Aurrez aurreko San Andres Xake Txapelketa, bertan behera

Anartz Izagirre 2020ko urr. 18a, 09:00

Anaitasuna-Kakute xake taldeko zuzendaritzak aurrez aurreko txapelketa bertan behera uztea erabaki du egungo egoeragatik, baina online txapelketa egingo du klubeko bazkideentzat.

Aurten ez da San Andres jaietan egiten den aurrez aurreko San Andres Xake Txapelketarik izango. Izan ere, egungo egoera ikusita txapelketa bertan behera uztea erabaki du Anaitasuna-Kakute xake taldeak. Zuzendaritzako kideek adierazi dutenez, edukieraren mugek nahiz txapelketaren babesleen egoera ekonomikoak bultzatu ditu erabaki hori hartzera: "Pena da hainbeste urtetako lanaren ostean txapelketa bertan behera utzi beharra, baina egoera berrira egokitu behar dugu. Aurten klubeko bazkideentzat San Andres Txapelketaren online edizioa egingo dugu, eta datorren urterako edizioa prestatzen hasiko gara, ilusioa eta esperantza ez baitizkigu inork kenduko". Urtero 90-120 pertsona inguruk parte hartzen dute San Andres Xake Txapelketan, eta Mikel Huerga izan zen iazko edizioko irabazlea.

Bestalde, joan zen astean xake partida saio bat jokatu zuten Anaitasuna-Kakute klubek xake ikastaroko kideek Hector Sanchezen aurka, eta xakelari azkoitiarra jaun eta jabe izan zen partida guztietan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide