Akordatzen?

Bertsolaritzaren hastapenak eta aitzindarien ondarea

Aurrean, erdian, Juan Mari Juaristi bertsolaria, eta atzean bere seme Atano III.a pilotaria. (Utzitakoa)

Kepa Alberdik apirileko Akordatzen? atalerako idatzitako artikulua da honakoa: Bertsolaritzaren hastapenak eta aitzindarien ondarea.

Bertsolaritzak mende askotako bizitza duela uste bada ere, XIX. mendetik aurrera garatu zen Euskal Herrian, nahiz eta lehenagoko aztarnak ere badauden. Gero, XX. mendearen hasieran, sona pixka bat galdu zuen, baina oso bizirik iraun zuen herri eta auzoetako jaietan eta ospakizunetan. Euskaldunak, orokorrean, berezkoa omen du bertsotarako grina eta joera, eta azkoitiarrak ere horren erakusle dira, aipatutako garai hartan gure herriak oso baratze emankorra izan baitzuen bertsolaritzan.

Beraien txispa, ironia eta eztena bistan jarri zituzten Kortazar, Muno zein Otsolarrek

XIX. mendeko bertsolari azkoitiarrei kronologikoki jarraituz, Kortazar baserriko Juan Franzisko Elorza Arrieta aipatzekoa da. 1838an jaio eta Kortazar gaitzizenez ezagutzen zen bertsolari hura Azkoitiko historian ezagutzen den lehen bertsolaria dela esan daiteke. Bertsolari hark bertso asko kantatu zituen sasoi hartan, eta horiek paperera ez pasatu arren, batzuk ahoz aho igaro ostean, argitaratuak izan ziren. Horietako bertso sorta bat Azkoitiko errotariei buruzkoak da. Dirudienez, garai hartako errotariek gutxi irabazten zuten, eta ordura arte baserrietatik garia eta artoa jasotzea eta gero irina entregatzea beren lana bazen ere, handik aurrera, zeregin hori baserritarren gain uztea erabaki zuten. Horren ondorioz, Kortazarrek bertso hau kantatu zien errotariei: Norberak trukatzeko / errotan iriña, / gaurko junta horretan / hala dute hitzegiña; / nekiak besterentzat, / errentak lehen aña, / zueri emateko / txoruak bagiña. Beste baten, oso negu gogorra izan zen eta honela kantatu zuen: Badakizu daukauna / neguan bihotza: / ganbaran arto gutxi, / arbiyak izotza, / lastoak gastatu ta / behiak adar hotsa, / txalak ille luzia / bizkarra zorrotza.

Sebastian Etxaniz.

Kortazar baino urte batzuk geroago jaio ziren Martirieta bailarako Korta baserrian Jose Manuel eta Diego Mari Soraluze Azkarate anaiak, lehena 1840an eta, bigarrena, 1846an. Biak Martirietako baserrietara ezkondu ziren, Jose Manuel Arrieta Muno baserrira eta, Diego Mari, Otsolarre baserrira; hortik datoz Muno eta Otsolarreko Diyo beraien gaitzizenak. Horiek ez zuten bertso- paperik utzi, eta ahoz aho pasatutakoak dira geratu direnak. Bi anaiak bertsolari biziak ziren, eta garaikideen esanetan, baita txispa handikoak ere, ironia, gatza, ziria eta zorroztasuna beti beraiekin zeramatzatelako. Bertso gaiak honakoak izaten ziren, besteak beste: Martirietako bidea, ardiak, astoak, ezteiak eta ehiza. Martirieta aldean baziren bi anaia haiez gain beste bertsolari ezagunak ere, hala nola Koxkola deitzen zioten berauen anaia, Montte baserriko beste bi eta Iturbe baserriko Jose Mendizabal Joxe Iturbeko. Azken hura omen zen oso bertsolari ona. Juan Mari Zubizarreta Larrañaga Etxeberritxo 1855ean jaio zen Izarraitz auzoko Etxeberritxo baserrian. Ahots lodiaz aparte, eztarri ona omen zuen, eta bertso doinu asko jakin arren, zuzeneko bertso gutxi kantatu omen zituen. Bestalde, sinatzen ere ez jakin arren, bertso-paper asko atera zituen. Bere lanbidea etxean abarketak egitea zen, eta horretan ari zen bitartean, bertsoak asmatu eta etxekoei kantatzen omen zizkien, seme-alabek ere ikas zezaten. Jaietan, bazkalondoan, herrian idazten onenetakoa zen San Martin deitzen zioten gizon bat eramaten zuen etxera, batek bertsoak kantatzen zituen bitartean, besteak paperean idazteko, bertso paperak prestatuz. Santa Klara komentuko Miguel Handia eta Miguel Txikia kapilauei erakutsi zizkieten bertsoak eta ondo zeudela ikusita, Azpeitiko inprentara eramaten zituen argitaratzeko, oraindik Azkoitian inprentarik ez zegoelako. Bertso-paper mordoa hartu eta, gehienbat, hemen inguruan ibiltzen zen herriz herri haiek saltzen, baina Urkiolara ere heldu ziren haiek saltzera, Elgoibarrera oinez joan eta Durangora trenean joan ondoren. Etxebarritxok Frantzisko Ignazio Lardizabalen Testamentu zaharreko eta berriko kondaira liburua zuen etxean, eta hango gai erlijiosoak zituen gai nagusi bere bertso-paperetan. Dena den, zortziko txikian idatzitako hamazazpi bertsoz osatutako Azpeitiko urkamendian hil zuten Jose Tejeria izeneko bertso saila izan zen ospe eta diru gehien eman ziotena. Zituen bederatzi seme-alaba aurrera ateratzeko ez zuen nahikoa abarkagintza lanarekin, eta horregatik bertso-paperak saltzen ibili beharra izaten zuen. Pobrea zen, bai, eta bertso honetan ederki eman zuen horren berri: Hogeita lau urtetan / nintzen ezkonduba, / pamelia hazten / geroz egonduba; / ta interesan ere / ez naiz gailenduba, / pobrien artxibuan / nire zimenduba; / ondo mantenduba, / arto lizunduba, / ogi usanduba, / esnia minduba… / horra nolakua dan / nire munduba!. Santa Klarako 54 zenbakia zuen lehendabiziko etxebizitzan hil zen 50 urte zituela.

Jose Mari Lete.

Atanotarrak, bertsotan ere bai

Atano izenak pilotarien belaunaldia dakarkio jendeari burura, baina familia horrek izan zuen bertsolari belaunaldia ere aurretik, Atano pilotari ospetsuen aita eta osaba bertsolari onak baitziren. Kanposantuaren atzealdean dagoen Atano baserrian jaio ziren biak, Juan Mari Juaristi Irureta aita eta Jose Mari Juaristi Irureta osaba. Juan Mari 1866an jaio zen eta, Luisa Mendizabalekin ezkondu eta hamar seme- alaba izan zituzten, gehienak Floreaga jauregian jaioak. Larruxko abarka jostuna zen, eta Atano Luzia deitzen zioten, bi metroko intxaur-aga luze eta meharra eramaten zuelako ia beti berarekin. Bertso ezagunenak Atano III.a bere seme txapeldunari jarritakoak dira, baina baditu bere txispa eta ironia agerian uzten dituen hamaika bertso ere. Hona hemen horietako bat, Mendikoten bizi ziren garaikoa. Lertxundi Txikin zerria hil zutela eta, aitak honela esan omen zion oraindik mutil koxkorra zen Luxiano semeari: Lertxundira joan behar dek eta bertso hau kantatu behar dek: Bertsua kantauko´izut / Manuel Lertxundi / odolkia emaiozu / mutil txiki honi; / hartarako ustian / gaur etorri naiz ni, / aitarentzako ere / beste bat ipini.

Jose Mari, atanotarren osaba, 1858an jaio zen eta Madariaga bailarako Etxaube baserrira joan zen bizitzera, hortik zetorkion Etxaube gaitzizena. Abarketa josketa zuen lanbidea eta, aparteko txispa omen zuen bertsotarako. Hark, beste bertso batzuen artean, Lezora, Arantzazura eta Itziarrera egindako erromesaldiei buruzkoak utzi zituen. Jose Marik bazuen guztiei atentzioa ematen zien berezitasun bat: hitz egiterakoan totela zen bitartean, bertsoak abesterakoan toteltasuna desagertzen zitzaion.

Juan Mari Zubizarreta.

Lorenzo Garate Gabilondo Intxosta bailarako Maltzeta- Etxetxo baserrian jaio zen 1866an eta hark ere ondo zekien bertsoen bitartez adarra jotzen eta eztena erabiltzen. Besteak beste, behiari eta Utxerriko ehiztariari ateratako bertsoak ditu ezagunenetakoak eta bederatzi puntuko oso bertso onak utzi zituen.

Azkoitiko Estrada baserrian 1867an jaiotako Jose Maria Lete Arrizabalaga Estrada bertsolariak ere abarketa josten egiten zuen lan. Danbor jotzailea zen eta dultzaina jotzen zuten Baldako Pako Diego eta Juan Mari Cuende anaiekin inguruko herriko festetan, ezteietan zein Santa Ageda eskean, non atabala jo eta koplak kantatzen zituen. Madariagako abade etxean bizi izan zen, eta ezkondu eta gero hango sakristau eta maisu izan zen. Bizi izan zen garairako ikasketa batzuk bazituen eta oso estimatua zen, beste eginkizun batzuen artean, eskutitzak idazten baitzekien. Hori horrela, kanpoan soldaduska edota neskametza egiten ari ziren herriko neska-mutilei idazten zien, beren sendiek horrela eskatuta. Bere lagunik onena lehen aipaturiko Atano Luzia bertsolaria zuen, eta bertso giroan oso murgilduta egon zen. Karlista porrokatua eta euskaltzale amorratua izatez aparte, XIX. mendeko azkoitiar bertsolari onenetakotzat jotzen da. Beste bertso sorta batzuen artean, ezagunak dira foruei, karlistei, Urrategiko Ama Birjinari eta Burgosen soldaduska egin zuenean idatzitakoak. Honela dio Burgosen idatzitako bertso batek: Mendean daukatena / jotzen dute pozik, / nahi izan arren eziñ / kontestatu hitzik; / billatzen badigute / zikiñaren antzik, / ez digute lagatzen / bizkarreko hotzik. Karlista sutsua izanik, hona 1908an idatzi zuen beste bertso bat: Aspaldian maiz aditu degu / gure etsai askongandik / karlist-arraza osoro hilda / lurpera zala hemendik; / baña nik diot bizi dala ta / ugaritutzen oraindik, / iñoz baño itxura hobeak / agertzen dira gugandik. Honela dio gure hizkuntzari buruz idatzitako beste bertso batek: Horra zer daukan Ama Euskera / miñez erdibiturikan: / zergatik bere ohitura ederrak / dauden lurperaturikan; / halaxen ere ez degu askok / hartzen atsekaberikan, / esan ere eziñ egin lezake / euskaldunak garanikan.

Askotariko aldarrikapenak

Jose Manuel Lizarralde Roteta Urkiolegi bertsolari azkoitiarra 1872an jaio zen Olaso auzoko Iraolatzatorrea baserrian. Ezkondutakoan Izarraitz mendiko Urkiolegi baserrian jarri zen bizitzen. Bere bertsotan gogor salatu zituen, behin eta berriz, gizarteak pairatzen zituen bidegabekeriak, eta Sindicato Libre zeritzon taldeko kide izanik, baserritarrak bere interesak zaintzeko elkartzearen aldeko aldarrikapen asko egin zituen bertso-paperetan. Langileen egoera ere behin baino gehiagotan salatu zuen, garaiko jauntxo eta jabeek ezarritako zapalkuntza tratua gaitzetsiz.

Laja baserrian 1881ean jaiotako Franzisko Garmendia Alberdi bertsolariak ere bertso asko abestu omen zuen, baina ez da ezagutzen hark utzitako bertso-paperik. Patxi Laja gaitzizena bere jaiotetxetik zetorkion, baina berari buruz idatzitako paperetan Laranja gaitzizena agertzen da. Bertsolari hari buruzko pasadizo bat baino gehiago ezagutzen da, eta horietako bat da Txirrita bertsolari handiarekin izandakoa. Dirudienez, Txirrita, Pello Errota eta beste bertsolari batzuk Azkoitian egon ziren egun batean, Intxausti jauregiko atarian. Mutil gazte bat ikusi omen zuten zortzi edo hamar txerrikumerekin plaza aldera zihoala. Hau ikusirik, Txirritak honela abestu omen zion: Ganadu ederrik juntatu bihar du / gaur Azkoitiko periyak, / jakitiarren etorriya naiz / bada hemengo berriyak; / danoi begira hementxe nago / zabaldurikan begiyak, / zenbana duro balio dute / hor damazkizun txerriyak?.

Frantzisko Garmendia.

Txerrikumeekin zihoan mutil gazte hura Patxi Laja zen, eta lotsa handirik gabe, honela erantzun omen zion Txirritari: Adiskidia, segitutikan / al zuazkit nei maizira? / Gaur hori zuri akordatzia / nahiko-nahikua grazi da; / nire txerriak zer baliyo duten / galdezka hemen hasi da: / hamarna duro eingo luteke / zu hainbat astun balira. Txirritak, bertso harekin harrituta, honela galdetu omen zion Atano baserriko alaba bati:

- Nongoa huan mutil hori?
- Hori? Lajakoa.
- Makina bat errosario galdu behar din, ba, bere denboran!

Sebastian Etxaniz Plazaola bertsolaria 1884an jaio zen Santa Kruz auzoko Balentziaga baserrian. Balentxi gaitzizenez egin zen ezaguna, eta hark abestutako bertsorik ezagutzen ez bada ere, badira berak utzitako bertso-paper mordoxka. Abertzale porrokatua izanik, nahigabe asko izan zituen 36ko gerra garaian eta ondoren. Bertso mota asko utzi zituen idatzirik, esate baterako, langileen kezkak eta buruhausteak azaltzen zituztenak, Atano III.a eta Azkoitiko Agarrengo korrikalariari buruzkoak eta bere bizimoduari jarriak. Bertsolari hari buruzko pasadizoak ere ezagutzen dira, eta horietako batek dio Basarri bertsolariari desafioa bota ziola hura bertsolarien txapeldun izendatu zutenean, hark azkoitiarraren kontra oraindik ez zuela jokatu eta.

Beraien txispa, ironia eta eztena bistan jarri zituzten Kortazar, Muno, Otsolarre eta Balentxik; garai hartan hain ohikoa zen kristau sinesmen gaiaz aritu ziren Etxeberritxo eta Jose Mari Atano; gizartea eta, gehien bat, baserritarren eta langileen arazoak hartu zituen gai moduan Urkiolegi bertsolariak; Euskal Herriari eta euskarari, jainkoa eta erregeari, foruak galtzeari, gudari bizitzari eta aberriari abestu zien, berriz, Jose Mari Estradak. Denak izan ziren bertsolari apartak, eta, are gehiago bizi izan zuten garaia kontuan hartzen bada. Bertsolari haiek Azkoitiak eman dituen hurrengo bertsolari belaunaldiak ernatzeko abiapuntua izan ziren.

Gaur egun ere neska eta mutil gazte azkoitiarrek bertsolaritzarekin gozatzen jarraitzen dute, Azkoitiko bertsolaritzaren aitzindari handi haiek utzitako ondarea mantentzen eta aberasten duten bitartean.