Atzera begira

Medikuak, zirujauak eta botikariak

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2023ko ots. 10a, 08:45

Kepa Alberdik Azkoitiko medikuak, zirujauak nahiz botikariak eta mundu horretako kontuak izan ditu hizpide azken ekarpenean.

Duela mende batzuk medikuntzak ez zuen zer ikusirik gaur egun ezagutzen dugunarekin alderatuz gero. Alde batetik, oso pertsona gutxi zegoen mediku lanetan jarduteko prestatuta, eta, bestetik, gaur egun gaixotasunak diagnostikatzeko eta sendatzeko erabiltzen den teknologia askoz ere aurreratuagoa dela argi dago. Garai hartan, ez zegoen orain ezagutzen diren adina espezialitate medikuntzaren barruan, baina, adibidez, Erdi Aroan baziren medikuntza orokorrari lotutako beste ogibide batzuk, hala nola, zirujauak, odol ateratzaileak, zauri sendagileak, hezur konpontzaileak eta barberuak. 

Antzina, ohikoa zen herriko sendagilea udaleko agintariek beraiek aukeratzea, eta bere lanaren ordainketaz ere haiek arduratzen ziren. Sendagileak derrigortuta zeuden kalean zein baserrietan bizi ziren herritarrei laguntza ematera. Ordainketa ez zen bi kasu hauetan berbera izaten. 1575ean,  herri barrukoak bisitatzeagatik bi erreal kobratzen zituzten, eta herri barrua mugatzen zuten gurutzetatik harago artatzen bazen, hiru erreal kobratzen zizkieten. Garai haietan, emaginak ere udalak aukeratzen zituen, eta hura erditze batera garaiz heltzen ez bazen, etxeko, auzoko edo ondoko baserriko beste emakumeak arduratzen ziren erditzean laguntzeaz. Garai hartan, haur jaioberriak ez ezik, emakume ugari ere hiltzen zen erditzeko momentuan. Gai honi lotuz, duela hamarkada gutxira arte ezin ziren zenbait gai aipatu, hala nola, emakumea ernaltzeko modua, erditze-prozesua, hilekoaren kontuak eta antzeko gaiak, bekatuaren hurrengoa bailitzan zeudenez ikusita.

Aspaldikoak dira hainbat medikurekin herrian izandako arazoak. 1575ean, esaterako, Errazti sendagilea bakarrik aritzen zen herrian, eta honek, lehentasun, zuzenean ordaintzen zioten etxeetara joateari ematen zion. Beraz, gaixo asko sendagile haren zerbitzurik hartu gabe geratzen ziren. Azken horien artean baserritarrak ziren kaltetuenak, herritik urruti egoteaz aparte, barazki, gari eta antzeko produktuekin bakarrik ordaintzeko modua baitzuten eta Errazti medikuak nahiago zuen ordaina dirutan jasotzea. Mendetan arazo bera izan zuten herriko sendagileek, izan ere, 1812an, antzeko kontuengatik kexatu zen Inazio Ramon Elorza sendagilea, baserrietan bere zerbitzua ordaintzeko dirurik ez izatean, inguruko herrietan gutxien kobratzen zuen sendagilea zela salatu baitzuen hark. 

XVIII. mende hasieran, herritarrek oso estimatua zuten medikua aritzen zen herrian: Juan Bautista Ibaseta sendagilea. Hura hildakoan, herritarrek ez zuten nahi edonolako sendagilea herriratzerik eta, azkenean, Hondarribiko Joanes Etxeberri sendagilea aukeratu zuten. Gizon hori Lapurdiko Sara herrikoa zen, eta euskaltzale porrokatua eta idazle ospetsua izan zen, sendagileaz gain. Bere idazlan guztiak euskarari buruzkoak izan ziren, eta euskararen balioa zein literatura hizkuntza batuaren beharra aldarrikatu zituen hark, aurrez Axularren jarraibidea jorratuz. Sendagile hark izan zituen bezero ezagunen artean, Loiolako Aita Kardaberaz eta Aita Larramendi aipa daitezke. Baserritarren aldetik kexak izan zituen, dirutza handia jaso eta deitutako leku guztietara heltzen ez zelako. Baina arazoa, berea baino gehiago, udalarena zen, erakundeak ez baitzion urrutiko baserrietara heltzeko behar zuen zaldia eta haren mantenua ordaintzen. Nolanahi ere, kexak 70 urte zituenekoak dira, eta adin horrekin ezin eskatu gizonari zaldi gainean baserrietara egongo ziren bide malkartsu haietatik nahi bezala ibiltzeko. Joanes Etxeberri 1725ean heldu zen Azkoitira, eta hogeita hiru urtetan herriko sendagile lanak bete ondoren, azkenean, laurogei urte zituela erretiratua izan zen.

Pasa den mendera hurbilduta, inguruko mediku eta sasimediku ezagunenak Itziarko Sakabi, Zestoako Trukuman eta Azpeitiko Artetxe izan ziren. Sebastian Aspiazu Unanue Sakabi Azkoitiko muga ondoan dagoen Sakabi baserrikoa zen. Gipuzkoako petrikilorik ospetsuena izan zen pasa den mendeko lehen laurdenean, baina ez bere jakintzaren maila zientifikoagatik, baizik eta, batez ere, bere artatze lanetan erakusten zuen erosotasunagatik eta zeregin horretan hartzen zuen antzezle paperagatik. Hitz gutxiko gizona, bizizale ona eta edale hobea, ia etengabe mozkortuta egoten zen, eta egoera hori izaten zen bere diagnostiko on eta zehatzen bermerik onena. Gaixoak artatzeko oso modu bitxia zuen, normalean, gaixoaren txiza begiratu, usaindu eta dastatuz hasten baitzen, ondoren tentsioa hartu eta bere diagnostikoa emateko. Prestatzen zituen belar haiei, osagarri terapeutiko gisa, ukuiluko abereen pixa, oilategiko oilo zirinak eta antzeko gaiak gehitzen zizkien. Enplastuak bizkarrean ipiniz, biriketako minak eta pulmoniak sendatzen espezializatu zen, ziurrenik bere bi alaba ere gaixotasun horrekin hil zirelako. Sukar tifoideak sendatzen ere  fama handia hartu zuen, eta horretarako purga gogor bat erabiltzen zuen, pertsonaz gain animaliak ere sendatzeko. Ospe handia hartu zuen petrikilo lanetan, kasu bat baino gehiagotan eskualdeko sendagileek sendatu ez zituzten gaixoak sendatzea lortu baitzuen, eta horrelako berriak berehala zabaltzen baitziren jendearen artean. Horietako batean, mediku batek, sukar tifoideak zituen gaixo bat tratatu omen zuen hemen inguruko baserri batean, eta hura hain egoera txarrean ikusirik, heriotza-ziurtagiria sinatuta utzi omen zion, berriz bertara beste buelta bat egitea saihesteko. Baserri horretakoak berehala Sakabirekin harremanetan jarri eta, hark bere elixirrarekin artatu ondoren sendatu eta modu horretan honen bizia salbatzea lortu zuen. 

Dena den, Azkoitian, Trukuman zen sasimediku ezagunena. Dirudienez, hark ez zion inoiz gaixorik zegoenari edabe edo edangarririk ematen, eta gaixotasuna kanpotik lantzeagatik bereizi zen. Horrela, bere enplastu, belar-igurtzi, ukendu eta hainbat motatako prestakinekin, herritar asko sendatu zuen, bertako sendagile batzuen aldetik ondo ikusita ez bazegoen ere. Gerora, Artetxe medikua izan zen hemengo sendagilerik ospetsuena eta, gehien bat, haurrak sendatzen espezializatu zen. Gure herrian umeak zirenean artatu beharrekoak, Azpeitian zuen kontsultara eramaten ziren, eta hara joateko moduan ez baziren, Artetxe medikua bera joaten zen Azkoitiko etxe eta baserrietara. Elosura ere mediku hura joaten zen askotan, eta gaur egungo biderik ez zegoenez, lehenengo Aizpurutxoraino joaten zen, eta ondoren bide zaharretik barrena Elosura heltzen zen. Gaixoa larri bazegoen, andan edo kamilan hartu eta bide malkor eta neketsu hartatik Aizpurutxora jaisten zuten, handik Donostiara eramateko. Garai hartan, mediku gehienek beren kotxe propioa bazuten ere, baserri askotara joateko bide egokirik ez zen, eta ezinezkoa zitzaien horietara iristea. 

XIX. mende bukaera arte, lehen eta bigarren mailako medikuak ezagutzen ziren, eta azken maila horretakoak ziren barberuak izenez ezagutzen ziren zirujauak. Oso garrantzitsua zen horietako bat herrian izatea, eta horren adibide, 1600. urtean hemen inguruan ezin aurkitu eta, herriko agintariak Madriletik ekartzen saiatu zirenekoa. Aldi hartan, hilkortasun kirurgikoa oso handia zen, odoljarioa eta infekzioak zirela eta. Medikuek kirurgiak egitearen gainetik zeudela uste zuten, eta horregatik, ez zen ohikoa horiek ebaketak-eta egiten ikustea. Lan hori barberuek egiten zuten, bizarra mozteko labanak izateaz gain, horrelako lanetarako ezinbestekoa zen koordinazioa eta trebetasuna baitzuten haiek. Horregatik, haien egitekotzat hartzen ziren bentosa-terapiak, hortzak  eta haginak ateratzea eta gorputz adarrak moztea edo anputazioak egitea, besteak beste.

Sendagile eta zirujauek botikak behar zituzten beren lana ondo egiteko, eta botikarien lana zen belarren eta beste elementu batzuen bidez edabeak, xarabeak, ukenduak eta tratamendu bakoitzerako bereziki behar ziren beste prestakin batzuk egitea. Lehengo botika dendek ez zuten zerikusirik gaur egun ezagutzen ditugunekin, orduan mila nahasketa mota egiten baitzituzten gaixo bakoitzak behar zuen sendagaia prestatzeko. Azkoitiko botikak beste berezitasun bat ere bazuten, herriko behartsuak botiken beharrean zirenean, udala bera arduratzen baitzen horiek ordaintzeaz. Pasa den mendearen hasieran, medikuak agindutako errezetarekin joaten ziren herritarrak orain dela gutxi 100 urte bete dituen Azpiazu botikara, hango Joakin Azpiazuk sendagaia presta zezan. Hura izan zen herriko lehen farmazia eta Joakin Azpiazuren atzetik beste hiru belaunaldi dira bertan txanda hartu dutenak.



Bestalde, zauriak eta gaixo mota desberdinak sendatzeko, belarrak, erretxinak eta beste elementu batzuk nahastuta enplastuak, ukenduak eta botikak prestatzen zituen herriko jendeak, gehien bat baserritarrek. Usadio hori, mendeetan zehar, belaunaldiz belaunaldi pasatu izan da eta, normalean, amak alabari erakutsi izan dio horiek prestatzeko sekretua. Gaur egun, kamamila, pasmo-belarra edo berbena-belarra kenduta, ia ez da sendabelarrik edo osabelarrik batzen, eta hauek ere geroz eta gutxiago. Azken bi belar horiek asko ibili izan dira infekzioak sendatzeko eta zornea ateratzeko. Horrez gain, ezagunak dira, asuna, lahar punta, marrubi belarra eta zelaietan egoten diren "garduelak" izeneko belar latzak ere, horiek egosi eta geratzen den ura sendagai bezala hartu izan baita mende askotan. Azkoitian oso erabilia izan da, baita ere, karraskillo belarraren ura katarroarentzat edo hotzeriarentzat. Enplastuetan ezagunena berriz, arrautza, ardoa eta zahiarekin prestatutakoa izan da. Landareekin egindako erremedioak garrantzitsuak izan dira, eta baziren helburu terapeutikoarekin baratzean landatzen zituzten herritarrak, baina landare gehienak zelai eta basoan biltzen ziren. Dena den, herri-jatorriko osasungintza jakituriari mespretxu asko egin izan zaio betidanik medikuntza akademikoaren aldetik, sistematikoki ia guztiz baztertzeraino.

Medikuak, zirujauak, petrikiloak eta botikariak aipatu badira ere, ezin dira erizainak, emaginak, mojak eta, kasu askotan, modu desinteresatuan, azkoitiarren osasunaz kezkatuta, beraiei laguntzeko ardura hartu duten herriko boluntarioak. Horiek guztiek, zalantzarik gabe, azkoitiarren osasuna eta ongizatea hobetzen lagundu dute herriaren historiako une bakoitzean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide