Geure ama eta amonei zor diegu

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2018ko ira. 28a, 13:24

Duela laurogei urte izandako gerra zibileko pasarte batzuk irakurtzen ari nintzela, suminduta geratu naiz Gonzalo Queipo jeneral kolpistak orduan egin zituen adierazpen batzuekin. Bertan, gerran gizonaren aldetik emakumearekiko nagusitzen den jarrera iraingarri eta mespretxagarria islatzen da.

 

Honela zioen militar faxistak: “Gure legionario erregular adoretsuek benetan gizon izatea zer den erakutsi diete gorri koldarrei, eta, bide batez, haien emakumeei ere. Nahi beste marru eta aztalka egin dezatela, ez dira libratuko”. Eta berak esanda bezala, emakumeak ez ziren libratu. Militar honek sarraski izugarriak egin zituen eta Sevillan bakarrik, 14.000 hilketaren erantzule zuzena zen. Mespretxu eta eskarnio adierazle moduan, egun, Sevillako Macarena basilikan dago ehortzita bertako kofradiaren bedeinkapen guztiekin. Hemen ere badugu, garai hartan emakumeei egindako  izugarrikeri pasarte mingarri bat baino gehiago. Horren adibide, faxistek Bizkaia okupatu zutenean Zornotzan gertatutakoa da, moroek bertako 30 emakume hartu eta mendira eraman zituztenekoa, handik zortzi egunetara bueltan ekarriz, nahi zituztenak egin eta gero. Bai, gure lurrean ere, gerraren inpunitate zilegitasunaren babesean emakumeek pairatu zituzten krudelkeriak izugarriak izan dira.

Tarteka, atze begiratze bat egitea ariketa polita da, bitartean egin dugun ibilaldia aztertu eta ondorengo eginbeharrei bidea emateko. Berehala konturatzen gara emakumeak, emakume hutsa izateagatik, beti izan direla historian zehar zigor bikoitzera kondenatuak. Egia da, gizartearen genero ikuspegiari begiratzen badiogu, garai batetik hona gauzak asko aldatu direla, baina duela gutxi hain gaizki egoteak ez du esan nahi orain gauzak guztiz aldatu direla eta oso ondo gaudenik.

Ikusi besterik ez dago udarako festa garaia pasatu eta gero, nola berriro ere sexu eraso kontuak izan diren albisteetako kontu errepikatuenak. Kontzientziazio kanpainak, abusu matxisten aurkako protokoloak eta hainbeste babes neurri ipini dira praktikan, baina eraso anitzek ez dute etenik. Hori bai, olatu berri honek azken garaiotako diskurtso aldaketa ekarri du, eta gehiago edo gutxiago, gizarte eremu handi baten sentsibilitate eta kontzientzia zipriztindu ditu.

Aurtengo martxoaren 8a dugu horren adibide garbia. Nork pentsatu behar zuen halako jendetza mugituko zenik mobilizazio haietan, greba esanguratsua tarteko? Bai, izugarria izan zen, baina garbi dago egun bateko ekimenek bakarrik ez dutela balio mugitu behar den hori mugitzeko, garrantzitsua ez dela martxoaren 8an bakarrik egiten dena, baita martxoan 9an, 10ean eta urteko beste egun guztietan ere. Martxoak 8, egunero izan behar du.

Gauzak aldatzen doaz, baina ez gaitezen etxafuegoak botatzen hasi, gai honek ertz asko dituenez eta emakumeen menpekotasuna ez baita sexu eraso eta abusuetara soilik mugatzen. Egun, indarkeria matxista errotuta dagoen moduan, toki askotan zilegitzat hartzen da, eta emakumeek, mundu zabaleko kultura guztietan, nahiz eta maila desberdinetan izan, diskriminazio, injustizia eta era guztietako zapalkuntza jasaten dute. Esate baterako herrialde batzuetan:

      Lesbiana izatea krimen bat da, eta hauek harrikatu, jendaurrean zartailuarekin jo edo urkatu egiten dituzte.

      Sharia dela eta, ezkontzatik kanpora umeak izateagatik harrika hiltzen dituzte.

      Pedofilia legezkoa da eta aitek, 7-8 urteko neskak ezkontzera derrigortzen dituzte diruaren truke. Neska zenbat eta gazteagoa izan, ordun eta diru gehiago.

      Klitoriaren ebakidura urtean bi milioi neskari praktikatzen zaie, horrela emakumeen sexu nahia murrizteko.

      Semeak eskola pribatuetara bidaltzeko ohitura dago, neskak eskola publikoetara bidaltzen dituzten bitartean. Horrela, semeei heziketa hobea eman eta etorkizunean nahi duena izateko prestatzen dute. Alaba, nola ez, emaztea, ama eta amona izatera bideratuta dago.

      -Lanbide lege gehienak ez daude emakumeen eskubideak errespetatzera bideratuta.

      -Gizonak emakumeari tratu txarra ematen badio edo bortxatzen badu, ez da ezer gertatzen. Emakumeak ez du legez babesik, eta kasu askotan prozesatzen duten erlijioak indarkeria hori justifikatu egiten du.

      -Emakumea gizonaren posesioa denez, burka edo antzeko zapiekin estali behar du bere gorputza, soilik bere senarrak baitu ikusteko eskubidea.

      -Txirotasuna dela eta, familia askok beren alabak oraindik haurrak direla ezkontzera edo prostituitzera behartzen dituzte.

      -Etxeetan zerbitzari aritzen dira eta bertoko nagusia hauen jabe bihurtzen da, etxetik ateratzea debekatuz, bortxaketa sistematikoak jasaten dituzten bitartean.

      -“Nicab” beltza erabiltzera behartzen dituzte eta bekatua da bakarrik bizitzea, bizitza publikoan parte hartzea, gizonekin iritziak partekatzea, jendaurrean barre egitea, dantzatzea eta abestea.

 

Hori eta askoz gehiago. Isilik egoten ikasi behar duzu, iritzia eman gabe geratzen, ezkutatzen…, eta beste mespretxu askoren artean entzun ditzakezu, “ inor ez zara “, “ez zara ailegatzen”, “zuk ez dakizu”, “ezin duzu ulertu”, “inoiz ez zara izango”,… azkenean, hori horrela dela sinestarazi arte. Mundu osoko zibilizazio desberdinek emakumea gizonaren menpe jarri dute, gauza naturala izango balitz bezala, eta azkenean egoera hori lege bihurtuz. Izan ere, emakumea gizonaren posesio moduan ikusten dute, eta honek ezin du arnasarik ere hartu gizonaren baimenik gabe. Emakumeei ezartzen zaizkien debekuen zerrenda amaiezina izanik, harritzekoa da oraindik ere gizartea ez asaldatzea.

Leku guztietan, hala ere, ez da beti horrela izan, eta badira emakumezkoak gizonezkoak adina botere eta askatasun izan duten herriak. Zeltek adibidez, neska-mutilak elkarrekin hezi eta lan berdinak egiteko prestatzen zituzten. Hori gutxi ez eta, emakumea bere ondasunen jabea zen eta bere bikotea aukeratzeko eskubidea izateaz gain, ezkondu eta urtebete pasa ondoren hau errebisa zitekeen, eta banantzea erabaki ezkero, ondasunak berdintasunez banatzeko ohitura zeukaten. Hemen ere, Nafarroako Erreinua “Zuzenbide Piriniarra” delako sistemaren bitartez antolatuta egon zen garaian, gizonezko eta emakumezkoaren parekatze legal eta soziala ezagutu zen. Horri lotuta, beti esan izan da Euskal Herriko gizartea matriarkala dela jatorriz, eta adibide anitz aipa ditzakegu hori horrela izan zela esateko, nahiz eta gerora matxismoak eta Elizak ohitura horiek guztiz zapuztu.

Bai zapuztu ere, emakumearen irudia guztiz desitxuratu eta satanizatu ondoren erabat baztertzeraino. Eta orain hemen gabiltza, berdintasun arrastoan sartu nahian, baina herrenka, eta askotan noraezean. Hemen oraindik ere badira demografia baxuaren errua emakumeen errua dela esaten duenik, eta bortxatua izatearen kulpa zeraman janzkeraren kulpa dela esaten duenik ere, beste astakeri askoen artean. Hemen, oraindik, “bollera” eta antzeko hitzekin iraintzen zaituzte askatasun sexuala aldarrikatzeagatik, eta mutil askorekin ligatzen baduzu “puta zahar” bat zarela diote, mutilek egoera berdinean “matxoteak” eta “ligoiak” diren bitartean. Bada, emakumeak postu altuetara fabore sexualak egiteagatik heltzen direla pentsatzen duenik ere. Zer esanik ez feministei buruz zabalduta dauden topikoak, askoen esanetan hauen helburua gizonak zapaltzea eta beraien aginduetara jartzea baita.

Azken aipamen honi jarraian, esan dezakegu “feminismo” hitza  konnotazio askotxoren jabe egin dela azkenaldian, eta bada ordua gauza bakoitzari bere izenez deitzeko. Hitz gutxitan esan dezakegu, feminismoa, sexuen arteko berdintasuna lortzeko ideologia bat dela, nahiz eta jende asko oraindik defentsiban jartzen den, feminismoari matxismoaren pareko negatibotasuna erantsiz. Angela Davis berak, emakumeak pertsonak direla esaten duen ideia erradikala bezala definitzen du feminismoa. Feminismoak emakumeen eskubideen sustapena aldarrikatzen du, egun gizonak ditugun eskubideen parekoak, ez gehiago eta ez gutxiago, eta ez dugu mamu bila ibili beharrik hitz hori entzuten dugun bakoitzean.

Bestalde, berdintasun borroka honek emakumeen defentsan erantzukizuna eskatzen du, eta instituzioen aldetik gauza batzuetan aurrera egin bada ere, itxurakeri asko dago eta hauen aldetik oso errez jartzen den medaila da feminismoarena. Argazkietan ateratzetik haratago joan behar dute instituzioak, emakume eta gizonen arteko berdintasuna defendatzeko konpromisoa lehen lerroan jarri eta  gai honi lehentasuna emanez.

Baina kontuz, berdintasuna lortzeko erantzukizuna ez da instituzioetara mugatzen, gizarte osoarena da, eta aldi berean gutako bakoitzarena. Alde batetik, familiak, ikastetxeak, enpresak, instituzioak, komunikabideak, lan asko egin dezakete, baina neurri handi batean gutako bakoitzaren lana da egoera hau geure eragin-eremuan eraldatzea, lagun moduan, aita edo ama moduan, bikote moduan, langile edo enpresari moduan…

Hala eta guztiz ere, berdintasunaren bidean aldaketa gauzatzen ari den kolektiborik baliagarriena zuena da, itzaletik atera eta aspalditik inposatutako ohitura eta arau injustuei etengabe aurre egiten ari zareten emakume adoretsu eta indartsuena. Beharbada, ez zarete konturatuko noraino heldu zareten, gainditutzat ematen zenituzten egoera eta jarrerak egunero aurrez aurre agertzen baitira, baina denborak aurrera egiten duen bezala aldaketa astiro-astiro sumatzen da, eta lortzen ari zarete.

Ondo asko dakigu gure amona eta amek izan duten bizimoduaz, eta orain guri tokatzen zaigu belaunaldi berriei beren bizipenak duintasun osoz transmititzea, hauek ere norabide berdinean emakume ororen egoera hobetzen beren bidea egin dezaten, bide batez ondorengoentzat eredu izanik.

Amaitzeko, norbaiti entzuna diot, “gaur eguneko emakumeei, geure ama eta amonei galarazitako lekua hartzea zor diegu”, eta ez da arrazoi makala.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide