Akordatzen?

Gustuko lekuan, aldaparik ez

Aitziber Arzallus 2021ko urr. 31a, 17:00

Monte Perdido (3.355 metro), Pirinioetako mendi ezaguna. Azken urte eta erdian zenbat azkoitiar igoko ote ziren haren tontorrera. Izan ere, mendizaletasuna goraldian den garaiotan, ia edonoren eskura dagoen plana da asteburu pasa Pirinioetara joatea. Duela 70 urte, ez. Baina orduan ere herrian baziren mendizaleak, baita Pirinioetarako joera zutenak ere, baita emakumeak ere.

Maria Angeles Domenech (Azkoitia, 1940) zen haietako bat, Monte Perdidoko tontorra zapaldu zuen lehendabiziko emakume azkoitiarra. Duela 62 urte izan zen hori, 1959an hain zuzen; 19 urte zituen Domenechek. Harrezkero, hamaika bider joan da inguru haietara, eta beste hamaika lekutara, bere garaiko emakumeei omen zegokienari jaramon handirik egin gabe. Nonbait, Elizak ezarritako arauak eta mugak estuegiak egiten zitzaizkion azkoitiarrari.

Herriko familia arrunt bateko alaba zen Maria Angeles. Ama Donostiako Alde Zaharrekoa zuen eta aita Katalunian jaioa, baina azkoitiarra. Hamar anai-arreba ziren etxean, nahiz eta horietako bat oso umea zela hil. Herrian aski ezaguna zen Eustakia Erribera amona zuten. Eustakiak gaztetan Bartzelonara joan behar izan zuen neskame, eta han ezagutu zuen bere senarra izango zena; hortik datorkie Domenech abizena. "Gure aita han jaio zen, baina denbora gutxira aitona gaixotu egin zen, eta familia guztia hartu eta Azkoitira bueltatzea erabaki zuen amonak, senarra zaintzeko eta seme-alabak hazteko hau leku erosoagoa irudituta". Herrira bueltan, denda zabaldu zuen Eustakiak, denetatik saltzen zuten horietakoa: etxean egindako erroskilak, karameluak, egunkariak... Gerora, Maria Angelesek eta gainontzeko anai-arrebek makina bat ordu sartu zituzten denda hartan lanean.

Gaur egun, hamar anai-arrebetatik lau bizi dira: Maria Angeles, Maria Jesus, Maria Consuelo eta Salvador. Harreman estua dute; erreportaje hau egiteko Aizkibel kaleko etxean kazetariarekin jarritako hitzordura ere laurak azaldu dira. Maria Angelesek eta Maria Jesusek eman dituzte azalpen gehienak, baina kontakizunari adi egon dira Maria Consuelo eta Salvador, bidean lagatzen dituzten xehetasunak eransteko.

Atzo gertatutakoak balira bezalaxe kontatzen dituzte duela bost, sei eta zazpi hamarkadako istorioak. Protagonistak beti eurak, gaztetan ere anai-arrebek elkarrekin ibiltzeko joera handia baitzuten. "Ez denok batera, denda zaindu egin behar izaten genuelako; batzuetan batzuk eta besteetan besteak, ahal genuen bezala", argitu du Maria Angelesek. Hori bai, dendatik libre zuten tarte bakoitza mendira joateko aprobetxatzen zuten.

Aita zuten mendizalea, eta hura izan zen zaletu zituena. "Pentsa, ama lehenengo aldiz hona etorri zenean, aitak mendi puntara eraman zuen handik itsasoa ikusten zela erakustera. Donostiako Alde Zaharretik mendi puntara; eta bitartean, gure amak Donostian egunero ikusten zuen itsasoa", kontatu du Maria Jesusek. Amak 21 urte zituen ezkondu zenean, eta segituan gelditu zen haurdun. "Koitadua", esan du Maria Angelesek beren amagatik. "Hona etorri eta denak zaintzea tokatu zitzaion: gure aita, aitona, izeba bat, hiru osaba eta gero gu denok". Agian horregatik, amak ez omen zien sekula ezkontzeko animorik eman; kontrakoa, "inozoak bakarrik" ezkontzen direla esaten omen zuen. Baita amari kasu egin ere: bederatzi anai- arrebetatik bakarra ezkondu zen, Maria Consuelo.

Umetan hasi eta bizitza guztian eutsi diote mendirako joerari; Euskal Herriko mendialdea ederki ezagutzeko aukera izan dute, beraz. Eta Maria Angelesen iritziz, mendian ibitzen ikasteko, "Izarraitz bezalakorik ez". Izarraitzen ondo ibiltzen denak, Pirinioetan ibiltzeko arazorik ez lukeela izan behar dio. Mendi kuttuna, berriz, Aralar du; hura bezalako lekurik ez omen du topatu munduan. Hasieran gurasoekin edota lehengusuekin joan ohi ziren mendira; gerora, urte batzuez, Jose Mari anaiarekin; eta azkenean, askotan, ahizpak bakarrik. Ohikoena ez zen arren, etxean sekula ez zieten debekatu hala ibiltzea. "Eta behin Maria Jesusek gidatzeko baimena atera zuenean, akabo, Europa osoan zehar ibili ginen", esan du Maria Angelesek. "Jugoslaviaraino joan ginen kotxean". Mendiko botak eta motxila beti aldean eramaten zituzten badaezpada, eta beti topatzen zuten haientzako moduko mendiren bat.

 

"Izarraitzen ondo ibiltzen denak, Pirinioetan ibiltzeko arazorik ez luke izan behar"

 

Mendirako material ona erabiltzen zutela nabarmendu dute. "Aurren-aurrena abarkekin eta ferradun botekin ibiltzen ginen, baina gero Chiruca botekin. Garai hartan ez zituen jende askok erabiltzen", Maria Angelesen arabera. Eta Azkoitian mendirako prakak edo praka babaroak jantzi zituzten lehenengo emakumeak ere beraiek izan zirela esan du. "Garai hartan neskak mendira gona zuria jantzita joaten ziren, baina niri leize zuloetan sartzea gustatzen zitzaidan, eta nola sartuko nintzen bada gonarekin. Ama jostuna zen, eta berak josi zizkigun prakak". Nahikoa komeria izaten zuten haiek ezkutatzen. "Praken gainetik gona jantzita irteten ginen etxetik, inguruko bizilagunek ezer esan ez zezaten. Ordurako, Donostian- eta erabiltzen zituzten, baina Azkoitian ez. Guk jantzi eta gero, gehiago ere hasi ziren janzten".

Kobazuloetan sartzea ez ezik, eskalatzea ere gogoko zuen Maria Angelesek, "batez ere rappel eginez jaistea". Amari, ordea, ez zitzaion gustatzen hori. "Hala ere, moldatzen ginen hura konturatu gabe ibiltzeko. Bizilagun bat tximiniak garbitzen ibiltzen zen, eta hark uzten zizkigun sokak. Anaiak gorputzari estu-estu lotuta jartzen zuen soka, eta hala irteten ginen etxetik". Eskiatzera ere asko joaten zirela esan du, bai Aralarrera eta bai Pirinioetara. Maria Jesusek garbi esan du, ordea: "Eskiatzeko tokirik onena, Baqueira".

20 urte zituela, Maria Angeles Donostira joan zen bizitzera. Osaba batek Arrieta gestoria zuen, eta han hasi zen lanean. Urteetan jardun zuen. "Espainiako gestoria inportanteenetakoa" zela dio, ordurako hogeitaka langile zituela, gehienak emakumeak. Ondo gogoan du gizonezkoek baino lan baldintza okerragoak zituztela, eta hori ezin zuela jasan. Langileen ordezkari izendatuta, emakumeen eskubideen alde gogor aritzen zela azaldu du.

Hain zuzen ere, Donostiako lagunekin egin zuen Pirinioetara lehendabiziko bidaia. Orduan igo zen aurrenekoz Monte Perdidora, Vignemalera (3.298 metro) eta Balaitusera (3.144 metro). Oporrak zituztenean joaten ziren Pirinioetara eta astebete inguru pasatzen zuten han. Europara, berriz, bi edo hiru aste libre zituztenean joaten ziren. Beti kanpin dendan egiten zuten lo. Lehenengo dendak abarketak egiteko oihalarekin egindakoak izaten zirela esan du Maria Jesusek; gerora, ordea, Frantzian eta Alemanian erositako dendak izan zituztela. "Eta denetan garrantzitsuena, lo zaku ona izatea", nabarmendu du. "Guk onak eduki izan ditugu".

Hara eta hona “erraz” ibili izan dira beti, nola goi mendietan, hala atzerrian. "Lasai ibili izan gara, beldurrik gabe, pentsamendu txarrik ere ez baikeneukan. Denekin fidatzen ginen gu; sekula ez genuen pentsatzen inork intentzio txarrik izan zezakeenik", adierazi du Maria Angelesek. Lo ere "lasai asko" egiten zuten. "Garai hartan mendian edozein lekutan jar zitekeen kanpin denda, eta halaxe egiten genuen". Atzerrian ere ondo konpontzen ziren, ahizpa gazteenak ingelesa eta frantsesa bazekizkielako. Turismo ikasketak egin zituen hark, eta hura arduratzen zen bidaiak antolatzeaz.

Mendi altuagoetara igotzeko aukerarik ere sortu zitzaion Maria Angelesi. Behin, Donostian bulegoan lanean ari zela, gizonezko batzuk joan zitzaizkion beraiekin Himalaiara joan nahi zuen galdezka; eta beste behin, ahizpekin Chamonixen zegoela, Mont Blancera igotzeko proposamena egin zioten. "Goitik behera prestatutako bidaiak ziren, joan eta mendia igo besterik ez nukeen egin beharko". Baina ez bata eta ez bestea, bi proposamenetako bat ere ez zuen onartu azkoitiarrak. "Nola joango nintzen haiekin, ezagutu ere ez nituen egiten eta. Nik mendiaz gozatzen nuen, baina anai-arreben eta lagunen konpainian. Nire helburua sekula ez da izan ahalik eta tontorrik altuena egitea; niri gustazen zitzaidana zen leku berriak ezagutzea, hangoak eta hemengoak, altuagoak eta baxuagoak, baina nik aukeratutako konpainian. Sekula ez dut amestu zortzimilako bat egitearekin edo mendizale profesionala izatearekin; nik beste modu batera gozatu izan dut mendiaz".

Ikuskera horrekin bat, Himalaiara joateari baino garrantzia handiagoa eman izan diote herrian mendizaletasuna sustatzeari, eta beren aletxoa jarri zuten Anaitasuna Mendi Bazkunaren lehendabiziko urteetan. Esate baterako, bazkideen kuotak Encarnita ahizpak jasotzen zituen dendan, eta mendi bazkunaren sortzaileek herriko mendizale onenaren izendapena eman zioten horregatik. "Lagun talde bat hasi zen lanean, nahikoa poliki, baina gerora indar handia hartu zuela elkarteak". Maria Angelesek gogoan du "kolpetik ehundik gora bazkide" egin zirela. "Txangoak edo ibilaldiak antolatzeko Gobernadoreari esan behar izaten zitzaion. Maria Jesusek egiten zituen paperak, udalean egiten baitzuen lan". Ibilaldi neurtuak egiten hasi zirela esan du, eta jendetzak hartzen zuela parte. Geroago, Zazpi Kurutze antolatzen hasi ziren, lau urtetik behin hori. Eta umeentzako kanpaldiak ere antolatzen zituzten, Larraskandan, Martirietan eta abar. "Horiek guztiek mendizaletasunari bultzada eman zioten".

Baina antolatzea bakarrik ez, beraiek ere gogoko zuten goi mendiko kanpaldietara joatea eta parte hartzea. Federatuta zeudenez, Espainia guztian antolatzen zituzten kanpamentuetara joateko aukera izaten zuten. Maria Angelesek kontatu du Asturiasko mendietan gertatu zitzaien pasadizoa: "Kanpamentuetako azken egunean festa egitea izaten zen ohitura, eta Asturiasen sagardo festa egin genuen. Gustura, gaiteroekin argazkia eta guzti atera genuen hiru ahizpak. Egunkarian azaldu ginen gero".

Joaten ziren lekura joaten zirela, segituan nabarmentzen zirela esan dute. Las vascas ezagunak ziren bazter guztietan, azentuagatik eta neska bakarrenetakoak izaten zirelako. "Gizonen artean ibiltzera ohituta geunden, eta esan beharra dago beti errespetuz tratatu izan gintuztela", nabarmendu du Maria Angelesek. "Mendizaleen artean harreman oso ona genuen".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide