Juan Luis Zabalak salatu du Twitterren, adibidea berri-berria ez den arren, atertzeko amaituko itxurarik ez duelako. Xabier Lizardiren poema bati egindako manipulazioak sutu du, arrazoiz, Zabala. Nabarralderen webgunean aurkitu du ontzurrea. Aitzolen oroimenez gazteleraz eginiko artikulu batean, Lauaxetaren Amaiur gaztelu baltza eta Lizardiren Euskal pizkundea transkribatzen dira, euskaraz biak. Aurrenekoa, bere horretan ematen da. Bigarrenak dakar oparitxoa azken lerroan: «Egizute nerekin / aberri bidea. / Bildu dezagun nun nai / asaben lorea. / Ta gaur danik gorritu / gure sukaldea. / Ni nor naizen? Asmatu. / Nafar pizkundea».

Poemak eta kantuak norberaren nahierara moldatzea, oso da gurea. Iparragirreren Nere etorrera lur maitera dugu kasurik ezagunena, seguru asko. «Hendayan nago choraturican, / zabal-zabalic beguiac… / ¡ara, España! ¡Lur oberican / ez du Europa guziac!». Hala idatziko zuen urretxuarrak, baina kantatu, Espainia ez beste guztia sartu izan dugu hiru silaba horietan, giro politikoak hartaratuta. Sartzeagatik, baita «nerea baino lur hoberikan» ere Imanol Larzabalek. Iparragirrek sinatua, han du jaioterrian Jose Frantzisko Aizkibelek ere bere omenarria, eta Gernikako arbola-ren egileak ez zuen «Azkoitian da gizon bat bear dena maita» idatzi… Espainia madarikatua, Txorittua nurat hua ezagunean baino salbatu ez duguna ia.

BERRIAn argitaratutako iritzi artikulua. Irakuri osorik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide