Justizia

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Aranbarri 2021ko mai. 3a, 08:08

Iñigo Aranbarrik 'Berria' egunkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Justizia'.

Horra zerua lurrean, pentsatu nuen irratian Iñaki Subijanari entzunda. EAEko Justizia Auzitegiko presidente kargua hartzen ari zen, eta mantra gisako hark zertuta, hemendik atzera mundua bestelakoa izango dela sinestarazi zidan une batez. Aditu nion zehaztasuna eta argitasuna eskatzen, pertsonen eskubideak errespetatuko dituen justizia aldarrikatzen, eraginkorra, irisgarritasuna bermatu eta genero bazterkeriaren aurrean biktima defendituko duena, belaunaldien arteko talkarekiko sentibera, haur eta gazteen interesak bereziki zainduko dituena, hezkuntza eragileekin harremanetan egongo dena, eta ezin bestela, euskararen presentzia normaltzen jarraituko duena. Makina bat poema traketsago irakurri dugu bazterretan.

Eta kolpetik irudia: handiki jendea kartzeletako itxaron-gelan Galeanok ezerrezakdeitzen dituen horien saihetsean, errafiazko poltsak aldean, bisitarako pronto. Balaren teoria etorri zitzaidan, zapatistek garai batean hainbeste aireratu zuten hura. Asko ikasten dela arduraz soldaduak bota eta betikoa hil duen jaurtigaiak egindako bideari segika. Atzerantz hasi eta fusila dugu, tiratzailea gero, jenerala ondoren, agintari politikoak gainetik. Eta segi gorago, eta enpresa handiak ageri zaizkigu, inoiz inon espetxerik zapaldu ez duen elite ongile eta ondoikusia. Horra egiazko tiratzailea. Horrexegatik beharko genuke agian ariketa bera egin kartzela zuloetan. Hartu presoaren eskua eta itsasoan gora hasi, errio, ibai, erreka, xirripa, tanta egiten den arte, eta ikusi non duen hobenak iturburua, jakin dezagun nor den delitua ia ondorio logiko bihurtu duen baldintzen eragilea. Justiziaren aurrera eraman dezagun, erantsiko nuke baikorraldi naif batean.

Berria egunkariak argitaratutako iritzi artikulua. Irakurri osorik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide