Han goitik

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Aranbarri 2017ko uzt. 3a, 09:12

Isiltasun alimalekoa goi mendietatik, jakizu zenbatgarrena. Astebete da Alberto Zerainek eta Mariano Galvanek zeramaten telefonoak ez duela seinalerik ematen. 

Motxiletako jatekoa amaitu zaie, itxuraz. Erantsi horri hamaika gau amaigabe, ez epeletan, prezeski; azken egunetako denbora makurrak eta hain zuzen horregatik beren bila abia ezin daitekeen helikopteroaren ezinak osatzen dute larria. Prest omen dira erreskaterako Gasherbrunen diren Iñurrategi, Zabaltza eta Vallejo eta prest Jaurlaritza, edozertarako. Eta denbora aurrera. Osagai hauek guztiekin, eta telebista, irrati, kazetak gainean, ezin bestelakoa izan hiztegia: heroikoa; drama; Nanga Parbat, mendi asasinoa.

Bizitzaren eta heriotzaren arteko ahoan labainka, gertaera bati deika bestea. Larriak larriari, heriok heriori, Karakorumak Mediterranioari. Loturak berez datoz, edozein eginahal da urri pertsonen bizitza dagoenean arriskuan, logikoa dirudi zeruak eta lurrak astintzea. Eta nahi ezta ere, arin dabil burua. Nanga Parbat beharrean gure arrantzaleen Seychelleseko urak balira, ez litzateke bestelakoa interesa, ahalegina, hizkera. Baina Indikotik honantzago etorrita, eta Zerain eta Galvan beharrean, hil hurran direnen izenak erabat ezabatuta, zer dugu? ACNURek maiatz hondarretan emandako datua dugu, konparazio batera: 2017an, 1.700 dira hildakoak eta 60.000 erreskatatuak Mediterraneoan. Bestela esanda, ataundar edo baigorriar oro urpean; Barañaingo eta Basauriko biztanle guztiak erreskate ontzietara igota.

BERRIAn argitaratutako iritzi artikulua. Jarraitu irakurtzen

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide