Beittu!

Maria Angeles Domenech mendizaletasunari buruz hizketan ETB1eko 'Helmuga' saioan

Erabiltzailearen aurpegia Beittu! 2022ko urr. 10a, 10:00

Betidanik Aralar izan du bihotzean Maria Angeles Domenech azkoitiarrak eta mendiko botak oinetan eraman ditu urte askoan. 82 urte ditu egun, eta ezin du mendira joan, baina egunero begiratzen dio Izarraitz mendikateari.

Maria Angeles Domenech elkarrizketatu dute ETB1eko Helmuga saioan. "Azkoitia bezalakorik ez dago bizitzeko", esanez hasi da Domenech kameren aurrean. Herrian denda zuen familiak, eta han tarte bat hartzen zutenean mendira ihes egiten zutela nabarmendu du. 

Lehen pausoak Izarraitz, Hernio eta inguruko mendiak egin zituztela adierazi du. "Gure mendia Aralar zen. Lagunek bere inguruetako mendiak erakusten zizkiguten, eta ni gailur guztietara joaten nintzen". Euskal herrian egiten ziren akanpada guztietara joaten ziren bere etxekoak, eta gerora mugez kanpoko mendiak ezagutzen hasi ziren. Pirinioak, adibidez, goitik behera ezagutzen ditu Domenechek, baita Alpeak ere. Bidaia horien ondoren Himalayara joateko gonbidapena jaso zuen.  

Gogoan du, gainera, mendira galtza motzak eta horien gainetik gona jantzita joan ohi zirela; izan ere, etxeetako leihoetatik begira egoten zen jendea orduan. Mendiko giroa ere hizpide izan du Domenechek, eta haren arabera asko aldatu da. Lehen mendian topo egindakoekin hizketan gelditzeko ohitura zegoela dio, eta orain, berriz, agurrik ere ez dela egiten. "Gezurra dirudi, baina zenbat aldatu den mendia horretan", azaldu du. 

Maxixatzenek duela urtebete eskan egin zion Akordatzen? izeneko erreportajea Maria Angeles Domenechi. Honako lotura honetan irakur daiteke Aitziber Arzallus kazetariak idatzitako artikulua.  

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide