Txertaketa

Erabiltzailearen aurpegia Juan Ramon Alberdi Ibarmia 2021ko uzt. 7a, 08:00

Juan Ramon Alberdik ekaineko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Txertaketa'.

Sarritan pentsatu izan dut haurtzaroko gogorapenek udara usaina izaten dutela. Apika, gure oroimen selektiboak urtaro horretako une atsegi- nenetara eramaten gaituelako: oporraldi luze bezain zoragarriak, non egun denek abentura kutsua izaten zuten. Horietako bat, Matadeixen jazotzen zen. Egun, zentro soziokulturala den eraikinean, eta herriko bi pertsonaia karakteristikoren bizitokia izan aurretik, izenaren zeregina betetzeko propio eraikitako eraikin horretan herriko txakur denei txertoa jartzen zitzaien. Eta han biltzen ginen gu, haur kuadrilla, urteroko ikuskizun kitzikagarriari so.

Txakur horiek kaleko etxeetatik, inguruko txaboletatik, eta noski, baserri guztietatik iristen ziren. Beren jabeen urratsei jarraiki, banaka, edota taldetxoak osatuz, Matadeiko ingurunea mukurutzen zuten. Batzuk, urrutikoak zirelako edo, ez genituen ezagutzen. Beste asko, ostera, bai: lagunen txakurtxo jostariak, atari-txakur gogorrak, sagar-lapurreta galarazitako txakur zaunkari bizkorrak... Oso ezberdinak izanagatik, denei nabaritzen zitzaien beldurrak edo kezkak sortarazitako ezinegona. Eta guk gozatu egiten genuen, hain txakur "gogortzat" genituenak, azken finean, koldar hutsak zirela baieztatzean: "Mundua irentsiko zuela dirudi zian eta txerto koxkor batekin beldurtu duk".

Denbora igaro da eta, beste gauza batzuen artean, ikasi dut txakurren usaimen ahalmena gizakiarena baino handiagoa dela. Usaimenaren zelula kopuru ugariagoei, garunak jasotako informazioa prozesatzeko gaitasuna batuz gero, milaka aldiz garatuagoa. Guk ikusi edo hauteman ezin ditugun gauza askotaz jabetzen dira. Hitz gutxitan esanda, informazio bide garrantzitsua da haientzat sudurra. Datu hori kontuan hartuta, eta berriro Matadeiko kontuetara itzuliz, garai hartan, bertan hiltzen ziren herriko abere guztiak, eta arestian aipatutako udara usain gozoaren oso bestelakoa hedatzen zen: hildako ganaduaren odol eta erraien kirats mingotsa. Tarteka jaurtitako ur-parrastadek inolaz ere ezabatu ezinekoa. Pentsa, guretzat hain higuingarria bazen, zer informazio helaraziko ote zien txertatzeko bildutako txakurrei?

Alabaina, denbora kontua izan da gizakiok ere txertaketa masiboaren atakan jartzearena. COVID-19aren oldarra geratzeko txertatu beharra daukagu eta Matadeixen biltzen ziren txakurren trantzeaz gogoratu naiz, pertsonok ere, jasotako informazioaren araberako jarrera dugula jabetuz. Ildo horretan, txertoei buruz iristen zaizkigun berriak orotarikoak dira: batak tronboak eragiten dituela, bestea ez dela segurua, halakoa oraindik aski ikertu gabe dagoela. Eta gu belarriak zut gaude. Haatik, gaixotasunaren arriskua okerragoa ei da: etxe barruko itxialdiaren isolamendua, ospitaleko botika usaina, errausketa-labeen kea. Informazioa etengabea da, are gehiago, informazio gaindosia dugu, eta txertoaren mirariaren aiduru bizi gara.

Halaber, txertoaren kontuak beste errealitate bat aurpegiratu digu: Lehen Mundukoak izan arren, ez garela lehen lerrokoak, eta neurri batean bederen, diruak osasuna ere eros dezakeela. Beste herrialde batzuek txerto gehiago dituzte, txertaketa prozedura eraginkorragoa, eta gu haiei so bizi gara. Nahiz eta munduko zenbait tokitan, gurean baino askoz egoera larriagoan egon. Kapitala, sugearen pozoiaren antzekoa da: bera defendatzeko adina balio du besteei erasotzeko. Kasu honetan, txertoaren sastada ukatu edo atzeratuz.

Arestian ez dut aipatu, baina Matedeixen txakurrei jartzen zitzaien txertoa "Amorruaren" aurkakoa zen. Ea guri ipintzen digutenak, dagoeneko ongi baino hobeto barneratuta dugun amorrazioa baretzeko balio duen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide