SPD eta PSOE Espainiako trantsizioan

Erabiltzailearen aurpegia Pako Sudupe 2021ko ira. 17a, 08:51

Pako Sudupek 'Berria' egunkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'SPD eta PSOE Espainiako trantsizioan'.

Ezer baino lehen, artikulu honen xedeaz bi hitz. Euskaldunok garrantzi handia ematen diogu aspalditxoko historiari, eta ez dut esaten ez duenik, baina azken 40-50 urtekoak ez du gutxiago, eta PSE-PSN-PSOE ez al da agintzen ari Euskal Autonomia Erkidegoan, EAJrekin batean, eta Nafarroako Foru Erkidegoan, Geroa Bairekin? PSOEren trantsizioko arrakastaz, argibide batzuk eskaini nahi ditu artikulu honek.

1975eko apirilaren 18an, Bonnen izan ziren PSOEko Felipe Gonzalez, Nicolas Redondo eta Carlos Pardo, eta Alemania Federaleko alderdi sozialdemokratatik (Sozialdemokratische Partei Deutschlands; SPD) zuzendaritzakoak, famatuena Willy Brandt (Antonio Muñoz Sanchez: El amigo alemán. RBA. 2012). Felipe Gonzalezek konbentzitu egin zituen, aleman sozialdemokraten estrategiarekin bat zetorrelako Gonzalezek trantsizioaz zuen ikuspegia, eta hiru eratako laguntza ematea erabaki zuten: ekonomikoa (liberatuen ordainketa, lokalena; laguntza inportantea), pedagogikoa (ikastaroak, koadroak hezteko) eta diplomatikoa (Espainiako Gobernuarengan eta Internazional Sozialistan PSOEren alde eraginez). Eta hein handi baten laguntza horren guztiaren ondorioz, PSOE igaro zen 1975ean testimonial izatetik, bi urteren buruan, 1977-06-15eko bozetan, oposizioko alderdi nagusia izatera —PSOEk botoen %29, eta PCEk %9—.

Alemania Federaleko alderdi sozialdemokratak 1959an baztertu zuen marxismoa, eta 60ko hamarkadan, Ekialdeko estatu komunisten aldera bezala Europa Hegoaldeko diktadurenera —Grezia, Portugal, Espainia—, errotikako oposizioa baztertu eta hurbilketa politika jarri zuen abian; eta Europako mendebaldeko Internazional Sozialistan bera zenez nagusi, haren estrategiek pisu handia zuten gobernu komunistetan, eta halaber, diktaduretan ere.

Okzitaniako Tolosan bizi ziren PSOEko militante zaharrak, Francoren matxinadaren aurkako gerra galdurik, eta haien burua Rodolfo Llopis zen. Hasiera batean harekin izan zituen harremanak SPDk, baina ohartzean haiek Franco eraistea beste xederik ez zutela, distantzia hartu zuten aleman sozialdemokratek, eta Tierno Galvan irakaslearen PSI-PSPra hurbildu ziren. 1972an, Felipe Gonzalezek eta Alfonso Guerrak eta, Llopis eta haren sokakoak baztertu zituztenean, hasiera baten aleman alderdi sozialdemokratak ez zien kasu handirik egin, baina Portugaleko 1974ko apirileko krabelinen iraultzak ezkerrera jo zuenean, Spinola jenerala bazterturik, Portugaleko alderdi komunista nagusi zela, Mario Soares politikariaren Alderdi Sozialistari laguntzen hasi ziren eta Espainian, gorago esan bezala, 1975eko apirileko bilera hartatik aurrera ekin zioten PSOEri laguntza handia emateari.

Berria egunkariak argitaratutako iritzi artikulua. Irakurri osorik

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide