Kakuten gurutzea jarri zenekoa

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2022ko ots. 8a, 09:30
Kakuteko gurutzea.

Kepa Alberdi Egañak Maxixatzen.eus webgunerako egindako ekarpen berria: 'Kakuten gurutzea jarri zenekoa'.

XIX. mendearen amaierakoa da mendi tontorretako gurutzeen jatorria aipatzen duen lehen dokumentua. Hain zuzen ere, Leon XIII.a Aita Santuak mendietan gurutzeak eraikitzea proposatzen zuenekoa da, nahiz eta aurretik ere bazeuden batzuk. Aita Santuaren eskaera mende berri baten hasierakoa da, XX. mendekoa zehazki. Eskaera erredentorea gogorarazteko eraikin esanguratsuak egiteari zegokion, eta toki bakoitzeko fededunen erlijio-batzordeak arduratu ziren gurutze haiek egiteaz eta mendi tontorretan ipintzeaz. Garaiko fede eta sinesmenen arabera, herrien ondoko mendi esanguratsuenen gailurretan eraikitzen ziren gurutzeak, bai horiek zerutik hurbilago egoteagatik eta bai izaki misteriotsuak bizi ziren tokiak izateagatik. Hasiera batean, urteroko prozesioetara bertaratzen ziren hurbileko herrietako biztanleak biltzen ziren gurutzeen inguruan. Geroago, ordea, mendizaletasunaren jaiotzarekin batera, mendi tontor berrien bila zebiltzan mendizaleak.

Inguruan oihartzun handia izan zuten horrelako proiektuek, bereziki Xoxote mendiaren ertzetako batean San Inaziori eskainitako estatua bat jartzeko ekimenak. Bilboko Luistarren kongregazioko Aldatz-Gora mendi taldeak abiatu zuen proiektua, baina, mandoez baliatuta, Azpeitiko mendizaleek igo zuten material guztia Xoxote gainera. Estatua hura, 1956ko uztailaren 15ean inauguratu zuten.

Kakuteko gurutzea eta zabalgunea.

Kakuteko buzoia.

Azpeitiarrek San Inazioren irudia egin aurretik ere asko aipatzen zen azkoitiarren artean herriko mendi gailurretan ez zegoela gurutzerik. Azpeitiarrek ipinitako irudia ikustean, are gehiago areagotu zen mendi tontor esanguratsu batean gurutze bat ipintzeko nahia. Hori horrela, berehala hasi zen Anaitasuna Mendi Bazkuna lehen urratsak egiten, gurutzea non kokatu pentsatuz eta proiektua nola bideratu zezaketen hausnartuz.

Gai horrek nahiko eztabaida eragin zuen Anaitasuna mendi bazkunaren barruan, eta ika-mika eta liskar haiek taldearen zatiketa ekarri zuten. Tirabira haiek zer neurrietaraino okertu ziren ikusi ondoren, taldetik kanpo gelditu ziren kideak berriro taldera bueltatzeko saiakerak areagotu ziren 1965. urtean. Horietako batzuk adierazi zuten, ez zirela berriz mendi bazkunara bueltatuko, taldeak gurutzea egiteko asmorik ez bazuen.

Horrela, eztabaida eta elkar ulertu ezin haiek, adostasun eta adiskidetasun bihurtzen joan ziren pixkanaka, eta modu horretan hasi zen forma hartzen Azkoitian gurutzea jartzeko proiektua. Dena den, gurutze hark esanahi edo zentzu desberdina zuen batzuentzat eta besteentzat. Batzuentzat erlijio kutsua zuen, beste batzuetzat herriko mendirik altuenean ikur hori jartzeko nahia, eta azkenik, gehienentzat, Euskal Herrian hildako mendigoizale guztien oroigarri bat izatearen nahia zen gurutze hark adieraziko zuena. Kontuan izan behar da, garai hartan, mendigoizale deitura kalean erabat debekatuta zeuden eta zigortuak ziren abertzale sentimenduak adieraztera mendira irteten zirenei zegokiela.

Gurutzea Kakute gainean jartzeko adostasun orokorra hartu zenean, berehala gauzatu zen proiektua. Halere, nabariak izan ziren egitasmo hura aurrera ateratzeko diru arazoak. Dirua lortzeko, herritarren eta Azkoititik kanpo bizi ziren herritarren diru laguntza espero zen. Halere, laster ikusi zen proiektua aurrera ateratzeko diru biltzeko, beharrezkoa izango zirela jaialdiak, zozketak eta antzerako ekimenak antolatzea. Euskal Jaialdia eta zozketa, biak antolatzea erabaki zuten, eta lehena gauzatzeko, herriko pilotalekua doan uzteko eskaera egin zioten udalari. Udalak baimena eman ondoren, lana eman zuen jaialdiko egitaraua osatzeak. Azkenean, parte hartzera prestatu ziren pertsonen eta taldeen borondate onari esker, jaialdi bikaina eta arrakastatsua egin zuten, bai jende aldetik, baita bildu zen dirutzagatik ere; izan ere, 29.789,25 pezetako irabazi garbia lortu zuten.

Euskal Jaialdia, 1966ko martxoaren 27an egin zuten. Zarauzko La Salleko Izarra txistulari taldeak, Etxabe anaiak bertsolariek, Donostiako Oinkari eta Gaztetxo taldeko dantzariek, Julian Lekuona abeslariak, Azpeitiko Oargui dantza taldeak eta Azkoitiko Anaitasuna abesbatzak parte hartu zuten. Era berean, jaialdi hartan atera zuten dirua biltzeko antolatu zuten zozketaren zenbaki irabazlea. Saridunak ur berogailu bat eta arropa lehorgailua irabazi zituen. Halere, ez ziren orduan bukatu dirua ateratzeko antolatu zituzten ekimenak. Beste jaialdi bat antolatzeaz gain, 1966ko Gabon-eskean eta santa eskean ere atera baitzen herriko mendizalez osatutako abesbatza bat. Era berean, Domenech dendan edozein momentutan eman zitekeen proiektua babesteko dirulaguntza.

Ixkitturri.

Herriko ekimen desberdinetan parte hartu zuen Raimundo Alberdi Uriak prestatu zituen gurutzea egiteko proiektua eta planoak. Garai hartan Acerias y Forjas lantegiko Patxi Gaminde zuzendari teknikoa eman zuen estrukturaren plano eta proiektu osoaren oniritzia. Proiektatu eta gero Kakuten jarri zen gurutzeak, 12,30 metroko altuera du, eta 4,30 metrokoa da bere besoen zabalera. 1966ko urtarrilean egin zuten proiektuaren lehen aurkezpena. Lursailaren jabea zen Leokadio jaunari idatzizko baimena eskatzea izan zen lehen zeregina, nahiz eta hark aurretik lursaila uzteko prestutasuna hitzez emana zuen. Horretarako, Anaitasuna Mendi Bazkunak idatzi bat prestatu zuen; gailurrean eta hara eramaten duen bidean behar ziren lanak egiteko baimena eskatu zioten. Proposamena onartu ondoren, martxan jarri zuten proiektua.

Hasiera batean arazorik larrienetakoa diruarena bazen ere, ez zen hori izan herritar haien buruhauste bakarra. Behin proiektua eskuartean zutela, Kakute puntaraino materiala nola igo pentsatzeak bakarrik ikara sortzen zuen. Baina bazituzten bi aukera: lehena, autoak ibiltzeko Aritzaga (Aitza) baserriraino egin zen bide berria erabiltzea; eta bigarrena, Itziartik zetorren egurra ateratzeko mendi bide bat erabiltzea. Probatzeko asmoz, kamioian kargatu zituzten erremintak nahiz materiala, eta Aitza baserriaren atzean dagoen txabolara eraman zituzten lehendabizi. Oinez zihoazenek Baldatxo baserriko astoarekin egin zuten lehen bidaia, baina nahiko zeharkaldi zalapartatsua izan zuten; izan ere, beraien asto arra zeharo asaldatu zitzaien Aitza baserrira iritsi eta asto eme bat ikusitakoan, eta lurrera bota zizkien gainean zituen erreminta guztiak. Horiek berriro kargatu eta gorantz jo zuten, baina berehala ohartu ziren ezinezkoa izango zela aurrerantzean modu horretan tontorreraino igotzea. Horregatik, ordutik aurrerako bidaiak kamioian egin zituzten. Itziartik gora, Gaztelu-Aitz barrenetik Ixkitturri erdira doan bide erdiraino joan ohi ziren. Handik gorako zama lanak, berriz, Aittola Zaharreko mandoarekin egin zituzten. Dena den, ezinezkoa egin zitzaien materiala tontorreraino mandoarekin igotzea. Behin lortu bazuten ere, handik aurrera, azken zatia mendizaleek materiala bizkarrean hartuta egin behar izan zuten. Lan astuna eta neketsua izan behar zuen azken zati malkartsu hartan 50 kilo pisatzen zuten ur bidoiak eta zementu zakuak sorbaldan hartu eta igotzea.

Aritzaga baserria (Aitza).

Erremintak eta materiala mendiratzen hasi zirenetik urtebete pasatu zen gurutzearen oinarria izango zena eraiki zuten arte. Hasiera hartan, material garraiatze lan astuna medio, goizean goizo ateratzen ziren herritik, baina askotan 15:00ak jotzen omen zizkieten tontorrera heltzerako; horrek asko atzeratu zuen hasierako lana. Bestalde, kofratzaile lanean zekienik ez zen lan talde hartan, gehienak mekaniko lanetan aritzen baitziren. Azkenean, Joakin Urbieta Etxetxo arduratu zen lan hartaz, eta gurutze gaineko lanik zailenak eta arriskutsuenak ere hark egin zituen. Lan horrek ere izan zituen bere gorabeherak: masa egiteko behar zuten ura han goiko putzu batetik hartu behar izan zuten, eta bi artzainen arteko liskarrak medio, putzu hura urik gabe gelditzen zen. Putzuaren ondoan zegoen txabola artzain zahar batek erabiltzen zuen, eta hura ez zen ondo konpontzen Xoxote ondoan txabola zuen beste artzain batekin, azken horrek putzuan kanal bat irekitzen baitzuen artzain zaharra urik gabe gelditu zedin. Azkenean, Anaitasuna Mendi Bazkuneko kide batzuen bitartekari lanari esker, bi artzainen arteko haserreak nolabait baretu egin ziren, eta Xoxoten txabola zuen artzainari diru kantitate bat ordainduta, putzutik ura hartzeko moduan izan ziren.

Mendizaleen Aranako txabola eta ondoko putzua.

Lanak lan, 1968ko maiatzaren 5ean inauguratu zen Kakuteko gurutzea, berez lanak hil hartako 24an bukatu bazituzten ere; Ostiral Santuan, hain zuzen ere. Inaugurazio egunean gurutze ondoan meza emateko baimena lortzeko tramitea ere oso katramilatsua izan zen. Inaugurazio bezperan bertan Gotzaindegitik taxian ekarri zuten erretoreari idatitako baimena eman behar zitzaion, baina, azkenean, Aita Madinabeitia Jesulagunak eman zuen meza, Jexux Elorza Txanpainak lagunduta. Azken horrek bedeinkatu zuen Kakuteko gurutzea. Harrezkero, maiatzeko lehen igandean ospatzen da Kakuteko eguna.

Mendizaleen Aranako txabola Kakuteko egunean.

Lan haiek hiru urte luze iraun zuten, eta ezinezkoa litzateke proiektu bikain hartan parte hartu zuten herritarren zerrenda egitea. Dena den, ezin goraipatu gabe utzi, lan haiek iraun zuten bitartean Azkoitiko Anaitasuna Mendi Bazkuneko bi batzordeak osatu zituzten Agustin Arrieta eta Jesus Mari Larrañaga lehendakariak, eta batzordekideak izan ziren, Maria Jesus Domenech, Raimundo Alberdi, Lucio Arrieta, Arantzazu Alberdi, Urrategi Urzelai, Ignacio Arrieta, Joakin San Martin, Juan Jose Olalde, Jose Mari Larrañaga, eta Luis Larrañaga, besteak beste.

Gogora ekarri behar da, era berean, On Anastasio Albizu Aierbe herriko apaizak idatzitako bertsoak zituen plaka bat jarri zutela Kakuteko gurutzearen barrenean. Bertso horiek, gurutze horri momentu hartan herritarrek ematen zioten zentzua ondo baino hobeto adierazten dutenez, ona hemen zer dioten:

Azkoitiko Anaitasunako
Mendigoizale taldekoak
erriaren laguntasunarekin
jarri dute gurutze au 1968´garren
loraillaren 5´an
Euzkal-Errian hil diran
mendigoizale guztian oroigarri.

Odol gorria, odol gaztea
atsegin zaizu mendia
Euzkal Erriko zenbait gazteak
zugan dute illobia.
Zure ederra gordetzearren
eman zizuten bizia
mendigoizale il ziran eta
goian bezate argia.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide