Gurasoei zuzendutako hitzaldi zikloa antolatu du Udaberri Guraso Elkarteak

Erabiltzailearen aurpegia Udaberri Guraso Elkartea 2018ko mar. 3a, 10:25

Udaberri Guraso Elkarteak hiru hitzaldi antolatu ditu Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako gurasoentzat. Martxoaren 6an, 13an eta 20an —astearteak— izango dira solasaldiak, Elkarguneko Oteiza Aretoan.

 

Baikarako formazio taldeko gizarte-pedagogoaren eskutik izango dira hiru hitzaldiak. Martxoaren 6an eta 13an, 18:00etatik 19:30era, Aniztasunetik, genero berdintasunera gaitzat hartuta, familian ardura eta berdintasuna piztea eta sustatzea izango dituzte helburu.

Martxoaren 20ko hitzaldia 18:00etatik 20:00etara izango da, eta bestelako gai bat landuko dute: Bideojokoak eta jokoak sarean. Gaur egun seme-alabek gehien ezagutzen dituzten bideojokoak ezagutu eta horiek izan ditzaketen arriskuak identifikatuko dituzte, familiatik zein muga jarri behar diren argitu ahal izateko.

Jarraituko den metodologia aktiboa izango da, elkarrekin esperientziak partekatuz gauzatuko da. Hitzaldietan parte hartzeko gonbitea luzatu dute guraso elkartetik, eta jakinarazi dute izena ematea ez dela beharrezkoa izango.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide