Herri kirolak eta beste kirol kontu batzuk

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2022ko abe. 7a, 10:34

Kepa Alberdik herri kiroletan aritu ziren azkoitiar ezagunei buruzko artikulua idatzi du webgunean. Era berean, herrian azken hamarkadetan egin diren apustuak ere gogoratu ditu Alberdik.

Herri kirolen jatorria garai bateko lan jardueretan bilatu behar dugu. Garai bateko nekazari, abeltzain, artisau, nahiz arrantzaleek ogibidez egiten zituzten zenbait lan, aisialdira bideratu eta pertsonaren indarrak, denborak eta trebeziak neurtzeko kirol bihurtu dira denborarekin. Horrela, herri kirolak, batez ere, indarra, erresistentzia eta bizkortasunari lotutako kirolak dira, eta teknikak ere zeresan handia du.

Kirolari azkoitiarrak ere gauza asko eta politak egindakoak dira herri kiroletako zenbait modalitatetan, eta idatzi honetan, gure herritarrek aurreko mendean izandako lehiaketa eta apustu esanguratsuenen halako entresaka bat egiten ahaleginduko naiz, horiekin lotutako bitxikeriak tarteko, ezinezkoa baita azkoitiar kirolariek egindako kirol balentria eta marka handi guztiak lerro gutxi hauetan aipatzea.

Esan daiteke, herri kirolen artean, aizkora jokoa dela nagusiena. Arritte mendiko Korta baserrian jaiotako Jose Soraluze Korta izan zen, egindako markei begira, gure herriko lehen aizkolari ospetsua. Bere markarik handiena Azkoitiko plazan egin zuen 1910ean, 32 minutu azpiko denboran 36 ontzako hiru enbor ebakita errekor berria ezarri zuenean. 1915-1940 urteen bitartean, Ramon Astigarraga Errekalde , Jeronimo Iturbe Agiñeta eta Antonio Soraluze Korta izan ziren, herriko aizkolaririk handienak. 1928an, Aizkolarien Txapelketa Donostian jokatu zen, eta irabazle Errekalde geratu zen; bigarren, berriz, Agiñeta, biak azkoitiarrak. Donostian, 1927, 1929 eta 1930eko Aizkolari Txapelketetan, berriz, Agiñeta izan zen txapelduna. Garai hartan, aizkolari aipagarri asko atera zen Azkoitian, eta hona hemen haietako batzuen izenak: Añaidegi baserriko Agustin Elduaien, Oñatibi baserriko Fermin Gorrixe, Txomin Soraluze Korta, Jose Luis Segurola Txagorri, Ramon Soraluze Olano-Marro, Juan Astigarraga Errekaldeko exkerra, Attubeko otsua eta Antonio Astigarraga Errekalde. Azken honi, Errekalde tongo deitzen zioten, kirol kontuan tranpalari fama handia zuelako. Hori horrela, aizkoran parte hartzen zuenean, inork ez zuen bere aldeko edo kontrako apusturik egiten. 1940-1980 urte bitartean, Juan Jose Narbaiza Luxia eta Isidro Astigarraga Errekalde junior izan ziren aizkolari iaioenak. Ormola baserriko Errekalde junior garaipenetik garaipenera ibili zen garai hartan, baina, zoritxarrez, 26 urterekin hil zen, gaitz baten ondorioz. Azkoitiko herriak aizkolari handiak eman ditu eta ematen ari da, gaur egun ere hor baitugu Julen Alberdi Txikia IV, 2022ko Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa irabazi ondoren, lorpen handiak bereganatzen jarraitzeko itxura guztiak dituen mutila. 

  

Aizkorarekin batera, harri-jasotzea da hemengo herri kirolik ezagunena. Azken hori Euskal Herriko jokorik zaharrenetakoa bada ere, esan beharra dago berandu plazaratu zela. Atzoko eta gaurko harri-jasotzaile azkoitiarren erakustaldi itzelaz aritu aurretik, bidezkoa da esatea antzinako markak eta gaurkoak ezin daitezkeela parean jarri, harriei, teknikari eta harri jasotzaileei dagokienez, aldakuntza eta aurrerapen handiak egon baitira. Azkoitiko herriak entzute handiko harri-jasotzaileak eman ditu, eta horietako batzuk idatzita daude kirol horren errekorren liburuan. 1936ko gerra aurreko aizkolaririk aipagarrienak Jose Manuel Usula eta Inazio Larrañaga Etxezakorta izan ziren; kubo tankerako harriarekin egin zituzten erakustaldirik bikainenak, garai hartan oso gutxi izanik harri mota horrekin lanean aritzea nahi izaten zutenak. Gerora, Jesus Mari Unanue Goenatxo I izan zen herriko harri-jasotzailerik entzutetsuena, eta 1982 eta 1983ko Euskal Herriko Harri Handien Txapelketan garaile izan zen. Etorkizun handiko harri-jasotzailea zen, baina 1984 urtean hil zen 30urte baino ez zituela; bere anaia Juan Jose Unanue Goenatxo II.ak hartu zuen gero honen erreleboa. Izan ere, azken horrek 1991tik aurrera ez zuen izan parekorik Harri Handien Txapelketan, eta lehiaketa hori 11 aldiz jarraian irabazi zuen, 1991 eta 2001 urteen artean. Igeldoko harria jasotzen ere ez zuen izan aurkaririk 1993 eta 2003 urteen artean, eta 2022an oraindik ere errekorra den 19 jasoaldiko marka egin zuen. Amezketako 166 kiloko Albitzuri Handi harri irregularrarekin ere aurkaririk ez zuen izan, eta 1996an egin zizkion 15 jasoaldi haiei esker, oraindik ere errekorra berea da. Hain izen handia ez badute ere, ezin ditugu alde batera utzi Azkoitiko beste harri-jasotzaile bikain batzuk: Jose Ramon Aranbarri Sukuzu I, Manuel Kandido Aranbarri Sukuzu II eta Jose Luis Lete Elosukorta, besteak beste. 

Baserritarrak era askotako lanak egin eta menderatu ditu mendeetan zehar: aizkora eta sega lanak, gurdira zama handiak jasotzea, mendian gora eta behera ibiltzea eta marmita handiak esnez edo urez beteta eskuz garraiatzea, besteak beste. Hortik dator, herri kirolen barruan, joko nahasiko lehiaketak egiteko ohitura. Modalitate horretan, 1940ko hamarkadan, Tomas Astigarraga Katalotza azkoitiarra izan zen kirolaririk ezagunena. 1942an Azpeitiko zezen plazan Juan Kortajarena Ondartzaren kontra jokatu zuen lehia izan zen bere saio adierazgarrienetako bat. Apustu  horretan, honako lana egin behar izan zuten: 25 aldiz kubo tankerako 125 kiloko harria jaso; 72 ontzako sei enbor ebaki; 60 buelta eman zezen plazari. Harri jasotzen 9 minutu eta 15 segundo, aizkoran 64 minutu eta 23 segundo eta lasterkan 28 minutu eta 19 segundo egin ondoren, Katalotzak irabazi zuen apustua. Kirol mota honetan bazen beste gizon indartsu bat ere: Jabier Etxaniz Katuingo txatue. 1910ean Elgoibarren jaioa bazen ere, azkoitiartzat jotzen zen bera, haurtzaro eta gaztaro guztia Azkoitiko Madariaga auzoko Katuin baserrian pasatu baitzuen. Gizon indartsu honek egundoko erakustaldiak egin zituen. Horietako batean, 1.017 kiloko pisua zuen urez betetako barrika lurretik jaso zuen eta, beste agerraldi batean, aldi berean beso batekin zaldiaren indarrari eta beste besoarekin zortzi gizonen indarrari eustea lortu zuen. Ez ziren hor bukatu gizon indartsu haren erakustaldiak, beste agerraldi batean 45 milimetroko ohol baten ukabilkada batez puntapaxa alde batetik bestera pasatzeko gai izan baitzen.

Proba horiez gain, badira, tradizioa dutenez, herri kiroltzat hartzen direnak ere: palanka jaurtiketa, bolo jokoa eta toka jokoa, besteak beste. Palanka jaurtiketaz jokatzeko lekurik egokiena Aingeru Guarda eta inguruko zelaiak ziren, eta han bertan ibiltzen ziren Iñazio Zabaleta Anburu eta Bixente Etxaniz Santiko, beste batzuen artean. Anburu oso gizon indartsua zen, eta harria ere indar handiz botatzen omen zuen. Horrela, garai batean, Azkoitiko Enparantza Nagusian, lehengo Vialen etxeko bebarrutik botatzen zuen harria, eta erraz heltzen omen zen Zelaiaren baratzeraino, plaza igaro eta Goiko Losatik zehar frontoiko sarearen gainetik pasatu ondoren. Bola jokoan, ospetsuenen artean, besteak beste, Patrizio Larrañaga Patri Goena, Xanti Zabaleta, Joxe Mari Aranbarri Zelertxo eta bere semea Miguel Pintxe (hankamotzenekoa), Sotero Garmendia Txota, Zabaleta okerra eta Larramendi luzie aipa ditzakegu. Garai batean, oso ezagunak ziren bola toki itxiak: Bentaxiokoa (Munategiko santutxoaren alboan zegoena), San Juan bainuetxekoa, Altzibarkoa, Larraña sagardotegikoa eta Aizpurutxon zegoen Erdiko Bentakoa. Aterperik gabekoak oraindik eta gehiago ziren. Toka jokoan, 11,20 metrora jarrita zegoen burdin aga baten kontra jotzeko, sei fitxa biribil botatzen ziren. Azkoitiar tokalariek, lurrean labana handi bat sartuta jokatzen zuten askotan. Toka jokoan, J.M. Zubizarreta Lekunberri herriko sendagilea, Iñazio Arsuaga eta herriko alkate izandako Roman Suduperen aita Pedro Sudupe Berde Luzie ziren herriko jokalari trebeenak. Toka leku ezagunenak, Juin jauregiko ataria eta San Juan Zahar ziren. Joko hori omen zen herriko aberatsen kuttunena eta, hori horrela, Juineko toka lekua, herriko jauntxo eta aberatsen biltoki eta solas-leku bezala ezagutzen zen. Handi-mandi haiek toka jokoan aritzen ziren bitartean aztertzen omen zituzten herriko eta kanpoko kontu eta auziak.

Ohiko herri kirolak alde batera utziz, leku berezi bat egin behar zaio Jexux Oteiza Kasero arrantzaliari. Izan ere, 1988 eta 1991 urteen artean, proba miresgarriak egin zituen, eta  indarra eta erresistentzia izugarriak erakutsi zituen hark. Kaserori apustua egin zion lagun talde batek 1998an: sei ordutan 28 kilo pisatzen zuen butano-bonbona betea bizkarrean hartu eta Erlo mendi gailurrera (1.033 metro) ezetz igo. Kaserok errez irabazi zituen apustuan jokatzen ziren 10.000 pezeta, hiru ordu azpitik eginez ibilbidea. 1990ean beste apustu bat egin zuen, eta oraingoan, sei ordutan Hernio mendiko gailurrera heldu behar zuen butano-bonbona betearekin. Aurrekoan baino ibilaldi askoz luzeagoa izan arren, bost ordu eta bost minutu behar izan zituen erronka gainditzeko, apustua irabaziz eta berezko kirolari gisa zituen dohain, ahalmena eta ezaugarri bikainak erakutsiz.   

Beste aparteko proba bitxiak ere jokatu izan dira gure herrian, eta horien artean sailkatu behar da, oinak elkartuta jauzia edo saltoa egitearen norgehiagoka. Garai baten, Juan Jose Larraga Aixarna izan zen inguru hauetako salto egilerik ospetsuena. Bere erakustaldiak oso arriskutsuak izaten ziren tarteka, eta horren adibide, Jausoroko zubi zaharrean petril batetik bestera oin berdinean salto egiten zuenekoa. Gizon honek, oin berdinean, 2,80 metroko saltoa egiteko indarra eta trebetasuna zituen, baina lurretik gorako saltoan ere ez zen hankamotza, Santa Klara kalean zen Larraña tabernako barra gainetik pasatzen baitzen oin berdinean, ezer ukitu gabe. Aurrez aipatutako Ramon Astigarraga Errekalde aizkolaria ere oso trebea zen modalitate honetan, 3,08 metroko saltoa egin zuenez bi oinak elkartuta.

Azkoitiar asko dira, hain desberdinak diren beste kirol diziplina batzuetan nabarmendu direnak, hala nola boxeoan, atletismo lasterketan eta xakean. Boxeoan, Egino Zahar baserriko Jose Lete Lizarralde azkoitiarra nabarmendu zen gehien, alde handiarekin. 1927an, Parisen jokatu zuen borrokaldian, Puffi italiarra K.O. utzi zuen hogeita hamabost segundoren barruan. 1929an, Ameriketara joan zen, eta bertan arrakasta handia eduki ondoren, Donostian jokatu zuen bere borrokaldirik garrantzitsuena, Primo Carnera italiar boxeolari famatuaren aurka. Italiarrak 125 kilo pisatzen zituen, azkoitiarrak, aldiz, 93 kilo. Carnerak puntutara irabazi zuen borrokaldia, Jose Lete lurrera botatzea lortu gabe. Kontuan izan behar da Primo Carnera munduko txapelduna izan zela, eta Euskal Herriko beste bi boxeolari onenak ere, Paulino Uzkudun eta Isidoro Gaztañaga, menderatu egin zituela. Gerra ondoren, Fidel Zubizarreta Etxeza izan zen boxeo munduan izena hartu zuena; amateur mailan jokatu zuen hark.

Atletismoan, bi korrikalari ikaragarriak eman ditu Azkoitiko herriak: Lino Aldalur Pikua eta Diego Garcia. Lehenak, 1949an, Azkoitiko Matadeitik Azpeitiko Arana auzora arteko joan-etorria 25 minutu eta 26 segundoan egin zuen, errekorra jarriz. Hamarkada batzuk geroago, Diego Garciak hobetu zuen marka hori, baina kontuan izan behar da Pikuak abarketekin egin zuela bere marka eta, besteak beste, prestaketarako, egunero bi txuleta eta bi dozena arrautza gorringo jaten zituela. Xehetasun horiek ez diote inolako meriturik kentzen garai guztietako azkoitiar antxintxikalari onena izan den Diego Garcia handiari, hark egundoko markak ezarri baitzituen. Esate baterako, 1992an, Japoniako Fukuoka hiriko maratoia 2 ordu, 10 minutu eta 30 segundotan amaitu zuen. Joko xelebreak ere izan dira korrika saioei dagokienez, eta horietako baten protagonista Agustin Domenech Erribera izan zen: kaletik Azkarate gainera erlojuaren kontrako saioa egin zuekn hark, baina berezitasun batekin: eskalaproak (kranpoiak) jantzita. Apustua irabazi eta lasterketa mota horretan Azkarate mendiko errekorra berak du harrez gero. Hankamotzen arteko lehia bat ere izan zen: Azkoitiko "hankamotzenekuak" Urrestillako Zelai luzeko hankamotzaren kontra jokatutako apustua, hain zuzen ere. Hauek, Azkoititik Azpeitiko plazara nor lehenago joan jokatu zuten, azkoitiarra bi makulurekin eta urrestildarra bakarrarekin aritu ziren, eta azken horrek irabazi zuen. Gizonezko korrikalariak alde batera utzita, izan zen besteen gainetik azaldu zen emakume korrikalari bat ere: Estefania Uranga Laxao. 1945ean, oraindik neska gaztea zela, Aritza baserriko Pedro Arrietaren kontrako apustua egin zuen hark: Aittolako gurutzetik mendian behera jaitsi eta berriz behetik gorako ibilaldi gogorra egin zuten. Aritzako mutila indar handikoa eta zimela izan arren, Urangak irabazi zuen baldintza berberetan jokatutako lehia.

Xakean, nola ez, Jose Luis Larrañaga bikaina aipatu behar da. Xakelari honek, 1982ko abuztuaren 27, 28 eta 29an, plusmarka berria jarri zuen, eta Guinnes liburuan sartu zen. Aurreko marka Branimir Brebich kanadarrak zuen, eta azkoitiarrak, 31 ordu eta 42 minutuko lanean, marka hautsi zuen. Abuztuaren 27an, larunbat arratsaldeko 17:00etan hasi zen, eta, igande eguerdian krisialdi handi bat izan bazuen ere, kemen ikaragarriaz gainditu zuen hura, eta etengabeko jarduera hartan, 605 partida jokatzera heldu zen azkoitiarrak: horietatik 535 partida irabazi zituen, 42 berdindu eta 28 partida bakarrik galdu.

Herri kirolez aritu garenez, esan dezakegu, hauek ez direla kasu gehienetan behar bezala baloratuak izan, baserritarren kirol moduan hartzean, maila bat beheragoko kirol bezala ezagutu izan baitira duela gutxira arte. Dena den, aurreko mende hasieran, abertzaletasuna suspertzen hasi zenean, kultura, hizkuntza, folklore, ohitura eta herriaren nortasunarekin lotutako beste edozein gaiekin batera, kirol horiek ere bultzada handia izan zuten. Horri esker, harrezkero, bestelako harrera, protagonismo eta grina izan dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide