Urratsa egiteko ordua

150 boluntario baino gehiago arituko dira lanean M7an

Erabiltzailearen aurpegia Urrats Taldea 2017ko mai. 6a, 09:38

Urratsek bideari ekin zionetik, dozenaka lagun aritu dira lanean, batzorde ezberdinetan, herri-galdeketarako bide marrazten eta saretzen.Auzolanean lortu dugu honaino iristea, eta auzolana izango da galdeketa eguneko gakoa: 150 lagun baino gehiago arituko dira lanean maiatzaren 7an.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria ozen entzungo da Azkoitiko bazter guztietan, lanerako borondatea agertu duten herritar horiei guztiei esker. Aldez aurretik, eskerrik asko.

Lanak banatuta ditugu: hauteslekuetan egongo dira hainbat eta hainbat herritar, lan txanda ezberdinetan antolatuta. Erabaki Festa antolatzen eta koordinatzen ere lan talde zabala izango da.

Begirale eta Kontrol Batzordeko ordezkariei harrera lanak egiten hainbat kide arituko dira, eta egunean zehar sortuko diren beste mila eginkizun behar bezala egiten lagunduko duten herritarrak ere, antolatuta daude.   

Eta nola ez, horren guztiaren berri zuei eman eta komunikazio lanak bideratuko dituen batzordea ere, goizetik gauera arituko da lanean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide