Azpiratutakoen egien ordua

Mailo Oiarzabal 2024ko api. 11a, 09:52

1936ko gerran eta Francoren diktaduraren lehen hamarkadetan Azkoitian gertatu zirenen inoizko ikuspegi osatuena eskura dago Interneten. Errepresaliatutako zazpiehundik gora herritarren zerrendako lagin txiki bat jaso du Maxixatzenek erreportaje honetan, protagonisten oinordekoen eskutik. Martxoko Maxixatzen aldizkarian argitaratutako erreportajea da honakoa.

Urtarrilaren 26an, Elkarguneko Herriko Plaza aretoa bete-beteta zela, aurkeztu zuten azkoitiaoroimena.eus webgunea, Azkoitiko Udalak Aranzadi zientzia elkartearekin elkarlanean memoria historikoa berreskuratzeko 2022an hasitako lanketaren emaitzen gordailua. Azkoitian 1936ko gerran eta Francoren diktaduraren lehen bi hamarkadetan giza eskubideen urraketak pairatu zituztenen memoria "izen-abizenekin" berreskuratzeko ariketak eta azterketa zientifikoak kopuru deigarria azaletatu du: lerro hauek idazterakoan, 705 azkoitiarren datuak zeuden webgunean jasota, aurkezpen ekitaldiko egunean baino bi gehiagorenak, beraz. Izan ere, memoria historikoa berreskuratzeko ariketa ez dute itxi, eta aztarna zein informazio berriak jaso ahala, osatzen joango dira sareko gordailua.

Lerro hauek idazterakoan, 705 azkoitiarren datuak zeuden jasota webgunean

Webgunean ageri den herritar bakoitzak bere fitxa dauka; datu pertsonalekin batera, jasandako urraketa edo urraketak, eta horiek frogatzen dituzten elementuak jaso dituzte fitxa bakoitzean. Herritarren testigantzak baliatu dituzte, besteak beste, fitxak eta biografiak osatzeko, eta testigantza horietako batzuk bideoan jasota gorde dituzte webgunean. Testigantza horien artean daude Tegi Urzelairena (Azkoitia, 1945), Mari Karmen Zubiaurrerena (Azkoitia, 1947) eta Maria Angeles Aranbarrirena (Azkoitia, 1947), eta hirurekin eta Zubiaurreren anaia Jesusekin (Azkoitia, 1949) hitz egin du Maxixatzenek erreportaje hau osatzeko. Urzelai eta zubiaurretarrak izan ziren Elkarguneko ekitaldian errepresaliatutakoen senideen izenean hitza hartu zutenak. "Gehiegitxo" ez ote diren agertzen ari uste dute hirurek, baita beraienak bezain interesgarriak edo interesgarriagoak diren testigantzak dituzten herrikideak badaudela ere. Baina, era berean, transmisioaren garrantzian sinesten dute; oraina ulertzeko, iragana ezagutu behar delako.

Tortura, erbestea, menderatzea

Franco diktadorea hil zela 49 urte beteko dira datorren azaroaren 20an. 1936ko gerran eta ondoren etorri zen diktadura luzean menderatuak eta isilduak izan zirenen memoria berreskuratzeko ariketak eta aitortzak berandu iritsi dira gerra eta gerraondo latzak pairatu zituzten ia guztientzat. Haien ondorengoen eskutik berreskuratu dituzte edo ari dira berreskuratzen errepresaliatuen memoria, baita Azkoitian ere; eta haien ondoregoak ari dira gurasoei edota aiton-amonei dagozkien aitortzak jasotzen.

Agueda Olaizolak, Mari Karmen eta Jesus Zubiaurreren amak, 24 urte zituen gerra piztu zenean. EAJren Emakume Abertzale Batzako (EAB) kidea zen, eta militantzia hori larrutik ordaindu zuen. 1936ko irailaren 20an sartu ziren Azkoitian Espainiako Errepublikaren kontra altxatutakoen tropak. "Haientzako alkandorak josi arazi zizkieten amari eta amamari. Gero, herritik alde egin zuen amak. Gernika aldeko mendietan zebilen hura bonbardatu zutenean", kontatu du Mari Karmenek. "Osaba Joxe Mari [Olaizola] zauritu zutenean hari laguntzera ere joan omen zen, baina gero Ondarretako kartzelan egon zen, bederatzi hilabetez", jarraitu du kontakizuna, eta Jesus anaiak hartu dio txanda: "Kartzelatik itzuli zenean, burusoildu egin zuten, eta pasakallea eginarazi zioten". "Ez zuen esaten purga eman ziotenik, horrelakorik ez zuen aitatzen", zehaztu du Mari Karmenek. Zubiaurretarren aita, Fidel, azpeitiarra zen. Hura 28 urterekin joan zen gerrara, Loiola batailoira; eta hura desegin zenean, Itxarkundia batailoian ibili zen. Santoñan (Espainia) preso hartu zuten frankisten aliatu italiarrek. "Urtebete gerran, eta hiru urte trabajadoreetan", behartutako lanak egiten, igaro zituen aitak, Jesusek azaldu duenez. Gerra ondoren ezkondu ziren zubiaurretarren gurasoak.

Mari Karmen eta Jesus Zubiaurre, beren etxea (Manduenekoa) zenaren atarian.

Ezkonduta zeuden eta 3 urteko alaba zuten –Lide– Tegi Urzelairen guraso Justino Urzelaik eta Feli Alberdik nazionalak Azkoitian sartu zirenean. "Aitaren aldetik zortzi senide ziren, denak pentsamendu abertzaledunak. Ama Aizterrikoa zen; haren familia ere abertzalea zen, baina haiek ez ziren herritik irten. Gure aitak eta haren senide guztiek, aldiz, alde egin behar izan zuten", kontatu du Tegik. Familia osoa EAJren bueltakoa izateaz gain, Justinoren arreba zen Julene Urzelai EABko kide eta mitin emaile ezaguna. "Gauza horregatik, zortzi senideek eta gurasoek, familia oso-osoak, irten beharra izan zuen 1936ko irailaren 20an", dio Tegik. Anaiak, Justino barne, Euskal Herrian gelditu ziren, gerran; Tegiren ama, ahizpa, attitte-amama eta izebak, berriz, Frantzian erbesteratu ziren. Gerra aurretik San Martinen maizter bizi ziren gurasoak, baina ama-eta itzuli zirenean, urte eta erdira, "ez etxe eta ez ezer". "Eskerrak gure amaren baserrikoei", dio Tegik: han bizi izan ziren ama eta ahizpa beste urte eta erdiz; attitte, amama eta izeba bat, berriz, Urrestillan egon ziren bizitzen, amamaren senideen ondoan. Erbeste behartuak eta sakabanaketak bete-betean harrapatu zuen Urzelai-Aramendi familia, gerra urteetan zein ondorengoetan. Azkoitira itzuli ziren batzuk –"diru pila bat ordaindu behar izan zuen aitak herrira itzultzeko, eta igandero koartelera joan behar izaten zuen"–, baina Venezuelan, Frantzian edo Ipar Euskal Herrian bizitzen jarraitu behar izan zuten beste batzuek: 1936an sakabanatu eta 27 urtera, 1963an, elkartu ziren berriro zortzi anai-arrebak eta amama Azkoitian; attitte hilda zegoen ordurako. Tegiri barruak mugitzen dizkio egun migratzaileekin eta errefuxiatuekin gertatzen denak: "Askotan etortzen zait gogora nola alde egin behar izan zuten gure familiakoek eta beste askok, nora zihoazen arrastorik gabe. Inork ez du uzten bere etxea gogo onez egun batetik bestera, ezta gutxiago ere. Gureak etxe oso- osoa lagata irten ziren, eta beti entzun izan nien laster bueltatzeko esperantzarekin alde egin zutela, baina...".

Tegi Urzelai, izeko Juleneren omenezko bustoari begira.

Azkoititik ez zuten alde egin Petronila Gomezek eta Jose Aranbarrik, Maria Angeles Aranbarriren amamak eta attittek, eta herrian bertan infernua bizitzea tokatu zitzaien. Gomez zumaiarra zen jaiotzez. 24 urterekin alargundu zen, hiru semerekin, Azpeitian bizi zela; Aldako baserriko Joserekin ezkondu eta Azkoitian jarri ziren bizitzen gero, San Martinen, eta han jaio zen Maria Angeles aita, hura ere Jose izenekoa. "Arrain saltzailea zen amama eta arraindegia zeukan hemen, Azkoitian, Azoka Plazan". Francoren aldeko soldaduek herria hartu zutenean hasi zen Aranbarri-Gomez senar-emazteen kalbarioa. "Ez dakit politikan zenbateraino sartzen ziren. Nik beti entzun izan dut abertzaleak zirela etxean, besterik ez dakit; afiliatuta zeuden ala ez zeuden, ez dakit ezer", dio Maria Angelesek. Dena dela, "gorriak" izatea leporatuta, "etxea miatu, hankaz gora jarri eta den-dena kendu zieten, etxea hustu zieten". Maria Angelesen attitte Juin Torren kartzelaratu zuten: "Kartzelako arduraduna egunero joaten omen zitzaion errosarioarekin. 'Besa la cruz, que hoy es tu último día', esaten omen zion. Ez zuten afusilatu eta ez dakit zenbat denbora eduki zuten preso, baina egunero beldur horrekin bizi arazi zuten". Amamari, berriz, jendaurreko zigorra eta umiliazioa ezarri zizkioten: "Gure amama hartu, ilea moztu, errizino olioa eman eta kalean gora eta behera ibili arazi zuten pasieran. Hala zebilela, bere etxe paretik pasatzean, Arsuaga medikua kalera irten eta laguntzera joan zitzaion; manta batekin estali omen zuen amama, hartarako eskubiderik ez zegoela esan, eta bere etxera eraman zuen. Eta besterik ez omen zuten atera horrela, hori aditu izan dut nik". Gerrara joanak zituen Gomezek bi seme; haietako bat, Joakin, besoetan hil zitzaion, Gasteizen, baina haren gorpua desagerrarazi zuten frankistek. "Jipoitu eta bazter batean hilzorian utzi zutela uste dut. Gure amamari hots egin zioten, semea non eta nola zegoen esanez, eta Gasteizera joan zen bera, arraina ekartzen zion kamioilariarekin. Iritsi zenean, artean bizirik topatu zuen semea, eta amaren besoetan hil zen. Ezkerreko besoarekin eutsi omen zion semeari, eta "hasta para eso eres roja, hasta para coger a tu hijo" entzun behar izan zuen. Inoiz ez dugu jakin izan osabaren gorpua nora eraman zuten; uste dut 22 urte zeuzkala hil zenean", dio Maria Angelesek.

Maria Angeles Aranbarri, San Martingo dorrea atzean duela.

Isiltasuna eta arrakalak

Ondorio kaltegarriagoak ez jasateko isilik egon beharra, beldurra, mina... Errepresaliatu asko beren egia kontatu gabe gelditu ziren. Gerra galdu eta gogor zigortuak izan zirenen ondorengoek, sarri, zeharka eta zatika jakin izan dituzte beren etxekoei gertatutakoak, eta horrela joan dira puzzlea osatzen. Agueda Olaizola 50 urterekin hil zen, seme-alabak oso gazteak zirela. "Amak ez zuen denborarik izan guri gauza handirik kontatzeko", nabarmendu du Mari Karmen Zubiaurrek. Aitak, "gerora", gerra garaiko gauza asko kontatu zizkien, osaba Joxe Mari Troxki-k ere kontatu zizkien bereak, baina amak bizitakoak "ingurutik" jaso zituzten, amaren lagunen eta familiartekoen ahoetatik. Amaren gurasoek, izan ere, ez zuten "ezer" kontatzen, baina bilobek ulertzen dituzte arrazoiak. Haientzat gerra garaiko bizipenak "oso-oso gogorrak" izan ziren, Jesusek dioen moduan. "Ez zuten politikarekin zerikusia zuen ezer jakin nahi. Gure aitak jarraitzen zuen jardun politikoarekin klandestinitatean, eta haiek beldurrez egoten ziren, baten batek zerbait jakin eta preso eramango ote zuten", gaineratu du. Mari Karmenen iritziz, "esaten zutena baino askoz gehiago gordetzen zuten" hitz egiten zutenek ere.

Beldurra, mina... errepresaliatu asko beren egia kontatu gabe gelditu ziren

Urzelaitarren etxean "lasaitasunez" hitz egiten zuten iraganeko kontuetaz, nahiz eta gerra ondoren ere ordaintzen jarraitu. Justino, Tegiren aita, Urzelai II.a zen, garai hartako pilotari onenetakoa; 1941ean eta 1943an binakako txapelketa irabazi zuen Onaindiarekin batera, baina gerraondoko egunkarietan haren izenik ez zuten jartzen, "ixa bat jartzen zuten haren izenaren tokian". Aranbarrik ere gerra hasi zenean 13 urte zituen aitaren bidez jakin zuen berak eta haren gurasoek pairatutakoaz; kontu horiek guztiak, ordea, etxe barruan gelditzen ziren, kalean ezin ziren aipatu. "Alde batekoak" bakarrik aipa zitezkeen, gerra irabazi zutenen aldekoak, eta haiek bakarrik zuten beraien hildakoak publikoki oroitzeko eskubidea. Eskolan ere horrela ziren kontuak: Cara al sol egunero kantatu behar izaten zuten batzuek, "espiritu nacional-eko gimnasia" egin besteek... "Franco gizon ona, Franco gizon ona... beste konturik ez genuen entzuten eskolan", dio Urzelaik. Aranbarrik, berriz, gogoan du "entziklopedian", esku artean izaten zuten liburu bakarrean, 'akatsak' topatu zituenekoa: "Espainiako historia kontatzerakoan, Alfonso XIII.arengandik Francorengana pasatzen ziren zuzenean. Ez Errepublika eta ez gerra, ez zituzten aipatzen; nik ez nekien Errepublika existitu zenik ere. Baina urteak ez zetozen bat, eta akats horretaz galdetu nion aitari. 'Urte horietan gauza asko pasatu ziren', esan zidan. Orduan hasi zitzaidan gerraz-eta hizketan".

(Argazkiak: Mailo Oiarzabal eta Azkoitiko Udal Artxibategia).

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide