484 sinadura bildu ditugu, lehen egunean

Erabiltzailearen aurpegia Urrats Taldea 2016ko aza. 19a, 16:25
Oteiza frontoietan hasi dugu ekitaldia, eta herritar talde zabala bildu gara bertan.

Erabakitzeko eskubidearen inguruko herri-galdeketa antolatzeko beharrezkoak diren sinaduren bilketari ekin diogu gaur, eta 484 sinadura batu ditugu lehen kolpean. Festa giroan eman diogu hasiera, eta erabakiaren aroan aurrera egiteko konpromisoa berretsi dugu, gaurkoan ere.

 

Oteiza frontoietan hasi dugu ekitaldia. Herritar talde zabala bildu gara bertan, 'Nik sinatuko dut' leloa eskuan hartuta. Urrats taldeak gaurko prestatu duen adierazpena irakurri ostean, herriko plazara abiatu gara, sinadurak biltzeko mahaia jartzera. Txosna bat ere jarri dugu, festa borobiltzeko.

Erabakiaren olatua handitzen ari da gurean ere. Galdeketarako bidea marrazten hasi baino ez gara egin. Sinadurak biltzen jarraituko dugu  datozen egunotan eta asteotan. Zurea ere beharrezkoa da!!!

 

 

 

Eneritz Artetxe bertsolariak gaurko egunari jarri dion bertso dotorea, jarraian:

Zer da konpromisoa,

eta zer ardura?

Lekukoa badoa

eskutik eskura

ta azkoitiarrona

guztion esku da

Hizkuntza, ekonomia

edota kultura

aukeratzeko noizbait

izan nahi den hura

Herri honek behar du

Zure sinadura!

 

Gaur irakurri dugun adierazpena:

Duela hamabost egun URRATS taldea aurkeztu genuenean adierazi genuen gure ibilbidea zein izango zen, URRATSEZ URRATS aurrera jotzea herri-galdeketa zabala egitea lortu arte. Gaurkoan bada, beste URRATS bat egitera gatoz. Bidea urratuko duen urratsa. Izan ere, eskualdeko gainerako herriei aurrea hartu, eta GAUR BERTAN hasita,  HILABETE BATZUETAN, herri-galdeketarako ezinbestekoak diren sinadurak biltzen ariko gara herritarren artean. Atzetik, gure urratsei segika etorriko zaizkigu Zestoa, Zumaia, Getaria, Zarautz eta Orio eta jendea elkarrengana biltzen denean mugarik ez dagoela erakutsi behar dugu denon artean.

Esaerak dio izena duen oro badela, eta azkoitiarrok ere bagara. Nor gara erabakitzeko. Eta izan bagarelako badugu izena. Izena eta abizena, eta denak ditugu beharrezko; izena, abizena eta izenpea. Izan Urrategi, Intza, edo  Ibrahim. Izan, Larrañaga, Gonzalez edo Abbas, gerturatu, sinatu eta besteei mezua zabaldu.

Boligrafoz edo lumaz, hatzez nahiz arkatzez. Sinatu eta indarrak batu. Batu eta biderkatu, hautestontziak betetzen ditugun egunera arte.

 

 

Erlazionatuak

Sinadura bilketa, iruditan

Maxixatzen.eus 2016 aza 19 Azkoitia

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide