Atzera begira

Azkoitiko kontu mitologikoak eta kondaira zaharrak (I)

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2021ko ira. 19a, 08:45
Sorginiturri.

Kepa Alberdi Egañak idatzitako ekarpena: 'Azkoitiko kontu mitologikoak eta kondaira zaharrak (I)'. Datorren igandean, gaiaren bigarren zatia irakurtzeko aukera izango da.

Garai batean, lur hauetan kristautasuna errotu aurretik, mitologia ez zen sineskeria hutsa, antzinako euskaldunen erlijioa baizik. Esan daiteke, mitologia natura beraren gainetik zegoen mundu bat zela; gizakiak berak sortutako pertsonaia mitikoetan eta elezaharretan oinarritutako sinesmena, bizitzaren funtsezko arazoei erantzuteko. Euskal Herri osoan zabalduta daude halako kondairak eta istorio zaharrak, eta Azkoitian ere badugu bertoko zenbait pertsonaia mitologikoen eta elezaharren berri.

Azkoitian, Euskal Herriko beste leku askotan bezala, Ama Lurraren adierazpen nagusia den Mari pertsonaia da emakumezko euskal dibinitaterik ezagunena eta garrantzitsuena. Mari jeinu guztien ama dela esan ohi da, baina Azkoitian, Amuteko Dama izenez ezagutzen da. Bertako elezahar batek dio, sugearen itxura hartzen duen Maju pertsonaia duela senarra, eta biak elkartzean, izugarrizko kazkabarrak eta euri-jasak sortzen dituztela; uste da, biak ostiraletan elkartzen direla Azkoitian.

Esan izan da, behin, kanposantu ondoan dagoen Baldatxo baserritik Juingo dorrera jaisten ikusi zutela Amuteko Dama, eta emakume oso garaia izateaz gain, bere aureolari argi eginez ilargia zeramala buru gainean.

Aizpuru baserria.

Duela gutxi, gainera, Amuteko Damarena izan daitekeen zizelkatutako irudi baten aurkikuntza harrigarri bat izan da Azkoitian. Irudia Olasoko bidetik alde batera dagoen Aizpuru baserrian aurkitu zuten, baserriaren atzeko kantoi bateko beheko aldean kokatuta. Bi horma hartzen ditu, eta izatez handia ez den arren, berezia eta balio handikoa da, ziurrenik, Mari jainkosaren lehen irudia izan daitekeelako. Irudiak, emakume bat irudikatzen du, eta aurpegi inguruan ilearen edo ilargiaren irudikapena zatekeena du. Eskuak, berriz, aurpegiaren azpiko aldean elkartzen dira. Barandiaranen idatzietan agertzen denez, Azkoitian Mari burua ilargiaz inguratutako emakumea bezala irudikatzen zen. Amuteko Damaren irudia Izarraizko mendikateari begira dago. Ez dago argi irudia noizkoa izan daitekeen, baina datu bat har daiteke kontuan: Aizpuru baserria erre egin zen 1670. urtean, eta hurrengo urtean eraiki zuten berriz. Amuteko Damaren irudia lehengo baserri hartako hormakoa izan daiteke; izan ere, tailatuta edo zizelkatuta dagoen harria, horma ertz horretako beste hiru edo lau harrirekin batera, kareharrizko horma baino ilunagoa da.

Aizpuru baserriko Amuteko Dama.

Aizpuru baserri inguru horrek badu halako xarma magiko bat. Handik hurbil aurkitzen dira, era berean, Sorginiturri iturria, Kalapartso eta Albizuri baserriak, baita Aitza mendia ere. Inguruko zaharrenek diote, sorginak Sorginiturrira joaten zirela arropak garbitzera. Albizuri baserritik hurbil dago iturri hori. Gaur egun han bizi direnek esaten dute, haien osaba bat gertakizun bitxi baten lekuko izan zela duela hamarkada batzuk. Dirudienez, arratsalde batean, Izarraitz aldera joan zen ardiak ondo al zebiltzan ikustera. Horiek topatu ez, eta etxeratzean aitak aginduta bezala, hurrengo goizean eguna argitu aurretik atera omen zen berriro ardien bila.

Albizuri baserria.

Albizuri baserriko egurrezko tailua.

Sorginiturrira hurbiltzen ari zela, pertsonen ahotsa entzutean harritu egin omen zen. Inguruko baserrietako emakumeek iturri hartara arropak garbitzera joateko ohitura bazuten ere, haiek ez ziren horretarako orduak. Begiratzera hurbildu zenean, zuriz jantzitako emakume bat agertu omen zitzaion, eta guztiz izututa etxeratu ondoren, ez omen zen gehiago baserritik eguna argitu baino lehen atera. Albizuri baserrikoek diote, emakume hura Sorginiturriko Dama zela esaten zuela osabak. Gainera, baserri horretan bada egurrean tailatutako andere irudi bat, eta horrek ere zer pentsatua ematen du, Aizpuru baserriko horman dagoen irudiarekin aldiberekotasun batzuk baititu. Albizuri baserrikoek, ordea, ez dakite nork eta noiz egindako irudia den. Bestalde, Oteiza eskulturgile ospetsuaren aitona, Kalapartso baserrikoa zen, eta berak zioen, mutil koskorretan aitonarekin zegoen egun batean zaldi zuria irten zitzaiola; hura, Atarrabi izango zela zioen, euskal mitologiako pertsonaia ona; Mikelats, adiz, pertsonaia txarra zen.

Kalapartso baserria.

Olaso bailaratik pixka bat gora joanda, Madariaga aldera heltzen da, eta auzo horren inguruan ere badira zenbait kontu mitologiko eta kondaira zahar. Madariagatik Aittola alderako bide bazterrean dago gure herrian horren ezaguna den Mari Kutzeko putzua. Batzuek diote, bere izena Mari Kutxatik datorrela. Hortik dator, hain zuzen ere, ur azpian urrezko txanponez betetako kutxa lurperatuta dagoela kontatzen den istorioa. Putzuaren alderik luzeenean txanpona alde batetik bestera ura ukitu gabe nork bota norgehiagoka asko izan zen garai batean. Inguru hartan mugitzen ziren artzainen arteko apustu asko izan ziren putzuan; baita etxearen zein baserriaren nagusiari errenta ordaindu edo ez erabakitzeko txanpon botatzeaz baliatzen ziren kasu askotan. Esan izan da, hortik etor litekeela putzuaren azpian altxorra dagoela dioen kondaira, aspalditik datorren istorioa baita apustu horiena, eta ondorioz, urrezko txanpon asko egon daiteke putzu horretako lokatz artean. Dena den, urrezko kutxaren kondaira lotuta dago, era berean, Mari Kutzeko putzutik hurbil dagoen izen bereko trikuharriarekin. Lurperatuta zegoen altxorraren sineskeria zela-eta, han ere ibili zen jendea zangak egin eta lur azpian arakatzen.

Marikutzeko putzua.

Jose Migel Barandiaran etnologo jakintsua izan da trikuharriekin. Gure arbaso zaharren beste aztarnekin batera, mitologiari lotutako beste hainbat testigantza, mito, erritu eta kondaira bildu ditu Euskal Herri guztian zehar. Aita Barandiaran berak kontatu zuenez, gure herrian bada kondaira bati lotutako beste pertsonaia mitologiko baten entzutea ere, Basajaunena hain zuzen. Dirudienez, norbait hiltzen zenean, izara zuri bat ateratzen zen baserriko teilatu gainera, beti ere aurreko baserriari begira. Horrela, bailara guztian baserriz baserri, izara zuria erakusten zion batak besteari; azken baserriak basoari erakutsi behar izaten zion, horrela adierazten baitzion Basajauni bailaran norbait hil zela.

Azkoitiko kondaira horiek askorentzat garai bateko sinesmen paganoari lotutako elezahar hutsalak izan arren, euskal mitologiak, ikuspegi historikotik eta kulturaletik begira, garrantzia handia du gurea bezalako herri aparta eta bitxiarentzat. Europako herririk zaharrena izanda, ezinbestekoa da bere sustrai eta berezko identitatearen giltzarria aurkitzeko. Eginbehar horretan, Azkoitiko elezaharrek eta istorioek ere badute bere tokia. Hemengo arbaso zaharrek ere, Euskal Herriko beste hainbat txokotan bezala, beren pertsonaia mitikoak eta sinesmenak baitzituzten, egunerokoan aurrera egiteko makulu moduan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide