Interneten ez du etenik xakearen jardunak

Erabiltzailearen aurpegia Anaitasuna Kakute Xake Taldea 2020ko aza. 15a, 20:17

Datorren igandean San Andres Txapelketa jokatuko den bezala, online ari dira ikastaroak jasotzen Anaitasuna Kakuteko hainbat kide. Gaztedi Txapelketa ere Internetez egingo dute aurten, eta Gabonetako Eskolarteko Jaialdia eta Katturen Oroimenezkoa ere sarean egin ahal izateko prestatzen ari da kluba. 

COVID-19aren pandemia iritsi zenetik, Internet bihurtu da xake txapelketa edota ikastaro gehienen plaza. Udaberriko konfinamendutik hona ari da horrela izaten, eta datozen hilabeteetan ere horrela jarraituko duela dirudi.

Online jokatuko da, besteak beste, datorren igandeko San Andres Xake Txapelketa, baina badira Anaitasuna Kakuteko kideak tartean direla Internetez garatzen ari diren beste egitasmoa batzuk ere. Horrela, eskola kirolarekin lotuta, COVID-19aren prebentziorako eta segurtasunerako online ikastaroak eskaintzen ari da Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kirol zuzendaritza, Gipuzkoako Xake Federazioarekin elkarlanean. Horien barruan, Anaitasunak Lucia eta Denis Valor Iñigo Argandoña nazioarteko maisuaren eskolak jasotzen ari dira, eta Aritz Soraluze Andoni Segoviarekin ari da ikastaroa egiten.

Kutxa Fundazioak eta Gipuzkoako federazioak antolatzen duten Gaztedi Txapelketaren aurtengo edizioa ere online hasiko dute, azaroaren 28an. Eta Gabonetako Eskolarteko Jaialdia eta Katturen Oroimenezkoa ere sarean egin ahal izateko prestatzen ari da Anaitasuna Kakute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide