Iñigo Aranbarri, ETB1eko 'Ihesaldia' telesaileko protagonista

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 6a, 18:09

Iñigo Aranbarri, erdian.

Iñigo Aranbarri aktore azkoitiarrak ETB1ek abenduan estreinatuko duen Ihesaldia telesail berrian parte hartuko du. Basauriko kartzelako preso talde batek 1976. urtean izandako gorabeherak kontatuko dituzte telesailean.

Iñigo Aranbarri aktore azkoitiarrak ETB1ek abenduan aurkeztuko duen telesail berrian parte hartuko du. Azkoitiarra preso baten paperean sartuko da telesailean, zehazki 1976. urteko Basauriko (Bizkaia) kartzelako preso talde bateko kide bat gorpuztuko du. Iñigo Aranbarri Peio Arzamendiren paperean sartuko da telesail berrian.

Egiazko historia bat hartu du oinarri telesailak, izan ere preso talde horrek Basaurko kartzelatik ihes egiten zuenaren itxura egin zuen 1976an. Inor ez zen ohartu presoak ziega barruan zeudela, ihes egiteko tunela zulatzen. Horixe da telesail berriaren abiapuntua. Goenkale, Balbemendi eta Go!azen telesailen zuzendaria den Jabi Elortegik zuzendu du Ihesaldia telesaila; Pausoka ekoiztetxeak eta ETBk elkarrekin ekoitzi dute lana. 

Istorioa historiatik ekarria

Ihesaldia izango da telesail berriaren izenburua. 1976an, Basauriko (Bizkaia) kartzelako ihesaldi saiakera ETAko Patxi Aranak eta Iñaki Aramaiok, PCE(r)-ko Pedro Martinez de Ilarduiak, eta Santiago Marcos eta Jose Vicente Daroca preso komunek protagonizatu zuten. Azkeneko bi horiek, tailerretako pintura gelako murrutik eskalatuz, teilaturaino igo ziren; teila pare bat kendu eta egur pare bat urratuz, teilatu azpian erabat itsua zen ganbara zabal batera iritsi ziren; horrela eraman zuten iheserako beharrezko materiala. Presoek soka luze bat utzi zuten teilatutik lurreraino zintzilik, ihes egin zutela irudikatuz, eta modu horretan, teilatu azpiko ganbaran gorde ziren bost presoak benetako ihesaldirako tunela egiteko. 52 egunez egon ziren ezkutatuta, Guardia Zibilak aurkitu zituen arte.

Gertakizunaren inguruan sortzen den tentsioa erakutsiko du telesailak: neguko hotzak harrapatuta, janari eta botikarik gabe ezkutatuta dauden presoen egoera kaxkarra; ihesaldian sartuta dauden ETAko kideak kontrolatu nahi ditu ETAren zuzendaritzak; ihes eginda dauden presoen familien jakin-mina ere azaleratuko dute, eta tartekatuko dute kartzelako zuzendariaren azpijokoa, ihesaldiak bere lan-ibilbidea kaltetu ez dezan. Telesailean agertzen diren ekintza eta pertsonaia asko behar dramatikoen eraginez sortu dituzte, eta protagonisten izenak ere aldatu egin dituzte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide