Azkoitiko kanpandorreak eta kanpaiak

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2022ko uzt. 31a, 09:00
Parrokiako kanpandorrea. (Argazkiak: artxiboa eta Maxixatzen)

Kepa Alberdik herriko kanpandorren eta kanpaien historiari buruzko ekarpena idatzi du.

Antzinan, kanpaiak giza jardueraren alor guztietan zeuden. Kanpaiek gure gizartean izan duten zeregin soziala, erlijiosoa eta sinbolikoa oso garrantzitsua izan da, baina gizartea pixkanaka sekularizatzen doan heinean, erlijio errituak erabat aldatuz doaz, eta kanpai-jotzaileak ere erabat desagertu dira Euskal Herrian. Hori horrela, gure herriko kanpaien kokaleku, izen, kode sistema, erabilera zehatza, soinu mota eta sinbologiaren datuak biltzeko ordua heldu da, kanpaien tradizioa zein memoria berreskuratzeko, Joxemiel Barandiaranek esan zuen moduan, "premiazkoa baita bizitza tradizionalaren adierazpenak erregistratzea, existitzeko modu berriek desegin edo ezabatu baino lehen".

Aurreko mendeetan, kanpaia izan da herritarrei gertakizun garrantzitsuak adierazteko komunikazio sistema nagusia. Kanpaien eta kanpaitxoen hotsak baliatu izan dira suteen berri emateko, gerra sasoian arriskuaz ohartarazteko, botere gaiztoak uxatzeko, sendatze erritu batzuetarako, ekaitzen berri emateko, herriko festen hasiera iragartzeko, eta bereziki, erritu erlijiosoak adierazteko. Azken horien artean, meza edo arrosariorako deiak egiteko, heriotzaren berri emateko, edo prozesioen, erreguen zein letanien deiak egiteko. Bereziki, ordea, ordua emateko erabili izan dira kanpaiak.

Garai batean, Azkoitiko kanpai-jotzaileek bere kode-sistema propioa zuten herritarrei mezuak helarazteko; herritar guztiek ezagutzen zuten kodea, alegia. Adibide garbiena da hil-kanpaiena. Harrezkero, ohiturak pixka bat aldatu badira ere, joan den mendearen hasieran, bederatzi kanpai jotzen ziren hildako gizon-emakumea pobrea edo klase ertainekoa bazen. Aldiz, hildakoa diruduna baldin bazen, kanpai gehiago jotzen ziren. Sakristauari abisatzen zitzaion hildakoen berri emanez, eta une berean, Dundun zaharra edo Dundun beltza izeneko kanpaia jotzen zen bederatzi aldiz. Kanpai horiek ez ziren bata bestearen jarraian jotzen, minutu erdi inguruko tartearekin baizik. Kanpai-jotze horri Agonixe deitzen zitzaion. Izenaren arabera, gaixoa hilzorian, baina oraindik bizirik zegoenean jo beharko litzateke, baina, ez zen horrela gertatzen. Gero, arratsaldean, 16:30 aldera, Hil kanpaia jotzen zuten bederatzi aldiz, Dundun zaharra kanpaiarekin eta ondoan zuen Dundun berri kanpaiarekin, bata bestearekin txandakatuz. Horiek ere gehiagotan jotzen zituzten kategoria handiagoko eta hileta hobea zuten hildakoengatik. Hiletan apaizak hildako gorpuaren bila ateratzen zirenean, Dundun zaharra eta Dundun berri kanpaien hotsak tartekatzen hasten ziren, harik eta apaizak elizara sartzen ziren arte, gorpua parrokiako atarira ekarri ondoren. Hildakoa, oraindik lehen jaunartzea egin gabe zegoen haurra bazen, arratsaldeko 16:30 aldera Aingeru kanpaia jotzen zen; kanpantxile izenekoa jotzean zetzan eta 30 bat aldiz jotzen zen.

Aingeru Guardako ermita bere kanpaiarekin.

Baziren egunero jotzen ziren kanpai-hots arruntak ere, egunaren denbora banaketa adierazten zutenak. Goizean goizo, 06:00etan edo lehenago, Matutixe jotzen zuten, eta jendea harekin esnatzen zen lanera joateko, orduan ordularirik ez baitzen izaten. Ordu horretan, apaiza errezoak egitera ateratzen zen parrokia atarira. 12:00etan, Angelus-a jotzen zuten, eta hura entzundakoan, herritarrek zituzten beharrak alde batera utzi, gizonezkoek txapela kendu, eta Aita Gurea errezatzen zuten. Iluntzeko Angelus-a 20:00 lehenago jotzen zen, eta une horretatik aurrera, etxean egoteko ordua zen, errespetuzko ordua. Garai batean, Azkoitiko herria harresiz inguratuta zegoenean, goizean eta gauean jotzen ziren kanpaiek ohartarazten zieten herritarrei hiribilduko ateak noiz irekitzen eta ixten ziren.

Duela gutxi arte, kanpai-jotzaile bat arduratu izan da parrokiako dorreko kanpaiak jotzeaz eta han erlojua egon denean hura zaintzeaz. 1724an, Esteban Badiola kanpai-jotzailea iritsi zen, eta kanpaia eta erlojua zaintzeko, dorrean bertan bizi izan zen. Erloju hura izan zen parrokiak izan zuen lehena, hain zuzen, urte horretan bertan San Martingo dorretik lekualdatutakoa. Denboran aurrera egin eta aurreko mendean kokatuta, ezin da aipatu gabe utzi herriko adinekoek ondo oroituko duten Bottoie kanpai-jotzailea.

Izpiritu Deuna kaleko ermita duela urte batzuk, Intsausti jauregiaren ondoan.

Gutxienez, bost kanpandorre eraiki dira gure herriko parrokian; tximistek suntsitu izan dituztelako altxatu dituzte bost kanpandorre. 1537koa da dorrearen lehen aipamenetako bat. Aldi hartan zegoen kanpandorrea xumea zen, eta egurrez eta teilaz estalita zegoenez, konponketa eta aldaketa ugari egin zituzten 1719ra arte. XVIII. mende hasiera horretan, ordea, eraikinarekin bat zetorren dorre duinago bat eraikitzea pentsatu zen. Hainbat kokaleku aztertu zituzte dorre hura altxatzeko: bata, sakristia zaharraren ondoan, bestea, aldiz, Kanton-Etxearen edo Lasao-Etxearen orubean. Elizako hormen eta eskailera kiribilaren gainean orratz edo piramide bat eraikitzea ere pentsatu zuten, antzinako kanpandorrea zegoen kokalekuan, hain zuzen. Azkenean, eraikuntza gaur egun dorrea dagoen tokian egitea aukeratu zuten, leku horrek ez baitzuen inolako eragozpenik sortzen. Ia 25 urteren ondoren, korura sartzeko eskailera kiribilaren azken erremateekin amaitu zituzten dorreko lanak. Lehen unetik hasi zen, ordea, dorre horren zorigaiztoko historia. Lehen kanpai-iraulketan, kanpaietako bat Iparkalera erori eta txikitu egin zen. Gertaera horretatik hamar urte igaro baino lehen, 1735eko urtarrilean, tximista batek kalte handiak eragin zizkion dorreari. 1769an eta 1788an, dorreak beste tximista batzuen kolpea jasan zuen, eta kalte larriak eragin zizkion bigarren urtekoak. Pasa den mendean, historia bera errepikatu zen; izan ere, 1943ko martxoaren 16an, tximista batek dorrearen eraikina suntsitu zuen lehen erlaitzetik gora. 1947ko martxoak inauguratu zuten gaur egun ezagutzen dugun dorrea, bertako zortzi kanpaiak irauliz.

Herritarrak kanpaia jotzen San Martin egunean.

Parrokiako kanpaiez gain, herrian baziren beste kanpai batzuk, hara nola San Martin, Altzibar, Santa Klara, Miserikordia eta Santa Kutzekoak. Horiez gain, Azkoitiko Martirieta, Urrategi, Aizpurutxo eta Madariaga auzoko elizetan ere baziren kanpaiak. Kanpai horietako batzuk beraien istorio bitxia dute. San Martin auzorako kanpai berria 1520an erosi zuten, eta han aurkitu zuten labea urte horren inguruan egina zenez, esan izan da, bertan egindako kanpaia izan daitekeela. Bestalde, Azkoitiko parrokiako dorrean dagoen kanpairik handiena, lehen Martirietako ermitan egon zen kanpaia dela ere esan izan dute askok. Istorioak dioenez, Azkoitiko herriak kanpai hura parrokiara ekartzea nahi zuen, baina ez ziren ausartzen, harik eta Etxezaga baserrikoak idiekin haren bila joan eta parrokiara ekarri zuten arte. Martirietako Emeterio eta Zeledonio martirien zigorra zela eta, Etxezaga baserrian zazpi urtean ez omen zuten arbi bakar bat ere izan.

Martirietako eliza bere kanpaiarekin.

Altzibarko komentua zena, bere kanpaiekin.

Urrategiko ermita bere kanpandorretxoarekin.

Madariagako eliza bere kanpaiarekin.

Herriko komunitate erlijiosoetako kanpaiek oso funtzio desberdinak bete dituzte. Horiek, zeregin profanoak eta erlijiosoak markatzen zituzten: janaria, ordu liturgikoak, atsedena, hausnarketa ordua eta abar. Kanpaiak eta kanpaitxoak, normalean, bataiatuak eta bedeinkatuak izaten ziren, eta izen santua zuten.

Santa Klarako komentua bere kanpaiekin.

Santa Klarako moja komentuan bi kanpai dituzte, eta 1987an, oraindik ere, elkarteko mojak txandaka aritzen ziren kanpaiak jotzen; horretarako teknika, moja batetik bestera belaunaldiz belaunaldi transmititzen zen. Dena den, 1987an, hiru kanpai-jotze baino ez ziren mantentzen:

  • Jaiegunetan, 11:00etako meza iragartzeko bi kanpaien hotsekin jotzen zenekoa.
  • Erlijiosoren bat hiltzen zenean, bi kanpaiak tartekatuz, astiro eta handikiro jotakoak.
  • Santa Klara eta San Frantzisko bezperan, 20:00etan, hamar minutuz jotako kanpaiak.

Santa Kutz komentua, bere kanpaiekin.

Urte berean, 1987an, Santa Kutz moja komentuan, bi kanpai zituzten. Horietako bat handia da, Maria Purisima Concebida eskaintzarekin. Bost iltze dituen gurutzeaz gain, 1762. urteko datazioa daramana. Beste kanpaia, berriz, txikiagoa da, Engracia Ora Pro Nobis testuarekin. 1987an, Maria Asuncion ahizpa sakristaua arduratzen zen honako eguneroko kanpaiak jotzeaz:

  • Angelus-a, 06:30ean, kanpai handiarekin hiru ukituko hiru aldi eta haien arteko geldialdia.
  • Meza Santua, 07:45ean, Mesa Santuaren hasieraren berri emateko. Kanpai txikia 30 segundo inguruan eraginez.
  • Angelus-a, 12:00etan, goizeko angelusean bezala.
  • Arrosarioa, 15:30ean, arrosarioaren otoitzaren berri emateko. Kanpai txikiarekin jotzen da, 30 segundo inguru.
  • Otoitzerako eta Bezperetako deialdia, 18:30ean.
  • Angelus-a, aurrekoetan bezala.

Santa Kutzen baziren bertan behera gelditu ziren kanpai-jotzeak ere, horien artean ordu txikitakoak, zortzi kanpai-danbada motel eta triste jotzen zirenekoa, hain zuzen ere. Aldi hartan, baziren Santa Kutzeko kanpai eta kanpaitxoak jotzeko beste egun seinalatu batzuk ere. Esate baterako, jaiegunetako meza baino hogei minutu lehenago jotzen zirenak, Santa Kruz (monasterioaren titularra) eta Santa Brigida (fundatzailea) egun garrantzitsuen bezperetako kanpai-danbadak, Corpus egunekoak, komunitateko kide bat hiltzen zeneko kanpai-hotsak, eta abar. Kasu horietan guztietan kanpai-hotsari funtzio arrunta ematen zieten, baina Santa Kutz komentuan kanpaiak eta kanpaitxoak funtzio berezi edo bitxiagoetarako ere erabili izan dira. Esate baterako, edozein kideri deitzeko, leku batekin edo bestearekin identifikatzen ziren hainbat soinutako kanpaitxoak erabiltzen ziren (atezaindegia, kapera, jangela…). Horrela, kanpaitxoaren hots eta jotzeko eraren arabera, jakineko kode bat erabiltzen zuten, eta bertako mojek bazekiten norena eta norentzako zen mezu bakoitza.

Teknologiak aurrera egin duen heinean, kanpai hotsak zaharkituta geratu direla dirudi, batzuentzat orduak jotzeko bakarrik balio dutela esateraino. Beste askorentzat, berriz, zarata hutsa bilakatu da. Kanpai-deien mekanizatze berak ere aldaketak ekarri zituen, horien artean, ordura arte kanpaiek zituzten hots eta erritmoak ez mantentzearena. Dena den, ez dugu ahaztu behar, oraindaino kanpaiek izan duten eragina, hainbeste dei mota egiteko erabili izan baitira gaur egungo aurrerapenik ez zegoenean. Gure herriko kanpaiak ñabarduraz betetako hizkuntza tresnak izan dira duela gutxi arte, bere kodeekin eta esamoldeekin. Azkoitian oihartzun handia dute oraindik antzinatik datozen kanpai-hotsek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide