Azkoitiko estanpak XX. mendean: Enparantza Nagusia

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2023ko ira. 7a, 10:44
Azkoitiko plaza, garai bateko egurrezko kioskoarekin.

Duela hamarkada batzuetako Azkoitiko leku, paraje eta haietan izandako bizipenak, istorioak eta historia berreskuratuz, Azkoitiko estanpak XX. mendean saila abiatu du Kepa Alberdi Egañak herriko plazari eskainitako artikulu honekin.

Une batzuetan, gure begietako erretinek nostalgiaz gogorarazten dizkigute duela hamarkada batzuetako Azkoitiko leku, paraje eta haietan izandako bizipenen irudiak. Horregatik, askotan, atzerantz amets eginez, oroitzapen atsegin horiek gordetzen jarraitu nahi dugu, sentipen ederrez betetzen gaituen une bakoitza berriro gogorazteko. Idatzi batzuen bidez, antzinako Azkoitiko leku eta pertsonaien zirriborro bat egin nahi nuke, ondoren, irakurle bakoitzaren memoriak bere ibilbide sentimentala egin dezan.

Hasteko, Azkoitiko Enparantza Nagusiaz aparte, udaletxea eta bueltan dituen beste eraikinek gogora ekartzen dizkiguten oroitzapen eta estanpa zaharrez arituko naiz, joan den mendean leku hau izan baitzen azkoitiar askoren bizitzen erdigune eta erreferentea.

Leku horri, garai batean, Portaleburu deitzen zioten herritarrek, bertan egon baitzen herriko portale edo sarreretako bat. Plaza nagusia inguratzen duten eraikinen artean esanguratsuena udaletxea da, eta gaur egun bere funtzio nagusia udalerriko gobernu-organoaren egoitza eta administrazio-gune izatea bada ere, joan den mendean beste zeregin batzuk izan zituen. Horrela, udaletxeko hirugarren solairuan, lehen zinema eta eskola egon ziren lekuan, bandak entseatzen zuen, eta beste atean, Agustin Amalia bizi zen, barre gutxiko merixu hura. Herritarrentzat ipini zen lehen telefono zerbitzua ere udaletxean kokatu zen eta han eskatzen zen herritik kanpoko beste erabiltzaileekin hitz egiteko ordua. Herriko kartzela ere eraikin berean zegoen, eta Zirilok, Beixamak edo Epik ez zuten gutxitan lo egin bertan, mozkorraldiak edo lapurreta txikiak tarteko. Garai hartan, Txato merixue, Inspektorie edo Bernardino Kapittana ziren presoen zaintzaz arduratzen zirenak. Eraikinaren paretara zink eta latorrizko ateak atxikiak zituen udaletxe azpiko komun kirasduna ere enparantzako paisaiaren parte zen, bere arbel beltz zaharreko pixatokiarekin. Ezin dugu aipatu gabe utzi Kontzejupe, herriko ikur eta txokorik maitatuenetakoa izateaz gain, Azkoitiak eman dituen pilotari handienen eskola eta frontoi nagusia izan dena. Urteak joan eta urteak etorri, apustuak, pilotari bikainen ikuskizunak, oinak eta besoak lotutako pilota partida arraroak eta beste hainbeste jardunen erakargarritasunak zirela eta, halakoxea zen giroa, arratsalde gehienetan ikusleak azokako sarreraino iristen baitziren.

Enparantzan Goikolosa frontoia ere badugu herritarren gozamenerako, nahiz eta horrek ez duen izan Kontzejupeak izan duen erakargarritasuna bertakoentzat. Goikolosa, lehen ere, pilotarako bigarren frontoi aukera zen. Goikolosan denetarik izan da; hala nola, hor ezagutu izan dira herriko jaietako barrakak, dantzak, antzerkiak, belaun asko odoletan utzi dituzten futbol partidak eta abar. Balantza munizipalaren burdinazko plaka hartatik frontiseraino pilota jaurtitzeko apustuak ere ezagutu ziren. Baskula hura plazako Zirkulu etxeko lehen arkuaren ondoan zegoen, Goiko Kale hasten den lekuan.

Francoren aldeko soldaduak Enparantza Nagusian eta Goiko Losan, 1936ko gerratean.

Asko izan dira udaletik igaro diren alderdi politikoak, eta une askotan, gogoratzea komeni den gertakariak eragin dituzte alderdi horien pentsamolde desberdinek. Udaletxeko balkoian mota eta kolore guztietako banderak altxatu izan dira, beste batzuen artean, Azkoitiko Udalaren gorria, errepublikarra, nazionala, karlista, falangista, frankista, Urrategiko Andre Mariaren koroatzearen zuria, eta hainbeste aldiz jarritako eta kendutako ikurrina. Azken horri dagokionez, 1936an herrira sartu zirenean, faxistek batzokian zen ikurrina hartu eta plazan erre zuten. Ikurrin hark bi alde zituen, bi ikurrin bat eginda, eta alde batekoa izan zen plazan erre zutena. Bestaldekoa pote batean sartu eta Bazterretxe baserrian lurperatu edo gorde omen zuten, baina baserri hori egon zen tokian Eroskiren saltokia eraiki zutenean jende bat bila ibili arren, ez zuten haren arrastorik aurkitu. Gauzak nola diren, lau hamarkada geroago, Franco hil eta gero, Juan Inazio Uria alkate zela jarri zen lehenengo aldiz ikurrina udaletxean. Ikurrin hura, handia eta pisutsua izanik, haizeak ez omen zuen batere mugitzen. Ekitaldi hartan, Txanbolinek Gernikako arbola jo zuen bandarekin. Aipatzekoa da EAJ alderdiak zuen batzokia eta karlistek zuten Círculo Carlista edo zirkulue ere plazan kokatzen zirela: batzokia orain Ikurrin Plaza dagoen lekuan zen eraikinean zegoen, eta zirkulue izenez ezagutzen zen karlisten zentroa, berriz, orain Dean taberna dagoen lekuan.

Plazan bada beste eraikin garrantzitsu bat ere, Leturiondo jauregia edo herritarrek Zelaianekoa bezala ezagutzen dutena. Eraikin hori izan zen, hain justu ere, 1936an herrian faxistak sartu ondoren Karlista Guda Batzarraren egoitza nagusia. Jauregi horren aurrealdean egoten ziren, plazako kioskoa eraiki aurretik, Usula, Joxe Patatero, Txoperra, Anton Haundi eta abarren CAV-eko autobusak, herritarrak Donostiara, Elgoibarrera edo Bilborantz eramateko.

Gaur egungo gazteek ez dute enparantza erdian zegoen kiosko karratu hura ezagutu, 1984an bota baitzuten. Bere garaian zeresan handia eman zuen kiosko hark, plaza eraberritzea pentsatu zenean eztabaida asko sortu baitzen haren inguruan. Izan ere, Pedro Alberdik (Periko Exkerra), bere herria hainbeste maite izan zuen eta azkoitiarrok hainbeste zor diogun alkateak, kioskorik aurreikusten ez zen proiektu bat proposatu zuen; baina orduan, diktadura garaian, goitik zegoen autoritateak esaten zuen azken hitza, eta azkenean, kiosko bat erdian zuela eraiki zen enparantza berria. Aurrez aipaturiko alkate bera izan zen herrian dantza lotua edo baltseue baimendu zuena ere, eta gertaera horrek, Azkoitia osoa aztoratzeaz gain, beste ondorio batzuk izan zituen, honakoak tarteko: parrokian sermoi amorratuak entzun ziren, herriko kongregazioetan eztabaidak areagotu eta haietatik dantza mota hori dantzatzen zuten herritarrak kanporatu zituzten, beste batzuk Elizatik bota zituzten, errazionamendu kartila kendutakoak era baziren, eta alkatearekin ere aparteko neurria hartu zen, berarentzat parrokian espresuki zegoen jarlekua erretiratu egin baitzioten. Garbi dago, orduko Eliza ultra-kontserbadoreak ezin zuela inolaz ere onartu herrian dantza lotua dantzatzea, bere postulatuarentzat iraingarria eta mespretxagarria ikusten baitzuen. Nola onar zezakeen, bada, udaletxeko fatxadatik Jesusen Bihotzak bedeinkatzen zuen Enparantza Nagusian horrelakorik? Azken hori ere erretiratu zuten, eta baita Kontzejupean, udaletxeko sarrera gainean, zegoen Ama Birjinaren irudia ere. Orain marka txuri bat ikusten da puntu hartan. Zer esango ote zuten garaiko On Benignok, On Jose Azkoitiak edo On Joakinek?

Azkoitiko plaza, garai bateko kiosko karratuarekin.

Oraindik ere entzuten dira Azkoitiko plazan Xardo Aranguren, Txurruka, Kandidito, Txanbolin, Txalkor eta abarren musika banda hartako dantzagarriak, eta nola ez, Beti Alai taldearenak, hainbeste berbena eta Andre Mari jaietako animatzaileena. Izan ere, jai eta festei begira jarrita, Azkoitiko plazak beste oroitzapen asko ekartzen dizkie herriko zaharrenei. Horrela, gogoratuko dira nola, gerra aurretik, Altzibarko kanpoan eta Intxaustiko zelaian ez ezik, zezen korridak egiten ziren herriko plaza nagusian, eraman-ekarriko zezen plaza bertan muntatuta. Kioskoa eraiki aurretik, idi-probak ere plazan egiten ziren, hango zoru lau eta berdinean horretarako bide egoki bat egina baitzegoen. Herriko kaleetan zehar aritu ondoren, plazan azken aliroia kantatzera ere ohitu ginen, musika bandaren doinuez lagunduta, txapelketa desberdinetan gure pilotariek izandako garaipenak ospatzen genituen bitartean.

Herriko jaietan ere, betidanik, plazan ospatu dira ikuskizun edo jarduerarik esanguratsuenak. Dena den, esan behar da badirela plazan ospatzen ziren jarduera haietatik galdu direnak ere. Esate baterako, sanjoanetan plazan makal zuhaitzaren enborra ipintzeko ohitura omen zegoen. Haren goiko aldean diru pixka bat edo gozokiak ipini, eta enborrari azala kendu ondoren, hura gantz edo koipez igurzten omen zen. Hortik aurrera, enborraren puntan jarritakoa eskuratzen saiatzen ziren parte hartzaileen trebetasuna ikuskizun bihurtzen zen plazan zeuden ikusleentzat. Plazako festa ohitura batzuk galdu badira ere, badira hamarkada askotan zehar iraun duten beste jarduera batzuk. Ohitura horien artean, San Roke egunean egiten den aurreskua aipa daiteke. Egun hori ezkonduen eguna izan ohi zen, eta sokan, gizon eta emakume ezkonduak bakarrik irten zitezkeen, haien artean bananduek parte hartzea debekatua zutelarik. Badira denboran eraberritzen joan diren jarduerak ere, esate baterako, gazte edo kuadrilla eguneko bazkaria, hori Berdura Plazan egiten baitzen hasieran, bakoitzak etxetik jatekoa eramanda. Udaletxeko balkoitik txupinazoa botatzeko ohitura bera ere ez da hain zaharra, 1980ko hamarkadaren bukaera aldera bota baitzen lehenengo aldiz, Ramon Unanue alkate zela. Orduan, alkateak berak botatzen zuen suziria.

Berdura Plaza eta garai bateko eskola hartzen zituen eraikina.

Herrian salerosketarako denda batzuk baziren arren, produktuen salerosketa mugimendu handiena Berdura Plazan izaten zen. Bertan, herritarrek hara joandako baserritarrei erosten zizkieten barazkiak, frutak, esnea eta abar, horietako produktu bakoitzarekin merke-zurreko tratua egin eta gero, ohikoa zen bezala. Lehenengo Berdura Plaza orain Dean puba dagoen eraikinean zegoen, baina 1903an merkatugune eta eskola berriak hartzeko egin zen eraikinera aldatu zuten, hau da, gaur egun ezagutzen dugun Berdura Plazara; eraikina ibairaino ailegatzen zen. Denborarekin txikia geratu zen, eta 1922an, ibai gaineko zatia erantsi zioten. Enparantza Nagusian bestelako salmenta-dendarik ere izaten zen; bertan zegoen San Juanenea pentsu denda, esate baterako. Ortiz izozki saltzeaileak ere estanpa berezia ematen zion plazari, bere erruleta-jokoarekin izozkiak eta barkilloak saltzen zituenean, nahiz eta herritar bat baino gehiago haserretzen zen, erruleta-jokoak ezer gabe utzi ondoren. Saltzaile ibiltariak ere ezagutu ziren, eta bitxia zen ikustea nola iragartzen zen Txanbolinen danbor pregoiarekin plazara tarteka etortzen zen fruta kamioiaren iritsiera.

Herriko janari salmentaren erdigunea Berdura Plazan kokatzen bazen, plaza bereko tabernak azkoitiar askoren egarria asetzeaz eta urdailak alaitzeaz arduratzen ziren. Horien artean, honako tabernak ekar ditzakegu gogora: Uzterri, bere marmolezko mahaiekin, domino jokalariekin edo kafe onarekin; San Juan, Patxik ondo neurtutako txikitoekin, tripaki-zopa, galeper eder eta txutxo gozoekin; Zirkulua, arkupean zituen mahaiekin eta Texaren kroketa gustagarriekin. Ezin dira alde batera utzi plazarekin izkina egiten zuten bi tabernak ere. Alde batetik, Orion taberna, non Martzelino Atanoren emazteak, Guillermak, bere bakailao ederrarekin urdail asko gozatzen zituen; eta bestetik, Deportivo taberna, non Jexux Konpitterok bere kirol ibilbidearen bitxikeriak kontatzen zituen, ardo ona eta tapa txikiak zerbitzatzen zituen bitartean.

Azkoitiarren eguneroko bizitzaren erdigune izan den plazari buruzko istorio, pasadizo eta estanpa gehiago aipa ditzakegu, baita horietako asko gaurko plazari lotu ere, baina ez litzateke berdina izango, gaur eguneko plazan pixatokia, kioskoa, udaletxearen fatxadako Jesusen Bihotzaren harrizko irudia, plaza izkinako balantza eta kartzela falta baitira, besteak beste.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide