Azkoitiko Romeo eta Mutrikuko Julieta

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2018ko abe. 30a, 09:05
Idiakez jauregia (Etxebeltz) - Azkoitia.

Literatura tradizionalean, ohikoak dira amodiozko istorio edo pasarte liluragarriak, eta horien artean ezagunenetarikoa William Shakespearek XVI. mendearen azken hamarkadan idatzitako Romeo eta Julieta tragediazko obra ospetsua da. Lan horretan, Veronako Montecchi eta Capuleti bi familia nobletako seme eta alaba banaren ezinezko maitasunaren istorioa kontatzen du antzerkigile ingelesak.

Liburu horretan kontatzen dena benetan gertatu ez bazen ere, badirudi bertan agertzen diren zati batzuk Azkoitiko eta Mutrikuko leinu oneko bikote batek bizitako maitasun istorio batean oinarritzen direla. Izan ere, William Shaskespearek obra hori idatzi zuen garai berean, Azkoitiko Idiakez etxe ospetsuko seme Pedro Idiakez eta Ermuko Lobiano eta Mutrikuko Ibissate leinuetako alaba Isabel Lobiano oihartzun handiko antzeko gertakari baten protagonistak izan ziren.

Garai haietan ohikoa zen familia nobleetako alabak monasterio edo komentu batean sartzea ezkontzeko adina heldu bitartean, eta are gehiago dontzeilaren ezkontza bi familien artean aurrez hitzartzen bazen. Horrela gertatu zen Isabel Lobiano Ibissaterekin: 1592an aita hil ondoren, Mutrikuko Areizieta mojen komentuan sartu zuen amak, 9 urte besterik ez zuenean. Alaba bakarra zen, eta haren birramona Brigidak bere ondasun guztien oinordeko izendatu zuen. Hori horrela, birbilobaren itxialdia zela eta, birramonaren aginduak zorrotzak ziren: «para custodia, criança y enseñança». Neurri gogorrak hartu zituen Isabel umearekin, harreman desegokien beldurragatik eta familiaren ohore garbia mantentzeko, eta kanpokoekiko kontaktu guztia debekatu zitzaion. Pedro Idiakez, berriz, nahiz eta semeetan bigarrena izan, oinordeko gisa izendatzeko asmoa zuen Francisco Idiakez aitak; izan ere, seme zaharrena Felipe II.a erregearen idazkaria zen eta Madrilen bizi zen, eta ez zuen interes handirik Azkoitiko familiak zituen ondasunetan.

Lili jauregia-Zestoa

Isabelek komentuan lau urte zeramatzala, Pedro Idiakezek maitasuna aitortu zion, eta haren aitak ezkontzaz elkartzeko asmoa jakinarazi zion Isabelen amari. Bi familien harremana ezin hobea izan zen, harik eta Francisco Idiakezek asmoa aldatu, emandako hitza hautsi eta oinordekotza Martin seme zaharrenari ematea erabaki zuen arte. Horrela, eztei tratuari zegozkion kontuak berehala okertu ziren, bi gazteen arteko ezkontza Pedroren oinordekotzak baldintzatzen baitzuen.

Isabelen ihesaldia

Bitarte horretan, komentu barruko konplizitate batzuei esker, eta oso modu bitxi eta ezohikoan, Isabelek eta Pedrok elkar ezagutzeko modua izan zuten. Bien arteko maitasuna sendotu eta gero etorri zen bi familien arteko haserrea eta ezkontza haren gaineko desadostasuna, Isabelen amak atzera egin baitzuen Pedroren oinordekotza ezerezean geratu eta gero. Bikote maiteminduak atsekabe eta tristura handiz hartu zuen gurasoen liskar gaiztoaren egoera berri hura, baina ez zeuden prest beren maitasuna bertan behera uzteko, eta Isabelen ihesa prestatzeko azpilanean hasi ziren komentuko priorea zen Placida Ganboaren ezkutuan. Isabelek oso konplize leiala zuen komentu barruan: bere irakasle Ana Urrutia lekaimea, eta kanpoan, berriz, Juan Urrutia, haren aita. Azken hori arduratzen zen Pedro Idiakezen gutunak komentura eramateaz, eta horretaz baliatu ziren Isabel komentutik atera eta ihes egiteko plana prestatzeko. Horrela, 1596ko abuztuan, Isabel Lobianok gutun bat entregatu zion ihes egiteko seinale gisa Juan Urrutiari, Pedro Idiakezi entrega ziezaion. Honela zioen aurrez adostutako idatzi-seinaleak: «Ya estaua acauado de coser el lienço y que bien podría venir el dicho dia jueves». Ihesa prest zegoen, beraz, eta hurrengo ostegunean ekitea erabaki zuten. Horren ondoren, ekainaren 20an, aurrez antolatutakoari bidea emanez, eskale batzuk hurbildu ziren komentura, ogia eta sagardoa eskatzeko aitzakiarekin. Baina komentu barruko lekaime batzuk kanpoko zuhaitzen atzean ezkutatuta zeuden gizon batzuez ohartu, eta berehala eman zuten beren susmo txarren berri, lapurrak zirela pentsatuta. Horrenbestez, goizeko asmoak zapuztuta geratu ziren, baina arratsaldean, siesta garaian, eta atezainak ohartu gabe giltza ateko sarrailan utzi zuela konturatu zirenean, berehala atera zuten Isabel komentu barrutik. Segidan zaldi gainean jarri, eta, Pedro Idiakezen laguntzarekin, Mutrikutik Sasiolarako bidea hartu zuten.

Lobiano jauregia-Ermua

Komentuko mojek, gertatutakoaz ohartu zirenean, laster eman zieten Mutrikuko biztanleei pasatutakoaren berri, laguntza eskatzen zuten bitartean. Jarraian, denborarik galdu gabe, mutrikuar asko atera zen bi maiteminduen atzetik; izan ere, bazekiten Sasiola aldera hartu zutela, eta Deba ibaia gurutzatzera heltzen baziren oso zaila izango zutela Isabel Lobiano berriro ere herriratzea. Bestaldetik, Kalbaixotako gaina eta Astigarribiako bailara igaro ondoren, heldu zen ihes taldea Sasiolako monasterio ingurura. Aldi hartan, Deba ibaia zeharkatzen zuen bertoko zubia erorita zegoen, eta ur gutxien jaisten zen lekutik pasatu zen ihes gizataldea beste ibaiertzera. Baina dena ez zen nahi bezala joan: Domingo Erkizia apaizgaia, zeina eskale arropaz mozorroturik laguntzen aritu baitzen, Deba ibaian ito zen, hura zeharkatzeko ahaleginean huts eginda. Francisco Idiakez, Pedroren aita, ordurako ibaiaren bestaldean zain zegoen, handik aurrerako bidean bikoteari laguntzeko. Atzetik segika zetozen Isabelen familiako partaideen kontuak bestelakoak ziren: ibai ondora heldu, eta sekulako amorrua hartu zuten iheslariek ibaia zeharkatua zutela ikustean. Idiakezen semea eta ihes taldea lasai zeuden behin Debako lurretan sartu zirenean, ibaiaren alde horretan geratzen ziren Lastur, Zestoa eta Azkoitia herrietako bizilagunak Idiakez eta Lili etxeen agintepean baitzeuden.

Lasturrera heldu baino zertxobait lehenago, eta arerioek zereginik ez zutela ikusirik, ihes taldea Leizaola etxetzarrean geratu zen, sagardo pixka bat edaten zuten bitartean atseden hartuz. Denbora asko igaro baino lehen ekin zioten Deba eta Urola bailaren arteko mendiak zeharkatzeari, eta, Zestoako Lili jauregira heldu zirenean, hantxe geratu ziren afaltzen, Juan Perez de Lili bertako nagusiaren konpainian. Perez de Lili Pedro Idiakez jaunaren hurbileko senidea zen, eta bertan lotan geratzeko esan zion; alabaina, afaldu ostean Azkoitirako bidea hartu zuten, ezkontza eginbideak ahalik eta azkarrena betetzeko asmoarekin. Isabel andregaiak Azkoitiko Zabala jaunaren etxean eman zuen gaua, eta Pedro Idiakezek hurrengo egunean hartu zuen Isabel etxeratzeko bidea. Horrela, Landakarandako baratzean lagunen agurra jasotzen zuten bitartean, herriko Errazti apaizaren aurrean eskutik helduta eman zioten elkarri ezkon-fedea Isabel Lobiano eta Pedro Idiakezek, nahiz eta 1563ko Trentoko Kontzilioa egin zenetik debekatuta egon ezkutuko edo isilpeko ezkontzak. Ondoren, Catalina Idiakez Pedroren izeba zenaren etxean jarri ziren bizitzen ezkonberriak.

Astigarribia bailara-Mutriku

Ezkutuko ezkontzaren ondorenak

Azkoitiko herriak hasieratik onartu zuen Isabel Pedroren emazte gisa, baina ez Lobiano etxekoek. Isabelen amak berehala salatu zuen Iruñeko auzitegi eklesiastikoaren aurrean bere alabaren bahiketa. Soka luzea ekarri zuen kontu hark: Bizkaiko eta Gipuzkoako agintariekin batera, gorteko itzal handiko pertsonek ere parte hartu zuten, eta bi familien arteko auziak oihartzun handia izan zuen orduko jendartean. Baina, kontuan harturik Idiakez etxeak botere izugarria zuela, eta horrez gain Isabel Lobianok berak adostutako bahiketa izan zela, Elizak azkenean absoluzio epaia eman zuen, eta ezkontzaren baliotasun osoa onartu zuen.

Dena den, ez zuten zorte bera izan gertaera hartan parte hartu zuten beste pertsona batzuek: bikoteari ihesean lagundu zion Ana Urrutia debarra nahiko gogor hartu zuten, eta Areizieta komentuko moja komunitateak ere estualdiak izan zituen, Mutrikuko bizilagunek bertako priorearen arduragabekeria salatu ondoren. Izan ere, bertoko mojak ihesaren berri ematera Mutrikuko herrira atera zirenean, eta segidan ihesaldiaren atzetik ibiliz, klausura praktika hautsi zuten, eta eskomunio zigorra ezartzeko hutsegitean erori ziren.

Sasiola komentua-Deba

Pedro Idiakez gazte hil zen, handik denbora gutxira, eta Isabel geratu zen Lobiano eta Idiakez etxe handien jarraitzaile bakar moduan. Bide batez, bi leinu ospetsu haien segida bermatuta zegoen, Pedro bizi izan zen bitartean izandako Clara eta Catalina alabekin eta aita hil eta berehalaxe izandako Pedro semearekin. Pedro Idiakez Lobiano, mutila izanik, oinordeko bihurtu zen, eta Malagako gobernadore izatera ailegatu zen. Bestaldetik, Catalina moja sartu zen, eta Clara, berriz, Pedro Ipañarrietarekin ezkondu zen.

Romeo eta Julieta obra zorigaiztoko hiletekin amaitzen da, baina ez zen horrelakorik gertatu Azkoitiko Pedro Idiakez eta Mutrikuko Isabel Lobiano bikotearen arteko amodio istorioarekin. Nolanahi ere, bi kasuetan, familiaren, herritarren, Elizaren eta bestelako giza zitalkeria eta arazo guztien gainetik beren maitasunari eustea erabaki zuten, bai Italiako bikoteak bai Gipuzkoakoak. Dena den, bi gertaeren artean desberdintasun handi bat dago: Romeo eta Julietaren amodio istorioa ez bezala, Isabel Lobiano eta Pedro Idiakezena benetan gertatutakoa da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide