Basque eta basque

Erabiltzailearen aurpegia Josune Herrarte 2023ko api. 6a, 09:16
Bat Basque Team taldearen logoa. (Bat Basque Team)

Josune Herrartek martxoko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua:

Basque Culinary Center, Bilbao Exhibition Centre, Urdaibai Bird Center, Bermeo tuna World Capital, Vitoria Green Capital, San Sebastian Region, Basque Highlands (azken hau Goiherri da, despistaturen bat balego ere), BAT Basque Team, Winter series, Alzola basque water eta abar eta abar eta abar. Idatzi honek behar dituen karaktere guztiak osatzeko adina adibide aurki litezke. 200etik gora adibide daude sarean.

Herriko enpresa esanguratsuen izenen artean ere nagusi dira, machine tools, boring&milling machines, precision... eta antzeko hitzak. Seguruenik bertako langileen ehuneko handi batek ulertzen ez dituenak, bestalde.

Diotenez, neologismoak, kasu honetan anglizismoak edo ingelesezko hitzak, hiru arrazoi nagusigatik hartzen omen dira: prestigioagatik, ezjakintasunagatik edo hutsune semantikoagatik. Hau da, beste hizkuntza batzuetako esamoldeak hartzen ditugu itxurak egiteagatik, euskaraz horren pareko hitza badagoela ez jakiteagatik edo gauza berri bat aipatzeagatik (softwarea, USBa). Bada, irudipena daukat, hemen aipatzen diren ingelesezko hitzok erabiltzearen atzean gure konplexuak daudela gehien batean, geure hizkuntzari ematen diogun balio sinboliko urria. Lizardik esan zuen baina "nik izkuntza larrekoa, nai aunat ere noranaikoa", eta hainbat ahalegin egin dira azken hamarkadetan hori horrela izan zedin. Baina... ez dakit ba, gure mugetatik atera behar duenean lotsa ez ote digun ematen euskaraz azaltzeak.

Irudipena dut ingelesezko hitzok erabiltzearen atzean gure konplexuak daudela

Ez naiz ni izango ingelesaren eta beste inolako hizkuntzaren aurka egingo duena. Hizkuntzak zenbat eta gehiago jakin hobe, eta dakizkigun horiek zenbat eta hobeto jakin hobe. Gaur egungo lingua franca ingelesa da mundu osoan, negozioetan, teknologia alorrean... ezinbesteko hizkuntza, eta pozgarria da ikustea gaur egungo gazteek zeinen ondo moldatzen diren ingelesez, gure belaunaldiak oro har erakusten duen maila negargarria gaindituta.

Hizkuntza bakoitzak bere funtzioak ditu, ordea, espazio funtzional batzuk betetzen dituela esaten da. Beraz, munduan negozioak egiteko ingelesa behar dela, dudarik ez, baina horrek ez digu eragotzi behar mundura euskaldun azaltzea, gure marka euskara izatea. Bestela geurea mugatzen eta preso hartzen ari gara, garai batean bezala, larreko bihurtzen berriro.

Ezjakina naiz enpresaren eta industriaren alorrean, baina nago gure herriko enpresen izen ona ez datorrela ipinitako ingelesezko izen ustezko modernoengatik, lana ondo egin eta kalitatezko produktuak eskaintzetik baizik. Hasieran aipatutako horiek gehiago edo gutxiago ezagunak dira munduan eta maila handiago edo txikiagoan ondo egindakoaren erakusgarri ere badira. Pentsatu al dugu inoiz, euskal izendun marka kalitatearekin eta prestigioarekin lotzeak produktuari ez ezik, hizkuntzari ere zenbateraino eragingo liokeen? Alegia, euskarari zenbaterainoko prestigioa emango liokeen?

Eta, bestalde, ingelesezko izenen erauntsi honek, zer mezu ematen dio euskal jendarteari? Euskaraz ikasten ari denari? Euskaraz ezinean dabilenari?... Aukeran euskara ikasi baino hobe ingelesa ikasi? Euskaraz jakitea ondo, baina kanpora begira jartzen bagara, ezkutatzea hobe?

Txapela buruan eta ibili munduan. Tira, ez, barkatu; hobe txapelik gabe, ez gaitzatela arlotetzat hartu. Euskaldun ez, baizik basque, beti espazio eske, sekula ez aske.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide