Azkoitiko parrokiak neurriak hartu ditu koronabirusak eraginda

Erabiltzailearen aurpegia Parrokiko taldea 2020ko mar. 14a, 20:17

Azkoitiko parrokiak hainbat neurri hartuko ditu bihartik aurrera. Besteak beste, mezarik ez da izango Erramu Igandera bitartean, eta hileta ospakizunak nola egin hildakoaren familiarekin hitz egingo dute.

Koronabirusagatik bizitzen ari garen osasun larrialdia dela eta, arduratsuak izatera deituta gaude. Guk ere, parrokia bezala eta Eliza osoarekin batera, neurri batzuk hartzera behartuak gaude, denon onerako. Une honetan ez dugu bakarrik gure buruarengan pentsatu behar, denon osasun egoeran baizik; batez ere ahulenen osasun egoeran.

Egoera hau fedean eta itxaropenean sendo irauteko egoera da, eta beste aldetik, solidaritatez eta elkarri lagunduz; eta zer esanik ez, esaten digutena era arduratsuan eginez. Horregatik hona hemen parrokia bezala hartu ditugun neurriak:

  • Egoera honek irauten duen bitartean, ez dira mezak ospatuko, ez astean ez eta igandean, behintzat Erramu Igandera arte. Orduan ere ikusiko da zein den egoera. 
  • Eliza betiko orduetan irekita egongo da otoitza pertsonala egin nahi dutenentzat. 
  • Hileta ospakizunen bat izango balitz, hileta ospatzeko erari buruz familia bakoitzarekin hitz egingo dugu. Edozein erara, beilatokira eta hilerrira parrokia beti joango da. 
  • Etxeetan dauden gaixoiei ere, familiek eskatuz gero, erantzungo die parrokiak.
  • Bertan behera gelditzen da katekesia, baita era bateko eta besteko ekintzak ere: otoitzaldiak, hitzaldiak eta abar.
  • Caritaseko zerbitzuak jarraituko du, horretarako behar diren neurriak hartuz. 

Garizuman gaude, eta ezin dira kristau jarrerak ahaztu. Otoitz egiteko garaia da, Jainkoagana itzultzeko garaia, bai fedean eta bai itxaropenean. Arduratsuak izan gaitezen, baina ez beldurtiak; elkarri laguntzeko garaia da. Familia edo pertsona batek edozein laguntza behar badu parrokian, dei dezala eta ahal izanez gero lagunduko diogu. Gure buruak babestu nahian ez ditzagun besteak ahaztu, batez ere beharrean aurkitzen direnak edo aurkituko ditugunak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide