'K-Baret' obraren agurra, Victoria Eugenian

Erabiltzailearen aurpegia Bigoterik Gabea Antzerki Taldea 2021ko urr. 7a, 12:24

Bi urteko prestaketen ostean, 2019ko martxoaren 23an ireki zizkion ateak lehendabizikoz K-Baret lanak publikoari, Azkoitiko Baztartxo Antzokian. Orain, 2021eko urriaren 20an esango dio agur Donostiako Victoria Eugenia Antzokian.

Nahiz eta pandemia tarteko ezin izan dituzten nahi bezainbeste emanaldi eskaini, K-baret osatzen duten kideek etapa honi amaiera emateko erabakia hartu dute. Donostiako Udaleko Gazteria Sailak antolatutako XXXII. Gazte Antzerki Topaketa aukeratu du taldeak bere agurrerako. Emanaldi berezia izango da, azkena izateaz gain, taldeak Victoria Eugeniako oholtza zapaltzen duten lehen aldia izango delako.  

Sarrerak Donostia Kulturaren webgunean aurkitu daitezke 3 euroren truke. Erosteko sakatu hemen.  

Ikus-entzuleen harrera ezin hobea izan du obrak, eta orain arteko zazpi emanaldietan sarrera guztiak agortzea lortu dute. Harrera paregabeaz gain, Coca Colak antolatutako Buero Vallejo antzerki sarietan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lan onenaren izendapena jaso zuen eskolaz kanpoko kategorian.

K-baret lanaren azken emanadirako, aldiz, ilusioz gainezka dago taldea; azkena izateaz gain, Victoria Eugenia bezalako antzoki idiliko batean izateak bereziagoa egingo baitu emanaldia. Ez da ahazteko moduko eguna izango; horrenbestez, antzerki taldeak K-baret lanaz gozatzeko gonbidapena luzatu nahi die ikusleei. 

Urriaren 20an, beraz, Azkoitian bertan sortutako eta garatutako antzerki obra honek agur esango die ikusleei, lau urteko ibilbidearen ostean. Rise & Shine eta Shine Again obren ostean, beste heldutasun maila batera iritsi da taldea K-baret lanarekin. Emaitza dedikazio eta lan prozesu luze baten fruitua dela aitortu du taldeak.   

XXXII. Gazte Antzerki Topaketen programa osorik ikusteko sakatu hemen.

Antolatzailea: Donostiako Udaleko Gazteria Saila.

Laguntzaileak: Donostia Kultura eta Kutxa Kultur.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide