Olaia Etxezarreta: 'Aitortu beharra dut banuela aldaketa baten beharra'

Erabiltzailearen aurpegia Laida Beristain 2017ko api. 7a, 09:00

Olaia Etxezarreta, 24 urteko azkoitiarra, New Yorken bizi da duela lau hilabetetik, familia estatubatuar bateko haurrei euskara irakasten. Haurren ama euskalduna da, eta, beraz, umeek txikitatik hitz egin dute euskaraz amarekin.

 

Non bizi zara gaur egun? Zein izan zen horra bizitzera joateko arrazoia?

New York estatuan bizi naiz. Hiriaren izena Mamaroneck da –oraindik ez naiz ondo esateko gai–, eta New York hiritik ordu erdira dago. Azaro hasieran iritsi nintzen; ia lau hilabete daramatzat hemen. Datorren azaroan izango naiz bueltan, urtebetekoa baita esperientzia hau.

Betidanik izan dut New York hiria ezagutzeko ilusioa, baina erabakia hartzeko arrazoi nagusia ingelesa ahalik eta ondoena ikastea izan zen. Egia esan, Estatu Batuetako ingelesa asko gustatzen zait, eta ikasteko gogoa piztu izan dit beti. Eta lan honek horretarako ematen zidan aukera tentagarria iruditu zitzaidan. Izan ere, familiak ikasteko aukera bermatzen dizu, hau da, zuk aukeratutako unibertsitatean ikasteko aukera. Hala ere, aitortu beharra dut ingelesa ikasteko eta New York ezagutzeko gogoaz gain banuela aldaketa baten beharra ere.

Asko kostatu al zitzaizun erabakia hartzea?

Ba, egia esan, ni ezagututa, uste baino buelta gutxiagoko erabakia izan zen. Nik uste behin erabakia hartu eta gero etorri zitzaizkidala beldur guztiak. Izan ere, betidanik beldurti hutsa izan naiz etxetik urruti denbora luzerako joateari dagokienez. Denbora luzeena non emango nuen… Londresen 10 egun edo?

Zer moduzko esperientzia ari da izaten?

Orain arteko esperientzia nahiko positiboa izaten ari da. Egia da, ordea, askotan gauzak ez direla norberak uste bezala joaten. Horrek badu alde txarra, baina baita ez hain txarra ere, ezta? Bueno, hori pentsatzen dut neure burua animatzeko behintzat –herrimina abisatu gabe etortzen zaidanean–. Baina, oro har, leku berriak ezagutzea nik uste beti dela aberasgarria, eta esperientzia honetatik ahalik eta gehiena ikasteko ilusioarekin nago oraindik.

‘Au pair’ moduan lan egiten duzu. Zer egin behar izaten duzu etxean?

Nire lana, labur esanda, familiako bi haurrekin euskaraz aritzea da: eskolatik ateratzen direnean haiekin egon, hamaiketako eta meriendak antolatu, etxeko lanekin lagundu… Gurasoak iristen diren artean umeen ardura hartzea, azken batean.

Egia esan, etxean bat gehiago sentiarazten zaituzten momentutik, zeu ere ahalik eta gehiena ematen saiatzen zara. Hemengo familia edozer behar duzunerako laguntzeko prest agertzen da, bai umeekiko harremanean, bai zuk zure hemengo bizipenari ahalik eta probetxu handiena ateratzeko ideiak edo gomendioak ematean.

Haiei esker dut, egia esan, New York hiria eta inguruak ezagutzeko aukera. Beraz, nahiz eta ez den norbere erara bizitzea bezalakoa, bizipen honek ematen dituen alde onei heldu behar zaie.

Zergatik nahi zuten gurasoek umeek euskara ikastea?

Ama euskalduna da, eta aita estatubatuarra. Horrek euskararen eta euskal kulturaren –janaria, musika, liburuak, filmak…– gaineko interes handia pizten die haurrei. Amarekin txikitatik euskaraz aritu izan dira umeak, eta nik uste horixe sustatzen jarraitzea eta hobetzea nahi dutela, egunero haiekin arituko den beste norbait izanda. Amaren familia euskalduna denez, udaro joaten dira Euskal Herrira ere.

Erraz ikasten al dute euskara?

Nahiko erraz barneratzen dituzte hitz nahiz espresio berriak. Benetan oinarri polita dutela iruditzen zait. Zerbait oso ondo azaldu nahi dutenean, ingelesera jotzen dute eta errazago moldatzen dira, baina euskaraz ia dena ulertzen dute.

Oraindik gogoan dut lehenengo egunean haurrak entzutean aho zabalik geratu nintzela. Testuinguru erabat amerikarrean, sekulako kontrastea egin zidan euskaraz hain ondo egiten zutela ikusteak. Eta euskarari esker sentitu nuen hasieratik umeenganako gertutasun hori.

Estatu Batuetako familien eguneroko bizitza edo ohiturak hemengoen antzekoak al dira?

Etorri nintzenean, guztia erabat desberdina iruditu zitzaidan. Norbaitek lehen egunetan galdetu izan balit, familiak oso desberdinak direla esango nukeen. Baina ez dakit, pixkanaka gero eta desberdintasun gutxiago ditugula iruditzen zait. Agian ni familia erdi euskaldun batean bizitzeak badu eragina.

Hala ere, desberdintasun batzuk aipatzekotan, afaria adibidez ia horko meriendaren orduan izaten da, eta haurrek ez dute ohiturarik kalean jolasteko; etxean egiten dituzte arratsalde- eta gau-pasak –playdate edo sleepover esaten diete–. Distantziaren ikuspegia ere oso desberdina da hemen: Euskal Herrian leku bat urrun dagoela iruditzen zait, baina hemen erabat gertu dagoela ematen du. Adibidez, 45 minutuz eskolaz kanpoko jardueretara joatea ohikoa da, eta askotariko ekintzak dituzu aukeran: denetik egin dezakezu. Pentsatzen jarrita, badaude, bai, desberdintasun batzuk.

Denbora libre asko izaten al duzu?

Goiza, umeak eskolatik atera arteko denbora, neuretzat izaten dut. Orduantxe aprobetxatzen dut klaseetara joan eta inguruko jendearekin egoteko. Asteburuak ere libre izaten ditut, eta, beraz, ahalik eta gehiena aprobetxatzen saiatzen naiz New York hirian txoko desberdinak deskubritzen joateko. Bestalde, inguruko estatuak bisitatzeko aukera polita izaten da asteburu zein jaiegunetan ere: Philadelphia, Boston….

Asteburuan lagunekin ateratzen zara, orduan. Erraza al da hor jende berria ezagutzea?

Hemen inguruan nire adin inguruko jende piloa bizi da familiekin. Beraz, jende berria ezagutzea nahiko erraza da. Frantziako jende asko bizi da inguruan, eta italiarrak, brasildarrak, mexikarrak, hegoafrikarrak, australiarrak eta espainiarrak ere dezente dira.

Gomendatuko zenuke beste herrialderen batera ‘au pair’ moduan lan egitera joatea?

Ez dut betiko esaldi aspergarriarekin bukatu nahi, esanez bizitzan egin beharreko zerbait dela, erabat esperientzia positiboa dela… Izan ere, leku guztietan bezala, hemen ere badaude oztopoak, eta etxetik urrun egoteak oztopo horiek zailtzen ditu batzuetan. Baina, egia esan, Ipar Amerikara etorri eta bertan bizitzea hau ezagutzeko aukera oso ona da: esperientzia berriak dituzu, egoera jakin batzuei bakarrik aurre egin behar diezu… Zalantzarik gabe, benetan asko erakusten dizun esperientzia da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide