'Independentzia helburu': independentistei egurra emanez!

Erabiltzailearen aurpegia Pako Sudupe 2016ko urt. 2a, 00:00
Liburuaren izenburuak dioen bezala, Euskal Herria independentziaren bidean jartzeko ideiak eman nahi dira, konfrontazio demokratikorako indar metaketan lagundu nahi da; eta bien bitartean zer-da-eta independentziaren alde dago(ke)en gizatalde bat egurtu egiten da, bereziki azkeneko artikuluan.

Katalunian, demagun, autonomi estatutuari emandako egurra, erabakitze eskubidearen ukazioa izan direla gertakaria, independentistak ugaritzeko humusa. Oraindik oraingo inkesta baten arabera, %15 dira katalan sentitzen direlako independentista, eta unionisten artean, %46 espainol sentitzen direlako. Arazoa %15 katalanista horiek dira —ANC eta Omnium Culturalekoak—, bi milioiko langa gainditzeko?

Gurean ere, demagun, %15 garela independentziaren alde euskal sentimenduagatik gaudenok. Gutako nork esango lioke ezetz independentziari, euskaltasuna estrategikotzat jo gabe etor bide daitekeelako?

Mendean gauzkaten bi estatuak gero eta identitarioago bihurtzen ari dira. Espainiar nazionalitatea lortzeko espainieraren azterketak jartzen hasi dira, gehi konstituzioaren ezagutza, gehi...; Frantzian ere bai. Guk ez, guk beste honekin lortuko dugu unibertsaltasuna: prest zaude giza eskubideak, justizia soziala, demokrazia sostengatzeko? Bada, euskal estatu independentearen herritar izango zaitugu, zeinahi identitate kultural eta linguistiko duzula ere!

Gemma Zabaleta politikari sozialista ohiarentzat euskara aurkikuntza ikaragarria izan da, eta erdal kulturaren pisua hain handia da, ezen zapaldu egiten baitu euskal kultura. Euskara Euskal Herrian unibertsal eta ezinbesteko bihurtzeko borroka akordio politikoetatik bazter uztea; euskal irakaskuntzaren, administrazioaren, euskal hedabideen aldeko inbertsioak estrategiko jotzeari uztea, urte luze eta gogorretako borrokari bizkar ematea da eta independentzia nahiaren suspergarri diren emozio ugari gutxiestea. Ane Larrinagak gogora ekarri digu berriki (BERRIA, 2015-12-20) emozioek politikan zer-nolako garrantzia duten.

Politika ikuskizun gisa bizi dugu gaur egun, hedabideetan-eta espainiar kultura da jaun eta jabe, eta gazte euskaldun asko aberriaren aldeko sakrifizioak hotz uzteak independentziarako bidea oztopatzen digu, baina irtenbidea ez da euskalduntasuna baztertzea hainbat arrazoirengatik desiratzen dugun independentziarako.

Osorik irakurri

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide