Akordatzen?

Azkoitiarren eta azpeitiarren arteko istoriotxoak

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2023ko urt. 24a, 10:47
Txalintxo mendiko gurutzea eta Azkoitia zein Azpeitia banatzen dituen mugarrietako bat. (Argazkiak: utzitakoak)

Kepa Alberdik urtarrileko Maxixatzen aldizkariko Akordatzen? atalerako idatzitako ekarpen berria: 'Azkoitiarren eta azpeitiarren arteko istoriotxoak'.

Munategiko biribilgunea Azkoitia eta Azpeitia artean kokatzen da, mugan, eta pasa den abuztuan, ezezagun batzuek Azpeitia ipintzen duen biribilguneko kartelaren gainean margo gorriz Andramaxek!!! idatzi izanak zeresan handia eman zuen bi herrietako biztanleen artean. Ez da bi herri horien artean eztabaida edo listak txikiak sortu diren lehen aldia, eta ez da azkena izango. Nolanahi ere, nire ustez, bi herrien artean izandako tirabirak gehiegi puztu izan dira, errealitatearekin zerikusi gutxi duten topikoak sortuz.

Iaz, 'Andramaxek!!!' margotu zuten Munategiko biribilguneko kartelaren gainean.

Iraurgiko haranean, feudalismoak indar handia izan zuen, jauntxo eta bando-buru askoren egoitza eta bizilekua baitzen. Kontuan izan behar da, oinaztarren artean, lehenengo Ahaide Nagusia Azpeitiko Oinaz-Loiola leinua izan zela, eta, bestalde, Azkoitian zuela Baldako familia ganboatarrak bere dorretxea. Bi bandoak oso gutxitan borrokatu ziren aurrez aurre; segadak eta ezusteko erasoak normalagoak izaten ziren. Dena den, oinaztarren eta ganboatarren arteko borrokek bete-betean suntsitu zituzten Azkoitia eta Azpeitiko hiribilduak. Borroka haiek izango dira, ziurrenik, bi herrien artean izan ziren lehen istilu larriak.

Denboran aurrera eginda, aurreko mendeko hirugarren hamarkadan ezagutu zen Azkoitiaren eta Azpeitiaren arteko iskanbilarik handiena: Txalintxo mendiaren inguruko mugak izan ziren eztabaiden jatorria. Aurkitutako dokumentuek mendi hori Azkoitiko partean zegoela bazioten ere, epaile batek Txalintxo mendia Azpeitikoa zela erabaki zuen azkoitiarren kaltetan, eta Azpeitian festa handiak antolatu ziren erabaki hura ospatzeko. Liskar hartatik aurrera, bi udalerrien arteko lehia gero eta handiagoa izan zen, eta, beraz, ohikoak izan ziren, beste tirabira batzuen artean, erromerietan sortzen ziren iskanbilak. Horretaz gain, lehia bizirik mantendu duten beste liskar txiki batzuk ere izan dira, bi udalerrietako mugarri banatzaileen leku aldaketak edo horien desagerpenak, esate baterako.

Txalintxoko auziak haserrealdi eta istilu asko sortu bazituen ere, badira beste zenbait bitxikeria ere. Esate baterako, ondorengo saninazio batzuetan, bi herrien artean zegoen giroa kontuan hartuta, Damaso Azkue azpeitiarrak debaldeko autobusa antolatu omen zuen azkoitiarrak Azpeitiko festetara hurbiltzeko. Garai hartan, Azkoitiko enparantzatik ateratzen ziren autobusak, eta pertsona bakarra sartu omen zen autobus hartara, enparantzan elkartu zen jendearen presioari jaramonik egin gabe. Orduan, han bildutako jendea "eskirol, eskirol" oihuka hasi omen zen eta, azkenean, pertsona hura autobusetik jaitsi eta autobusa hutsik joan omen zen Azpeitira.

Epaileak Txalintxo Azpeitikoa zela erabaki zuen, eta Azpeitian festak antolatu ziren

Loiolako San Inazioren omenez eraikitako estatuen bueltan ere pasarte kurioso batzuk izan dira, azkoitiarren eta azpeitiarren pikeak tarteko. Izan ere, San Inazio Loiolan jaio zela betidanik esan izan bada ere, badago santua Azkoitiko Balda etxean jaio zen hipotesiari benetakotasun balioa ematen dionik. Izan ere, San Inazio jaio zen garaian, inguruan oso ohikoa zen emakumeak bere amaren etxean erditzea. Duela hamarkada batzuk hortik etorri ziren Loiolako santuari buruzko bi herrien arteko hainbeste sestra eta matraka. Hain zuzen ere, Bilboko Aldatz Gora mendizale taldeak San Inazioren estatua Izarraitzen jartzeko ideia izan ondoren, Erlo eta Kakuetan begiratzen ibili ziren, estatuarentzat kokapenik egokiena aurkitu nahian. Xoxoteko tontorra aukeratu aurretik, bazirudien Kakuetako gainean jarriko zutela estatua, eta hortik etorri zen azpeitiarren kezka, behin eta berriz eskatzen baitzioten Bilboko mendizale taldeari: "Behintzat Azkoitiko partean ez jarri". Kronikek diote Iñiguez Ciriano jesuitak Kakuetan jartzea nahi zuela, baina "azkoitiarrek debozio gutxi" azaldu omen zuten asmo horrekin, eta azkenean, Xoxoten jarri zuten, azpeitiarrek hala izan zedin erakutsi zuten grina ikusi eta gero.

San Inazioren estatua Loiolako basilikaren aurrean.

Estatua horrek sortu zituen liskarrak nahikoa ez, eta Loiolako Santutegiaren aurrealdean Azpeitira begira dagoen beste estatuak ere hamaika haserre piztu zuen. Azpeitiarrek Azpeitira begira eta azkoitiarrek Azkoitira begira jarri nahi zuten, eta dirudienez, bi herri horietako lagun taldeak gau bat baino gehiagotan joan ziren estatuari buelta ematera; azkenean, Azpeitira begira ipini zuten. Horietako batean, Floren Bolante eta Julian Txipillo azkoitiarrak nahikoa sagardo edan ondoren Azpeititik Azkoitira zetozela, Loiolara iristean, zera esan omen zioten haiek elkarri: "Gure buru zuri hau beti Azpeitira begira zegok, ama azkoitiarra zuela, baina... Azkoitira begira ipini behar diagu". San Inazioren estatuari buelta emateko lanetan ari zirela, jesuitak enteratu eta jai arratsaldeko hiruretako Loiolan aurkezteko esan omen zieten bi azkoitiarrei. Txipillo eta Bolante bilerara azaldu eta han omen zituzten zain hiru jesuita. Estatua mugituta zer lortu nahi zuten galdetu zieten azkoitiarrei, eta haiek Azkoitira begira jarri nahi zutela erantzun omen zieten. Jesuitek, hori ezin zela egin eta errieta batean hasi omen zitzaizkien azkoitiarrei era garratzean. Bi azkoitiarrek, borrokan egin behar zutelakoan, berehala busti omen zituzten eskuak txistuz, eta borrokarako prest jarri omen ziren. Bat-batean, sotana hots ederra entzun omen zen basilikako pasilloetan zehar.

2006an, Azkoitiak azkenekoz irabazitako Gipuzkoako Herriartekoa ospatzen.

Txipillok badu San Inazioren irudi bati lotutako beste pasadizo bat ere: Elosiagako erromeriatik zetorrela Azpeitiko parrokian sartu-irten txiki bat egitea pentsatu zuen. Bataioko pontearen ondoan San Inazioren irudia zegoen, eta haren azpian Emenchen batiatuba naiz inskripzioa, Santua bertan bataiatua izan zela adieraziz. Hura irakurtzean, Txipillo bero-bero egin omen zen, eta eskuan zeraman makilarekin irudiaren hatza jo, eta puskatu egin omen zuen. Hatza han utzi ezin zuela-eta poltsikoan gorde ondoren, zalantzan ibili omen zen santuaren hatza non laga. Azkenean, leku sakratuan lurperatu omen zuen; Azkoitiko kanposantuan, hain zuzen ere.

Euskal Telebistako lehiaketak ere izan dira bi herrien arteko burla eta trufen jatorri, bertan parte hartu dutenen hutsegiteak edo hanka sartzeak direla eta. Horrela, duela urte asko, Funtzioa programan, Txirri pailazoak azpeitiar bat aukeratu zuen publikotik, eta honela luzatu zion galdera: "Animalia hauetatik zeinek egiten du hegan? Txantxangorriak, txangurroak edo txindurriak? –Azken izen hori ez dakit seguru horrela zen–. Azpeitiarrak "txangurroa" erantzun, eta harrezkero, azkoitiarrek urteetan nahiko iseka egiteko aitzakia izan zuten azpeitiarren kontura. Dirudienez, udalekuetan ere, azpeitiarrei "txangurroak" deitzen hasi ziren, eta bazen txangurro bati hegoak marraztu zizkion delineatzaile bat ere, ondoren kopia pila bat atera eta Azpeitiko bazter guztietan zabaltzeko. 2006an, ordea, Mihiluze programan azpeitiarrentzat mendeku garaia heldu zela dirudi, azkoitiar batek bere erantzunean hutsegitea izan zuenean. Lehiakideak azkoitiarrak ziren, eta haietako batek, mimika bidez, pertsonaia bat azaldu behar zuen, eta bere lagunak haren izena asmatu. Pello Zabala fraide eta eguraldi gizon famatua zen asmatu beharreko pertsonaia. Horrela, mimika egiten ari zenak, eliz gizonaren eta euriaren itxurak egiten zituen behin eta berriz, eta besteak honako izen hauek aipatu zituen: abadie, abioie, Rajoi, Habemus Papam... Eta halako batean, Montserrat Setien. Berehala ziren azpeitiarrak barrez, Monseñor Setien esan beharrean azkoitiarrak elizgizon berria asmatu zutela eta. Lehena, txangurroarena, zalantzarik gabe, hanka-sartze nabarmenagoa zen, baina zer edo zer nahi izaten da mendekurako, eta hor azpeitiarren saiakera.

Zenon Aranburu jesuita gotzaina zaldi gainean, Xoxoteko San Inazioren estatuaren inaugurazio meza ematera zihoanean, Madariaga inguruan.

Kirolak ere beti piztu izan du bi herrien norgehiagokaren lehia, eta normalean pike sano baten oinarritu bada ere, izan dira kasu anekdotiko txikiak ere. Esate baterako, 1944an Azpeitiko Lagun Onak futbol taldea sortu zen, eta oraindik Azpeitiko taldeak jokalekurik ez zuenez, Zuzendaritza Batzorde berriak Altzibarko zelaia alokatzeko eskatu zion Anaitasunari, etxeko taldeak jokatzen ez zuen jardunaldietarako. Baiezko erantzuna jaso zuten, eta Azpeitian futbol zelai bat eraiki arte, behar zen denbora guztian zelaia erabili zezaketela adierazi zieten. Denboraldi hartan, azpeitiarrek partidak Altzibarren jokatu ahal izan zituzten, baina zerbait gertatu zen 1944ko abenduaren 17an, arbitroaren aktaren oharretan honako hau jartzen baitzuen: "Altzibar-Azkoitia zelaian, Azpeitiko Lagun Onak eta Zarautz taldeen arteko partida jokatzea galarazi da, zelaia aterik gabe zegoelako; horiek gauez kendu dituzte, nortzuk izan diren jakin gabe".

San Inazioren eskulturaren inaugurazio eguneko meza.

Hala ere, azken urteetan Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketa ari da ematen zeresanik handiena. Azkoitia da, alde handiz, txapelketa gehien irabazi dituena, baina 2021ean, Azpeitiak Azkoitiko errekor bat berdindu zuen: sei final jarraian jokatuta, azkoitiarrek 1995 eta 2000 artean lortu bezala. Ordura arte, hori pentsaezina izango zen, baina gauzak asko aldatu dira, eta, azpeitiarren aldetik adarjotze eta burla ugari jasatea tokatzen zaie azkoitiarrei. Izan ere, azkoitiarren aspaldiko esaera da zera: "Lehenago aterako da Azkoitian toreatzaile bat, Azpeitian pilotari bat baino". Gauzak gertatu diren bezala gertatu dira, azkoitiarren kaltean. Bada herriko jaiak konparatzen aritzen den jendea ere. Esate baterako, danborradaren kasuan, azpeitiarrek beti aipatzen dituzte beren janzkerei, danbor-jotzaileen parte hartzeari eta abarri buruzko konparazioak; arrazoi faltarik ez badute ere, ez da bi herrien arteko norgehiagokaren beste kapitulu bat besterik. Izan ere, azkoitiarrek behin baino gehiagotan lagundu die Azpeitiko hainbat talderi danborradarako arropa lortzen. Azpeitiko Lagun Onak mendi elkarteak, esaterako, 1974ko danborradan atera nahi izan zuen lehen aldiz, baina ez zuen ez danborrik, ez janzkerarik. Azkoitiko Beti Poz elkarteari barrikak eta sukaldari arropak eskatu zizkioten, eta Azpeitiko danborradan Tiroleko mendizaleen arropengatik nabarmentzen den elkartea sukaldari jantzita atera zen lehen urtean. 2021ean, berriz, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko bi taldek danborradan parte hartzeko arropak falta zituzten, eta Azkoitiko Udalak utzitako arropekin atera ziren, abarketari eta sukaldari jantzita, hain zuzen ere.

Beti entzun izan dugu azpeitiarrak harroak eta azkoitiarrak sanoak direla. Jakin badakigu, ordea, hurbilekoen artean sortu ohi direla eztabaidak, eta azkoitiarren eta azpeitiarren arteko liskar txikiak ere bata bestearen alboan dauden bi udalerriren arteko tirabira naturaltzat hartu beharko genituzke, bi herrien eguneroko bizitzan dagoen harremana bestelakoa baita.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide