Parrokiako dorrea erori zenekoa

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2024ko urt. 24a, 12:44
Parrokiako kanpandorrea suntsituta, 1943ko martxoaren 16an tximista batek jo ondoren. (Arroitajauregi argazki fondoa)

1943an parrokiako kanpandorrea erori zen Azkoitian. Gertaera hura, haren aurrekariak eta kanpandorrea berraikitzeko ondorengo lanak jaso ditu artikulu honetan Kepa Alberdik.

2017an Zestoako parrokiako kanpandorrea tximista batek jo eta horren ondorioz kupula erori zenekoa gogoratuko du jendeak. Orduan, behin eta berriz esan zen miraria zela gaueko bederatzietan dorretik eroritako harritzar haiek inor harrapatu ez izana. Antzeko zerbait gertatu zen 1943ko martxoaren 16an Azkoitiko parrokian, haren dorrea tximista batek jo eta erabat suntsituta utzi zuenean.

Azkoitiko parrokiaren historian pixka bat murgilduz, Ama Birjinaren Jasokundearen eliza XVI. mendean hasi ziren eraikitzen, hurrengo mendean amaitu zuten, eta XVIII. mendean hartu zuen tenpluak gaur egun duen itxura monumentala. Hemengo parrokiako dorrearen lehen aipamenetako bat 1537. urtekoa da. Dorreak zurez eta teilaz estalitako kanpandorre xumea zuen garai hartan eta, nola ez, hainbat eragozpen eta obra jasan izan zituen 1719. urte aldera arte. Kanpandorrea oso egoera kaxkarrean zegoen garai hartan eta goialdea moztu zioten, kanpaiekin batera erortzeko arrisku handia baitzuen. Elizako arduradunek denbora zeramaten dorre berri eta duin bat eraikitzeko asmoarekin. Hainbat kokaleku aztertu zituzten eta, azkenean, gaur egungo kokalekuaren alde egin zuten. Aipagarria da Badiolako Esteban kanpai-jolearen etorrera, 1724an; dorrean bertan bizi izan zen Badiola, kanpaien eta urte hartan bertan San Martingo dorretik ekarritako erlojuaren arduradun gisa. Kanpandorre berria altxatu zutenean, eraikin berriarentzat ezer onik iragartzen ez zuen zerbait gertatu zen, bere lehen iraulketan kanpaietako bat Iparkalera erori eta txikitu egin baitzen. Ez zen dena hor amaitu: urte gutxira, 1735ko urtarrilean, tximista batek kalte larriak eragin zituen dorrean; eta mende horretan bertan, 1769an eta 1781ean, beste bi tximistek triskantza handiak egin zituzten dorre berean.

Kanpandorrea berraikitzeko lanen hasiera. (Arroitajauregi argazki fondoa)

XVIII. mendekoak dira gertakari horiek guztiak eta, hurrengo mendean dorreak tximisten erasorik izan ez bazuen ere, 1943ko martxoaren 16an parrokiako dorrea erori egin zen beste tximista baten eraginez. Gaztelumendi apaiza bertan omen zen, nesken gogo-jardun edo ejerzizioak zirela-eta sermoia ematen, tximista batek elizako kanpandorrea jo eta bota zuenean. Sermoian, aingeruak Jainkoaren kontra jaiki zirenekoa kontatzen ari omen zen apaiza, eta aingeruek "non serviam", hau da, "ez dut zerbitzatuko" esan zutela adieraztearekin batera, izugarrizko trumoi eta harri zaratak entzun omen ziren. Parrokian argiak alde egin zuen, eta han zeuden nesken ahoetatik "ni monja, ni monja" entzuten omen zen, parrokiako pareten babesa bilatzen zuten bitartean. Neska haiek boto asko egin omen zituzten moja sartzeko, baina dirudienez, gero haietako gutxi izan ziren abituak jantzitakoak. Eliza barruan ziren gehienak ibili omen ziren, era berean, zalapartaka eta elkarri bultzaka, "Jesus! Jesus!" deiadarka; eta askok aitortza ere egin omen zuten, hilko ote ziren beldurtuta.

Ez zen nolanahikoa izan kanpandorrearen erorketa hark ekarri zuen arriskua, teilatua zulatu zuen harrizko bloke bat fededunez beteta zegoen elizaren ganga zeharkatzera heldu ez bazen ere; organoaren gainera erori zen pusketaren bat, hala ere. Elizaren kanpoaldean eragindako kalteak handiagoak izan ziren, kanpaiekin batera eroritako zenbait harrik Kiruri baserriko eta Forkada etxeko teilatuetan kalteak egin baitzituzten. Gertaerarik larriena Kiruri etxekoek jasandakoa izan zen, non harri handi batek etxeko teilatua zeharkatu eta goiko solairuko zorua hondoratu baitzuen, han zegoen neskatila arrastaka eramanez bere familia zegoen beheko solairuraino. Gertaera horretan ez zen ezbehar pertsonalik izan eta, une hartako erlijio sinesmen itsua zela medio, herriko jendeak uste osoa zuen santu gisan bizi eta hil zen Ama Josefa azkoitiarrak babestu zituela azkoitiar guztiak elizako dorrearen erorikoaren kalteak jasatetik.

Kiruri etxeko eta Forkada baserriko teilatuak txikituta, kanpandorrea erortzerakoan jauzitako harriek zulatuta. (Arroitajauregi argazki fondoa)

Dorrearen erorketak eragin handia izan zuen herrian eta hura azkar berreraikitzearen ideia azkoitiar guztien buruan zegoen, baina horretarako proiektu bat egin behar zen eta, batez ere, berregite lan hori gauzatzeko aurreikusten ziren 600.000 pezetak lortu behar ziren. Nahiz eta gerra ondorena izan eta hemengo familia gehienak gabezi izugarrien menpe egon, herritar batzuk berehala interesatu ziren diru ekarpena egiteko. Horren adibide, Epelde y Larrañaga enpresak emandako laguntza, garaiko hiru kuartoko txanpon beltzez betetako zaku bat eman baitzuen kanpandorre berria egiteko. Dena den, zailtasun handiak egon ziren diru hori lortzeko eta, horregatik, Azkoitiko familia guztiei gutun bat bidaltzea erabaki zuten, proiektu hura gauzatzeko diru ekarpen bat eskatuz. Honela zioen gutun hark:

"Azkoitiarrok!

Ondo ezagutzen duzue. Zure eliza da! Zure etxea! Zure gurasoen etxea! Leihatila urratuak, arku ausartak, gela zabalak gure aitzindariek eraiki zituzten izugarrizko esfortzuarekin, erlijiotasunaren eta fede beroaren bultzadaren lekuko. Erlijio kutxa horretan zure oroitzapenik garbienak eta sakonenak daude gordeta. Baina, begira ezazu! Elbarri dago! Lautan bananduta dago dorre omendua eta ia urtebete darama horrela. Orduan, Jaungoikoak erortzea baimendu zuen gure fedea eta lehen jauregia eraiki zion Azkoitiko herriaren beraren kemena frogatzeko. Handia da tenplua, zure gurasoen erlijiotasunaren oroimena eta sinboloa, hain zuzen. Dorre horren hondarrak, gure hondakinen sinboloa izango al dira bada? Esfortzu zintzoa egiteko gai ez al gara izango? Gure seme-alabek dorre berria gorantz begira dagoela ikustean, harrotasun santuz beteta, zera oihuka dezatela: guztiek elkarlanean, bakoitzak bere indarraren arabera, bere lan ondraduarekin eta bere izerdiarekin, gure gurasoek oratu zuten dorrea! Azkoitiarra! Zuretzat derrigorrez egin beharrekoa den zeregin honetan ezin duzu zure laguntza ukatu... Guztion etxea da eta guztiok lagundu behar dugu lehen baino ederrago eraikitzen! Dorre berria gainontzeko elizekin alderatzean gure gurasoen bide ederra ez dugula jarraitu eta haiek izan zirena izateari utzi diogula inork ez diezagula leporatu!

Berreraikitzeko batzordea".

Kanpandorre berria eraikitzeko lanen beste irudi bat. (Arroitajauregi argazki fondoa)

Gaur egungo kanpandorrea, lehenengo erlaitzetik gora Raimundo Alberdi Abaunz eta Joaquin Irizar Barnoia azkoitiarren diseinuan oinarritu zen, eta Jose Manuel Alberdi Aizterri izan zen berreraikitze lanen arduraduna. 1945eko otsailean hasi ziren dorrea berreraikitzen eta urte bereko abenduan hasiak ziren kupula muntatzen, kanpandorrea berregin ondoren. Azkenean, dorre berriaren eraikuntza 1947ko otsailean amaitu zuten. Dorre berriak aurrekoak baino solairu bat gehiago zuen eta, hartu zituen 67 metro haiekin, Gipuzkoako bigarren eliza altuena izatera heldu zen garai hartan Azkoitikoa, Donostiako Artzain Onarenaren atzetik.

Dorre berria 1947ko martxoan inauguratu zuten, suntsipen ikaragarriaren laugarren urteurrenean, hain justu ere. Prozesioa egin zuten plazatik Kiruri etxearen aurrean zegoen dorreraino, Jose Egino Santanderreko gotzain azkoitiarra buruan zela. Halako kasuetarako otoitz erritualak egin eta dorre berria isipuarekin bedeinkatu ondoren, kanpandorrearen argiztapen berria piztu eta dorreko kanpai handiena iraulketan hasi zen. Ondoren, kanpandorreko gainerako kanpaiak hasi ziren dangadaka eta, segidan, herriko kanpai guztiak batu ziren kontzertura. Gertaera horri lotutako pasadizo gisa, bertako On Benigno apaizak ironia handiz eta aldi berean jendeari barre eginez esaten zuena kontatzera noa: "Santanderretik datorren gotzainak brist-brast batean bedeinkatuko du dorrea, behetik bedeinkatuko du".

Geroztik, urte askoan ez zitzaion inolako azterketarik egin dorreari bere egoera zein zen jakiteko, eta 2006an dorrearen zatitxo batzuk erori ziren lurrera. Dirudienez, dorreari 70 urte lehenago egin zioten berreraikuntza garaian,hasi berriak ziren porlana erabiltzen, orduko porlanak ez zituen gaur egungoaren ezaugarri berak, eta porlana erabiltzeko teknikak ere ez zeuden oraindik oso garatuak. Harri haien erorketaren arrazoia hortik etorri omen zen, kupularen egitura porlanezkoa izatean eta harrizko blokeak hari itsatsita egotean, denborarekin soltatu egin zirelako horiek, hain zuzen ere. Horren aurrean, herritarrez osatutako talde bat elkartu eta dorrearen egoera aztertu ondoren, beharrezko konponketak bideratzeko lanari ekin zioten. Horrekin batera, 70 urte lehenago beste batzorde hark egin zuen moduan, talde horrek diru bilketa bat antolatu zuen, herritarrek beren ekarpena egiteko. Azkenean, kanpandorreak zuen akatsa zuzentzeaz aparte, argiteria, eta kanpai sistema egokitu zituzten; eta, nola ez, tximistorratza ere bai, hori ezinbesteko elementua baita hemen hain ohikoak diren tximisten hondamen berriak saihesteko.

Kanpandorrea eta kupula berriak, aldamioz inguratuta. (Arroitajauregi argazki fondoa)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide