Beldurra

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Aranbarri 2020ko mar. 2a, 09:16
Iñigo Aranbarri.

Iñigo Aranbarrik Berria egunkarian aste honetan argitaratutako iritzi artikulua: 'Beldurra'.

Beldurra da, esan digu Akademiako Galeriako atezainak. Florentziako gainontzeko museoetan bezala, ez dago ilararik sarreran. Inor ez txartelak erosteko leihatilan. Hogei lagun eskas daude Dabidi begira. Beldurra da, eta sorbaldak altxatu ditu.

Baina beldurra egin egiten da, fabrikatu egiten da, bere mekanismoak ditu azken zokoraino heltzeko, eta ezinbestean, edozein pandemia baino arinago zabaltzen da. COV-19 birusaz kutsaturikoen kasuak Italian azaldu arau, ikusgarriagoak egin dira egunkarietako azalak, izugarriak albistegien hasierak. Musuarrekoa daraman turista bat Duomoaren aurrean. Apalategiak hutsik supermerkatuetan. Poliziak, militarrak eta osasun-astronautak nahinon.

Literatura bikainez hornitu da dena berehala. Konparazio egokia delakoan, Europa jendegabetu zuen Izurri Beltza ekarri da hizpidera; 1918ko espainiar gripea, onenean. Inoiz baino informazio gehiago dugu, baina ez da gaia aurkezteko beste biderik, gripetik ihesi, euren herrialde ustez garbira pauso presatuz musuaurrekoak jarrita heltzen diren ikasleak baino. Kazetaritza modu baten eta munduri begiratzeko era baten ondorio, nahita eta jakinaren gainean eragin da histeria hau. Fribolitatez jokatu da, orokorkeriak sortu dira, eta psikosiaren gauzak, jendea jarri da jendearen kontra. Orain italiarrak dira atzo txinatarrak zirenak. Ikasiak behar genuke, baina bihar, auskalo zein izango diren. Aireportura ihesi heldu diren ikasleenak kontatzea ahaztu zaien jarraipena du: Bagdadeko morroia ipuinean bezala, birusak aurreko hegaldia hartu du, etxean daukate zain.

Berria egunkarian argitaratutako iritzi artikulua. Irakurri osorik

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide