsunerik, zenbait begiraleren arabera. Jonjo Agirrek hau idatzi du Facebooken. “Egunotan bertako zenbait kidek egin dituzten autokritiketan hutsune handi samarra sumatzen dut. Honakoa: nik uste dut ezker abertzale ofizialak baduela beste arazo potolo bat, errotua bezain zaharra, eta zama handi bilakatu zaiona: ezker abertzale ofizialekoa ez den gizartearekiko eta beste alderdiekiko harremanei dagokiona. Kultura politiko eta jardunmolde jakin batzuk garatu ditu ezker abertzaleak, egun, beldurrik eragiten ez duenean, arbuioa eragiten dutenak.” Bistakoak dira ezker abertzaleak edonorekin adostasunak lortu eta konpromisoak lotzeko dituen zailtasunak. Are gehiago: indarren baturak ez dio boto gehiketarik ekartzen. Aralar alderdia koaliziora bildu izanak, adibidez, ez du bototan islarik izan. Hamarkadetako praxiak jende askorengan eragin ditu zauriak, eta ETAren jarduna gelditu izanak ezin di-tzake horiek berehalakoan sendatu. Akatsa litzateke sendaketa denboraren esku soilik uztea. Herri ikuspegitik dihardugunok ezinbestekoak ditugu ezker abertzalea bere baitan hartuko dituen adostasun eta akordioak, baina bideko oztopoak ez ditu, besterik gabe, denboraren joanak leunduko.

Xabier Euzkitzek igandean, maiatzak 17, Noticias de Gipuzkoan argitaratutako iritzi artikulua da. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide