Dantza jauziak ostiral arratsaldean

Erabiltzailearen aurpegia Sahatsa DT 2015ko eka. 11a, 00:42

Dantza jauziak edo "mutxikoak" eta beste hainbat dantza herrikoi dantzatzeko aukera izango dugu bihar. Bizkargi musika eskolako dantzako ikasleek antolatutako saioa da, Sahatsa dantza taldearen laguntzarekin, eta lehenengo saioari hasiera emateko, Eliz atarian bilduko gara arratsaldeko 19:30ean. Euria egingo balu, berriz, Kontzejupean elkartuko gara. 

 

Dantza jauziak, erraz ikasi eta egiten diren dantzak dira, beraz, saio hau zeharo irekia da, hau da, jendeak dantzan ikasteko, egiteko eta gozatzeko antolatu dira, eta bide batez, plazan dantzatzeko ohitura berreskuratzeko balioko duen esperantzan gaude.

Jauziak, bereziki Ipar Euskal Herrian egiten diren dantza zirkular kolektiboak dira, hau da, 15 edo 20 bat lagunez osatutako borobilean egiten dira, eta hankak bakarrik mugiarazten dira, hainbat pauso mota lotuz. Pausoek izen propioak izaten dituzte, eta dantzan laguntzeko pausoen izena hitzez adieraztea ohikoa da.

Jatorriz Ipar Euskal Herriko dantzak izan arren, azken urteetan, dantza jauziak gero eta indar gehiago hartzen ari dira gure inguruko herrietan, eta jada hileroko ohitura bihurtu da hainbat tokitan, Azpeitian, Donostian edo Zarautzen esaterako. Herri hauetako jaialdi ezberdinetara joanda izan zuten antolatzaileek dantza jauzien berri, eta azkenean mutxikoak Azkoitira ekartzea proposatu zuten. Ostiraleko saioa aitzaki hartuta, azkoitiarrei ohitura hau erakutsi eta gerturatzea da gure asmoa, dantzarako beharrezko azalpenak eman eta jarraian denok batera egin ahal izateko.

Mutxikoez gain, beste hainbat dantza herrikoi ere egingo ditugu, eta nola ez, edozein erromerietan dantzatzen diren fandango eta arin-arinak, kalejirak, etab. ez dira faltako.

Lerro hauen bidez, herritar guztiak gonbidatu nahi genituzke parte hartzera, haur, gazte eta helduak, neskak eta mutilak, bertan egingo diren dantzen urratsak ikasiz, gure ohitura eta tradizioei bultzada eman, eta ondo pasatuz giro alaian asteburua hastera. Ez dago aurretik dantzan jakin beharrik, ez talde bateko partaide izan beharrik, ez ezer! Gogotsu etortzea nahikoa da. Gainontzekoa, joango gara ikasten!

Animatu eta hurbil zaitezte ostiralean, 19:30tan Eliz atarira, eta bertan ikusiko dugu elkar!

Ondorengo bideoetan ikusi dezakezue Azpeitiko Plazan egindako saio bat, eta San Agustinen egindako beste bat. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide