Hegian

Erabiltzailearen aurpegia
Mendea lehenago Humboldtek bezala, Unamunok ere ikusi zuen euskara hiltzen, eta halaxe gaztigatu zion euskaldunari Arriagako oholtza gainetik orain 114 urte, lagatzeko zientziari bizimodu modernorako balio ez zuen hilotz ederra. Urteak ziren Reclusek formulaturik zuela hizkuntza ordezkaketaren teoria. Euskara ezin izango zen moldatu ate joka zetorren mundu berrira.
Eta heldu zen gizaldi berria bere asmakizun modernoekin eta bere gerrekin, heldu ziren laiotzaroak eta gerraoste ilunak, eta film txar batean bezala, bi, hiru, lau aldiz hil zela iragarriagatik, ezin lur eman ditxosozko gaixo horri. Hilzoriaren sentikera, hori bai, bere horretan da. Campionen, Mokoroaren, Gandiagaren zain hori, hau badoalakoa, egunero entzuten ahal da oraindik ere, Recluse dagoeneko historiaren zabortegian galdurik dela.

Ez dakit Unamunoren Bilbon jokatuko den euskararen azken partida; dakidana da Bilbo behar izan zela Aresti bat emateko euskaldunei eta Bilborik gabe seguru asko absurdoa litzatekeela Lutxo Egiak abiatu duen perfomancea. Oionen herriko zoroa litzateke eta Azpeitian ez luke zentzurik.

Eta horra hor Egia Unamuno, Azkuna eta Chomin del Regatoren Bilbon, bere gezurra sinestera heldu den hiriaren erdian (Marivi Bilbao: «Bilbon ez da inoiz euskararik egin»), jeboa bezain bakarrik. Somera kaleko egunotako babesa epelduta, bakarrik identitatearen hegian, inor gabe eguneroko zereginetan. Bakarrikchireneen labirintoan, bakarrik bere buruarekin hamaika amorru, hamabi umilazio eta parrastada bat poz txikiren kudeaketan, berea ez ezik beste chocholo askok ere beretzat bizi duen ariketa artistikoan barrena, ze Egiarena zerbait bada, hori baita: erronka barik, barrunbeetarainoko bidaia. Autofikzioa ez, autoerrealitatea.

Horra artearen zereginik behinena. Eta ibili beharreko bidea, beti hegian. Hegemoniaren legeei uko egin norberaren ituan jotzeko.

Igandean, ekainak 14, Iñigo Aranbarri idazle azkoitiarrak Berria egunkarian argitaratutako artikulua da. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide