Palestinarren patu hitsaz

Erabiltzailearen aurpegia Pako Sudupe 2023ko urr. 31a, 00:00
Ikusten ari garen bonbardaketak eta setioa eta giza sufrimendua ikusirik, bihotzak diosku: amai bedi palestinarren genozidioa, aska bitza Hamasek bahituak eta su-etena dekreta bedi behingoz, eta Gazan, eta Zisjordanian ere, gizaki moduan bizitzeko baldintza duinak ezar bitez, bi lur eremu guztiz populatu horiek israeldarrek erabat menderaturiko sagu kaiolak izateari utz diezaioten. Baina hotzean pentsaturik, buruarekin, eta munduko geopolitikari begira jarrita?

1948ko gerrarekin hasita —700.000 palestinar arabiar, iheslari bihurtuak—, eta 1967ko gerrarekin jarraiturik —Israelek AEBen laguntzarekin, arabiar estatu guztiak menderaturik—, eta harrezkeroko errepresalia etengabeen eta estatu-egituren bitartez —armada eta kolonoak nagusi direla!— palestinarrak erailtzen, iheslari bihurtzen, eta lurrak lapurtzen ari dira israeldarrak, israeldar hildako bakoitzeko hamar palestinar erailez.

Duela ia bi mila urte erromatarrak izan ziren juduak iheslari bihurtu zituztenak; berriki naziak izan ziren sei milioi inguru erail zituztenak, eta orain israeldarrak dira palestinarrak zanpatzen eta diasporara behartzen ari direnak, anaia nagusi amerikanoaren babes osoarekin. Eta oraingoa, katearen beste begi bat da.

Ez dago erabat argiturik Hamaseko militanteen erasoa nolatan ez zuten lehenago geldiarazi —ez ote zuten baliatu nahi, eraso ahalik eta handiena jotzeko aitzakia izateko?—, eta, hasteko, balio izan die Mendebaldeko gobernuek behin eta berriz errepika dezaten Israelek eskubidea duela bere burua babesteko —ez dira ausartzen esaten, egiten ari diren basakeria egiteko ez dutela eskubiderik; bakarrik nazioarteko legedi humanitarioa bete behar dutela, baina betearaztea exijitzeko batere asmorik gabe—; eta, ikusten ari gara zer esan nahi duen Israelentzat bere burua defendatzeak: ospitaleak, eskolak, meskitak eta bizitegi-eraikinak bonbardatzea, eta Gaza guztiz setiatzea.

Pentsatzen jarrita hotzean, gure inguruko estatu guztiak dira indarraren bitartez sortuak —Espainia, Frantzia, Erresuma Batua, Alemania...; hori bai, hedabideak toki guztietara iristen ez ziren garaian—, eta Israel ere bortxaz ari da estatua finkatzen eta sendotzen. Eta Mendebaldeko gobernuak Israelgo estatuaren alde, AEBak buru.

Israeldarrentzat Israelgo estatua demokratiko liberala da, eta palestinarrentzat estatu terrorista. Palestinar herriaren aurkako genozidioa guztiz bidegabea da noski, krudela, tragikoa; palestinarrek, baina, zer-nolako etorkizuna daukate beren lurrean? Honaino heldu diren bezala heldurik, ez ote dute iheslari bihurtu arte gaizki bizitzearena baino? Egun Palestinatik kanpo askoz palestinar gehiago daude beren lurrean baino, eta itxura guztien arabera, gero eta gehiago egongo dira.

Bi estatuen irtenbideak guztiz ezinezkoa dirudi. Afera hau inork baino hobeto ezagutzen zuen Edward W. Said palestinar-estatubatuarrak (1935-2003, Palestinako Kontseilu Nazionalekoa izan zen) Osloko akordioak (1993) jotzen zituen kausa palestinarra kausa galdua bihurtu izanaren erantzule. Ironikoki, Israel-AEBen aurka inguruko estatu arabiarrek militarki porrot erabatekoa izatean ernatu zen kausa palestinarraren esperantza; Hego Afrikan eta Hego Ameriketan eta halaber Europan, Irlanda eta Euskal Herrian ere, antzeko askapen mugimenduak sortu zirelako eta haien barruan kokatzen zelako kausa palestinarra ere; baina Osloko akordioak sinatzean honako balorazioa egiten zuen Saidek:

«Aitortu behar dizuet Israelen eta PAEren arteko Osloko akordioak iragarri zirenetik eta 1993ko udazkenean sinatu zirenetik saiatu naizela ulertzen nola den posible herri batek eta bere buruzagiek uko egitea eta Palestinaren kausatik aldentzea, Palestinak gutxienez 1967an Israelen aurrean galdutako lurraldeak berreskuratzea lortu behar baitzuen, okupazio militarra, anexioa eta asentamenduak amaitzea, eta, agian garrantzitsuena, benetako demokrazia eta benetako autodeterminazioko prozesu baten hasiera (baliabideak, mugak, subiranotasuna, aberriratzea eta herriaren batasuna bere lurraldean). Kausa hori askatasunaren eta berdintasunaren aldeko borroka unibertsalaren zati gisa ere agertzen zen». (Erbesteari buruzko gogoetak. 2013. 508-509).

Harrezkeroko hiru hamarkadetan gero eta kausa galduago bihurtu da Palestinarena. Mikel Aiestaran kazetariak egunotan esan bezala, bi estatuen kontua erabat utopikoa da, eta han dagoen estatu bakar burujabea Israel da. Inork pentsa ote lezake Palestina historikoaren lurrak (Eretz Israel, israeldarrentzat) hartuko lituzkeen Israelgo estatu bakarrak israeldar jatorrikoen eta palestinar jatorrikoen eskubideak berdin defendatu eta bermatuko lituzkeela?, eta, inork pentsa dezake, errealista izanik, AEBek eta Europako Batasuneko gobernuek ezer taxuzkorik egingo dutela bi estatuen proposamena hala gerta dadin?

NBEk, tamalez, gaur egun eskuak lotuak ditu afera honetan —Hagako epaitegia Afrikako estatu pobreentzat bakarrik da nonbait!—, batez ere AEBek Israeli ematen dioten erabateko laguntzagatik —demokratek bezala errepublikanoek, eta ikusten ari garenez, Joe Bidenek ez Donald Trumpek baino gutxiago, sentimentaltasun patetikoa gorabehera—; garrantzizkoenak estatu arabiarrak dira, baina haietako agintariak, diru zikina bezain preziatua tarteko, Israel-AEBen nagusitasunera aski egokituak daude, Iran eta Hezbollah eta Hamas salbu.

Senide musulmanen benetako laguntzarik gabe, Mendebaldeko gobernu eta herritarrengandik jaso dezaketen laguntza humanitarioa gorabehera —Europako Batasuneko gobernuek, onenean, AEBek baino humanitarioago jokatuko dute, hipokrisia handiz eta diru zerbait bideratuz, baina, funtsean, amerikanoen ildotik, hots, Eretz Israel edo Palestina historikoaren lur berreskuratuen gaineko Israelgo estatua babesten eta finkatzen—, itxura guztien arabera, ezin bizirik jarraituko dute palestinarrek Gazan eta Zisjordanian. Noiz arte?, guztiak iheslari bihurtu arte?

Osorik irakurri

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide