Atzera begira

Antzokiak eta zinema aretoak

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2022ko urt. 23a, 09:00
Olimpia antzokiaren irudia, kanpotik.

Kepa Alberdik 2022ko Maxixatzenen urtarrileko alean Atzera begira atalean argitaratutako erreportajea da honakoa. 

Gaur egun, nahi ditugun genero guztietako filmak ikusteko aukera dugu zinema aretoetan, eta horretarako, pelikula desberdinak une berean ematen dituzten multizine izeneko eraikinak ditugu nonahi. Baina, joan den mendearen hasieran, filmak proiektatzeko teknikak, zinema aretoak zein mundu horrekin lotutako beste zenbait arlo guztiz desberdinak ziren. Antzerkiak berak ere aldaketa asko jasan ditu: esate baterako, lehen, antzezlanak herrian bertan prestatzen ziren, eta gaur egun, kanpotik etortzen dira obrak antzeztera. Azkoitian, antzezlanek bezala, film emanaldiek ere arrakasta handia izan zuten aurreko mendean, eta horren ondorioz, garaiko egoera sozialari eta politikoari lotutako bitxiak konta ditzakegu, baita zenbait pasadizo xelebre eta atsegin ere.

Aurreko mendearen hasieran ez zen antzokirik herrian. Kulturarekin lotutako ekintzak, antzezlanak barne, plazan zegoen Alondegian egiten ziren, duela gutxi arte Torre Zuri erakustokia zegoen lekuan, hain zuzen ere. Alondegiaren barruan kalean egon ohi den galtzada zegoen, eta eremua pixka bat txukundu ondoren, han moldatzen ziren ekitaldiak egiteko.

Ordurako, zinema emanaldiak indarra hartzen hasiak ziren; Euskal Herriko lehen zinema emanaldia Donostian izan zen, 1896ko uztailean. Azkoitiko lehen pelikula saioak, berriz, 1903koak dira, eta horiek udaletxeko bilkura aretoan proiektatzen zituzten. Filmak mutuak izanik, haiek proiektatzerakoan, pertsona bat arduratzen zen eszena desberdinetako pasadizoak kontatzeaz, eta piano doinuz ere girotzen zen aretoa. Herriz herri ibiltzen ziren teknikari batzuk arduratzen ziren filmak eskaintzeaz eta proiektatzeaz. Teknikari haiek udalaren baimena jaso behar izaten zuten filmak proiektatu ahal izateko, eta lanak zegokion zentsuratzaileari erakusten zizkieten aurretik. Joan zen mende hasieran, alkatea bera arduratzen zen, gainbegiratzaile moduan, aurrez filmak ikuskatzeaz. Behin filmak garaiko moralaren aurkako eszenarik ez zuela ikusi eta gero ematen zuen hark pelikula botatzeko baimena. Gerora, apaiz bat hasi zen ikuskatzaile lanak betetzen, baina hura lan handia zenez, azkenean, Gotzaintza hasi zen zentsuratutako pelikulen zerrenda bidaltzen.

Sei zentsura maila zeuden: zuria, umeak ikusteko modukoa; urdina, gazteentzakoa; arrosa, morala eta etikoa, baina pertsona formatuentzat; gorria, film ausarta, ez ikusteko modukoa; berdea, pornografikoa, ez ikusteko modukoa; eta beltza, fedearen eta erlijioaren aurkakoa eta erasotzailea, ez ikusteko modukoa. Garai hartan, herritarrek buruz zekiten kolore bakoitzaren esanahia. Gerora, sinbologia aldatu egin zen, eta Erriberaneko Txurreriako erakusleihoan jartzen bazuen filma 3R mailakoa zela, hobe hura ikustera ez joatea; izan ere, gazteek, adibidez, kongregaziotik kanpora geratzeko arriskua zuten. Gai hari lotuta, Olimpiak nahiko begirune zuen herriko agintarientzat eta eliz gizonentzat, han ematen zituzten filmak "moralitatearen barruan" zeudelako; kontrakoa gertatzen zen Gurea frontoian eskaintzen zituztenekin, esaten baitzuten film batzuk lizunkeriaz betetakoak zirela.

Aurreneko film emanaldiak udaletxeko batzar aretoan izan baziren ere, ondoren beste hainbat gelatan eta aretotan eskaintzen hasi ziren: Gurea pilotalekuan, Olimpia antzokian, parrokiako kantzelean, Sindikatuko lokalean, Floreagako aretoan, eta azkenik, Baztartxo aretoan.

Udaletxeko batzar aretoan denbora batean filmak ematen aritu ondoren, herriko zenbait talde politikok hartu zuten erreleboa, eta horiek beren lokaletan hasi ziren film emanaldiak antolatzen. Talde haietako bat Sindikatuko lokalean hasi zen emanaldiak antolatzen, eta saio haiek aurretik eskaintzen ziren musika emanaldiekin uztartzen zituzten. Sindikatu lokal hura gaur egun Kutxa entitatea dagoen eraikin berean zegoen. Han zegoen filmen proiektorea, antza denez potentzia gutxikoa zen, eta pantaila lana egiten zuen teloi edo izara lokal erdian ipintzen zuten, modu horretan filma aretoaren bi aldeetatik ikusteko. Proiektoreak pelikula mutua izararen alde batetik botatzen zuenez, filmaren azpian azaltzen ziren hizkiak ondo ikusten ziren alde hartatik, baina alderantziz, bestaldetik. Hori horrela, hizkiak ondo ikusten zituzten aldekoek 10 zentimo (hiru kuartokoa edo txanpon beltza) ordaintzen zituzten, eta bestaldekoek, letrak alderantziz ikusten zituztenek, bost zentimo, hau da, "xemiko bat". Azken horiek umeak izaten ziren normalean.

Aurreko mende hasieran, antzerki zaletasun handia zegoen Azkoitian, eta giro hartan, antzoki baten beharra ikusten zen herrian. Eliza bera ere oso aktiboa zen antzerki jardunetan, eta giro hura aprobetxatuz, Olimpia eraikinean antzoki bat egokitzea erabaki zuten. Eraikinaren beheko partean antzokia eta gainean zortzi etxebizitza egiteko proiektua atera zen aurrera, eta 1930ean eraiki zuten hura. Horrela, gerra aurretik eta gerora ere, antzerki emanaldi asko izan ziren Olimpian, eta herriko aktore askok parte hartzen zuten; horietako batzuk, Txakalanekuek adibidez, ospe handia lortu zuten. Olimpiak, beheko solairua eta anfiteatroa zituen, azken hori gallinero izenekoa. Ez zen hori izen berezia zuen eremu bakarra, ezkutuko kontuak zirela eta, "beso motzen ilara" deitzen baitzitzaion aretoko azkenengo lerroari. Olimpiako beheko plantan butakak zeuden, eta anfiteatroan egurrezko jarlekuak. Azken horiek merkeagoak ziren, eta gazteak, normalean, han esertzen ziren. Pixkanaka, film mutuak botatzen hasi ziren, eta ohikoa zen horretarako prestatutako pertsona baten ahotsa entzutea: ikusleei pelikularen gorabeherak kontatzen zizkien hark, "orain gaiztoak tiroka hasiko dira" eta antzeko azalpenak emanez. Tarteka, zuzeneko musika ere jartzen zuten pelikula girotzeko, esaterako, piano baten soinua.

Azkoitian ez zen Olimpia antzokiaren edukiera zuen beste lokalik, eta horregatik, herriko batzarrak eta bestelako ekitaldi handiak han egiten zituzten; besteak beste, Kooperatibako batzarrak, mitin politikoak, enpresetako batzarrak, konferentziak eta abar antolatzen ziren han. Pertsona ezagunen eta garrantzitsuen lekuko ere izan zen Olimpia, eta beste batzuen artean, Jose Antonio Agirre lehendakaria, Manuel Irujo jeltzalea, herriko hizlari jeltzale handia izandako Julene Urzelai eta Martinez Anido ministro kontserbadorea izan ziren han. Bitxia bada ere, 1988tik 1992ra artean Eliza funtzioa ere bete zuen Olimpiak, parrokiako lanak zirela eta. 1950eko hamarkadaren amaieran itxi zuten behin betiko, eta 2009ko otsailean eraitsi zuten eraikina.

Floregako eskolan eta parrokia azpiko kantzelean ere proiektatzen zituzten pelikulak. Garai bateko moralitate kontuak zirela eta, bertako hermanoek Floreagan mutilentzako pelikulak ematen zituzten, eta kantzelako proiekzioak, berriz, neskentzako izaten ziren. Floreagan, pelikulaz aparte, antzerki emanaldiak ere izaten ziren, eta herriko gaztetxo guztiak hara joaten ziren igande arratsaldetan. Elizak bazuen garai hartan umeak mezetara joatera behartzeko halako trikimailu bat: igande goizean, haurrek 08:00etako meza eta komunioa izaten zituzten Floreagan, eguerdian meza nagusia parrokian, eta gero, beste elizkizun bat izaten zuten elizako kapila batean. Hiru elizkizun haietara joanez gero, arratsaldeko filma edo antzezlana ikusteko txartelak lortzen zituzten, eta sarrera librea izaten zuten, 15 zentimo (3 xemiko) aurreztuz.

Bestalde, Floreagako antzerki emanaldiek oso ospe handia zuten. Gazteak 22:00 aldera joaten ziren, lanetik atera eta gero, antzerki entseguak egitera. Lan bikaina egin zuten urte askotan, 60 obra baino gehiago prestatu eta antzeztu baitzituzten, horiek ikustera joaten zen herriko jendetzarentzat pozgarri.

Azken hamarkadetan, Baztartxon izan dira gure herriko film emanaldiak eta antzerki funtzioak. Baztartxo 1958an ireki zuten, bertako bazkideen artean: Zelaia, Roman, Miguel Romarate eta Cuende herritarrak zeuden han. Beste garai batzuk ziren, eta film bakoitza bost karretetan banatuta ekartzen zuten 20 kilo pisatzen zuen zaku batean. Bi elektrodoren arteko suarekin lortzen zen filma eskaintzeko argia, eta ondo zaindu behar zen, pantaila ilunduz gero txistu hota ederra entzuten baitzen aretoan. 1984ko apirilaren 30ean, justu 25 urte betetzen zituen urtean, itxi egin zuten Baztartxo, eta horrela egon zen zazpi urtez. Zer esanik ez, herriko zinema eta antzoki areto bakarra itxita egon zen urte haietan kulturan hutsune nabarmena sentitu zela Azkoitian.

Baztartxon Jose Inazio Aramendi egon zen urte askoan lanean, lehenengo laguntzaile moduan eta gero operatzaile bezala. Aramendik badu pasadizo pila bat kontatzeko, eta horietako batek dio Baztartxo dela oraindik Titanic transatlantikoa urperatu ez duen zinema areto bakarra. Dirudienez, pelikula famatu hura ematen ari zela, proiektorea hozteko motorra gelditu egin zitzaion, eta barrua asko berotzen zela ikusita, proiekzioa moztea erabaki zuen. Oraindik transatlantikoa urperatu gabe omen zegoen, eta hortik datoz geroztik entzun dituen txantxa denak. Tomas Guembek hartu zion Jose Inazio Aramendiri erreleboa, eta gaur egun hark jarraitzen du operatzaile lanetan. Operatzaile lana aretoko foku, argi, soinu eta bestelako elementuen zaintzarekin eta mantenuarekin uztartzen ditu Guembek, eta beste hamaika zereginen arduraduna ere bada.

Bukatzeko, eta azken bitxikeri bezala, Erriberaneko Txurreriko haurtzaindegiaren historia aipatu gabe ezin utzi. Duela hamarkada batzuk, Txurrerixe dendan ipintzen zuten pelikulen kartelera, orduan kuadroa deitzen ziotena. Kontua da, bikote ezkonduak zinemara joaten zirenean, umeak Txurrerixe dendan uzten zituztela. Bertan banku luze bat zegoen, eta han egoten omen ziren eserita kontuak esaten eta tarteka kalera atera eta jolasten. 21:00 aldera bukatzen zen emanaldia, eta orduan pasatzen omen ziren gurasoak berriro ere Txurreritik, umeak jaso eta etxera erretiratzera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide