XX. mende hasierako langile grebak Azkoitian

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2018ko eka. 10a, 10:02
San Jose atarian erreportzaketan.

Erreken bazterretan sakabanatutako burdinolek beren errotarri eta hauspoen mugimenduekin osatu zuten mendeetan gure herriko lehen lantoki paisaia. Geroago, lantegi modernoak zabaltzen joan ziren, eta XX. mende hasieran ehun langiletik gorako lau lantoki handi zeuden Azkoitian, beste txiki askorekin batera.


Txapelak eta abarketak ekoizten ziren enpresa haietan. Hijos de Hurtado de Mendoza 1846an sortu zen, eta egunean 1.700 txapel egitera iritsi zen. Epelde Larrañaga y Cía, berriz, 1898an hasi zen lanean, eta urtean bi tona eta erdi jute eta trentza egiten zituen, ehun mila kilo abarketa telarekin batera. 1924 bukaerarako, abarketagintzan aritzen ziren 27 lantoki kontatzen ziren herrian, kaleko bebarruetan eta etxeetako sukaldean egiten zen abarketa lanaren zati handi bat pixkanaka lantoki berrietara biltzen joan baitzen. Abarketagintza sektorean nagusi izatera heldu zen Azkoitiko industria; izan ere, lan horretarako 72 makina zituen, eta estatu guztian beste 25 makina bakarrik zeuden, horietatik 13 Gipuzkoan. Gauzak horrela, 1922an herrian 3.000 langile zeuden, haietatik 1.250 lantokietan eta gainerako 1.750ak etxeetan. Garai hartarako zenbaki ikaragarria da, kontuan harturik Azkoitiko populazioa ez zela 7.000 biztanlera heltzen. Era berean, bertan ez zen ia kanpoko langilerik: %85 herrikoak ziren, %13 Gipuzkoakoak eta gainontzeko %2ak kanpotik etorriak.

Garai hartako lan giroa aztertzeko, ezin alde batera utzi orduko gizartearen osaketa ideologikoa. Denbora hartan, Azkoitiko herria oso tradizionala zen: integristek zortzi-hamar zinegotzi ateratzen zituzten, eta jeltzaleek bi-lau eta karlistek bat edo bi ateratzen zituzten. Horrela, industriaren lehen eraketan, hemengo langile klaseak ez zuen kontzientzia politikorik, eta, ondorioz, lehen grebek ez zuten oinarri ideologikorik edo klase sentimendurik izan. Greba haien helburu bakarra zen soldata igoerak lortzea, bizi mailaren eta lehengaien prezioen igoera etengabeei aurre egiteko.

Mobilizazioen hastapenak

Antza denez, herriko langileen lehen mobilizazioa 1890ean gertatu zen, eta bertan 300 langile inguru manifestatu ziren konpetentziaren desagerpena eskatzeko. Handik bost urtera, langileen lehen antolaketa saioak izan ziren, eta Sociedad de Socorros de Obreros Católicos del Purísimo Corazón de María izena hartu zuen erakundeari bidea eman zioten. Bitarte horretan, 1903ko maiatzaren 20an, Azkoitiko lehen greba orokorra antolatu zen langileen soldatak igo zitezela eskatzeko. Hurrengo urteko greba jendetsua izan zen, 700 gizon eta 400 emakume batu baitziren. Abarketa lantegietakoek soldata igoera eskatzen zuten, eta 25 xentimoko igoera lortu zuten. Txapel eta jute enpresetako langileek, berriz, laneko ordutegia laburtzea eskatzen zuten, eta eguneko lanaldia ordu eta erdi gutxitzea lortu zuten.

1914ko abuztuaren 4an hasi zen Lehen Mundu Gerra, eta ordura arte enpresek zuten egoera osasuntsuak gainbehera kezkagarria izan zuen. 1917an, herritarrak gorriak ikusten ari zirela eta, alkateak erabaki zuen Errukietxearen bitartez egunero 50 janari errazio zabaltzea herriko familia behartsuenen artean; haien erdiak ugazabek ordaintzen zituzten, eta beste erdiak, berriz, herriak. Baina hori ez zen konponbidea, eta udalak herriko lan batzuk jarri zituen martxan bertoko jendeari lana eman eta soldata ordaintzeko; besteak beste, Miserikordi Etxetik Hurtadoko zubiraino bidea egin eta kanposantua handitu zuen.

1918ko ekainaren 11 eta 12an, abarketa sektore osoa atera zen kalera grebara deitzeko, guztira 1800 langile inguru, eta soldata %25 igo zedila eskatu zuten. Nagusien eta langileen ordezkariak ez ziren ados jarri, eta, azkenean, erretorearen esku utzi zuten erabakia. Hark soldata %5 igotzea eta makinisten lanaldia ordubete jaistea ebatzi zuen, baina ez zuen gogobete langileen aldarrikapena, eta horrek gatazka piztu zuen berriro.
 
1920an ere nabaria zen gerraosteko krisia, eta horren ondorioz herritarren miseria eta zoritxarra. Langileak grebara atera ziren behin eta berriz, eta enpresariek lantokietako ateak itxiz erantzun zuten, guardia zibil pila ekarriz egoera kontrolatzeko. Langileek, lanera itzultzea erabaki zutenean, kontzejupean txartel bat eskuratzeko agindua jaso zuten nagusien aldetik, baldintza moduan. Intxaustitik hiru eta Bizkargitik bost langile geratu ziren txartelik gabe, horien artean Krixpin ikatz-banatzailea. Hori horrela, urriaren 6an, Angel Larrañaga Plasta-k kaleratutakoen aldeko manifestazioa antolatu zuen, eta, lanerako deia eginez kanpaiak jotzean, emakumeak aurrean harturik abiatu ziren langileak, guardiei «paso libre» oihukatuz. Manifestazioa Hiru Iturri aurrera heldu zenean, guardia zibilak tiroka hasi, eta zazpi langile zauritu zituzten. Ez zen horrelako gertakizun bakarra izan: beste istilu batean, guardia zibilak kalera atera, eta Xumarraneko amari tiro batez hanka zulatu zioten.

1922an, abarketa lantokietako nagusiek, behin eta berriz, soldata %20 jaistea erabaki zuten, eta urte bukaeran mila bat langilek grebara jo zuten. Greba hura igaro bitartean, Sindicato Libreko langile batzuek, STV sindikatuaren laguntzarekin, Sociedad Manufactura de Alpargatas izeneko kooperatiba sortu zuten, nagusien kontrolik gabeko lan eredu berritzaile moduan, baina bi hilabete besterik ez zuen iraun. Urte gogorrak izan arren, 1923ko abuztuaren 6an ez zen Azkoitian lanik gabe zegoen herritarrik; izan ere, Urolako trenak eragindako lanetatik aparte, herrira ura ekartzeko lanak eta baserrietako zeregin arruntek hemengo eskulan guztia okupatu zuten.


Abarketagileen manifestaldia herriko plazan, 1890ean.

 

Lehenengo sindikatu independentea

Langileak beren lan baldintza tamalgarriaz ohartu ziren denborak aurrera egiten zuen neurrian, eta jabetu ziren antolatu beharra zutela beren eskubideak aldarrikatzeko. Kontuan izan behar da garai hartan langileek eguneko hamaika ordu pasatzen zituztela lanean, larunbatetan ere lana eginez, eta ez zutela ez oporrik ez erretirorik. Giro horretan sortu zen herrian, 1918ko uda aldera, Sindicato Católico Libre izeneko sindikatua, eta hautsak berehala harrotu ziren, herrian lehen sindikatu independentea sortzeak aldaketa nabarmenak ekarri baitzituen langile eta nagusien arteko harremanetan. Izan ere, ordura arte, herrian zegoen sindikatu izeneko erakunde bakarra Sindicato Católico Obrero zen, hau da, San José edo amarilloak deitzen zitzaiona, eta ez zen hain justu ere langileen eskubideen alde lan egiten zuen organizazioa, alderantziz baizik: enpresariek langileria kontrolatzeko erabiltzen zuten. Urtebete geroago, SOV Solidaridad de Obreros Vascos sortu zen, gerora ELA-STV izena hartuko zuena, eta bertan abertzale asko afiliatu ziren.

Momentu zailetan, sindikatu independenteak erresistentzia kutxaren beharra izaten zuen, grebak antolatu, langabezian zeuden kideei laguntza eman eta bestelako beharretarako. Bitartean, San José sindikatuko kideek ez zuten horrelako arazorik, momentu txarrenetan ere nagusien babesa izaten baitzuten. Lehenen erresistentzia kutxa txanponik gabe geratu zen batean, adibidez, San José sindikatu katolikoko ezkonduek hiru eta ezkongabeek bi pezeta jaso zituzten nagusien aldetik, eta beste bi sindikatuen aurka sekulako propaganda egin zuten.

Ezin alde batera utzi Elizak sindikatu haiengan eta oro har langileen eguneroko bizimoduan izan zuen eragina. Horrela, Sindicato Católico Obrero erakundea Loiolako jesuitek babestua zegoen, eta Sindicato Católico Libre dominikoek bultzatzen zuten. Lehena ez zen lan arazoetan batere sartzen, eta bigarrena, berriz, langileen orduen murrizketa eta soldata duinak eskatzen saiatzen zen, beste aldarrikapen batzuen artean.


Mancisidorreneko lantegia.

 

Esan dezakegu enpresariek eta Elizak ez zituztela langileen lan kontuak bakarrik kontrolatzen: haien jakineko portaera eta mentalitatea ere moldatzen ahalegintzen ziren, langile diziplinatu eta otzana beti beraien esanetara edukitzeko. Hori horrela, ezagutu zen erromerietan dantza lotua egiteagatik langileei bost duroko isuna ipinitako nagusirik ere. Ez hori bakarrik: Epelde enpresariak, kasurako, langileak saritu egiten zituen egunero mezetara joaten baziren, eta eskupeko handiagoa izaten zuten igandean meza nagusira joanez gero. Era berean, lantegietan lanari hamar minutu lehenago utzi eta arrosarioa errezatzen zen egunero, harik eta gutxiago produzitzen zela-eta Gaztaneko nagusiek ohitura hura baztertu zuten arte. Gauzak horrela, ez da harritzekoa 1920an grebalariek aurkeztutako eskakizun taulako 2. puntuan honako erreklamazio hau agertzea: «reconocimiento de la libertad cristiana del obrero fuera del trabajo de taller».

Eta zer esan aldi hartan emakumeak lantokietako langile moduan zuen rolaz? Produkzioak etekin oparoa izateko, soldatak murriztea zen bideragarriena, eta emakumeen eskulana zen nagusientzako irtenbidea, haiek gizonezkoek baino soldata dezentez txikiagoa kobratzen baitzuten. Emakumeek mobilizazioetan parte hartze goraipagarria izan zuten arren, eta haietako askok sindikatuetako kide izan eta partaidetza eraginkorra izan bazuten ere, sindikatuak kexatu egiten ziren emakume ezkonduek etxeko lanak egin eta umeen zaintzan aritu beharrean lan egiten zutelako.

Mende eta erdi lehenago matxinadan izandako protestetan, Azkoitiko gizon eta emakumeak protagonista miresgarriak izan ziren; bada, greba haietan ere hala gertatu zen, kasu batean jauntxoek eta bestean nagusiek ezarritako baldintza gogorrei aurre egiteko beharrak eraginda.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide