Iñigo Aranbarri protagonista den 'Ihesaldia' telesaila, AEBetan ikusgai

Erabiltzailearen aurpegia Beittu! 2021ko ots. 16a, 12:28

Otsailaren 27tik aurrera jatorrizko bertsioan ikusi ahal izango dute Ihesaldia telesaila AEBetan, Flix Latino plataformaren bidez. Basauriko kartzelako bost presok 1976. urtean egindako ihesaldia kontatzen du telesailak, eta Iñigo Aranbarri aktore azkoitiarra da protagonistetako bat. 

Otsailaren 27tik aurrera, Pausoka ekoiztetxeak ekoitzitako eta Iñigo Aranbarri aktore azkoitiarra protagonista den Ihesaldia telesaila AEBetan ikusi ahal izango da, jatorrizko bertsioan, Flix Latino plataforma bidez. Euskarazko telesail bat jatorrizko bertsioan plataforma bitartez ikusteko aukera izango den aurreneko aldia da. 

1976ko abenduan Basauriko (Bizkaia) kartzelan gertatutako gertakari batean oinarritzen da Ihesaldia. Bost presoren ihesaldia kontatzen du. Espainiako Gobernuak agindutako amnistia orokorra baino egun batzuk lehenago, ETAko bi preso, PCEko bat eta bi preso arrunt elkartu egin ziren, orain arteko ihesaldi harrigarrienetako bat egiteko. Iñigo Aranbarri eta Xabier Perurena dira Ihesaldia telesaileko protagonistetako bi: Peio Arzamendi eta Josean Uriondo etakide iheslariak gorpuzten dituzte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide