Ione Zuloaga Muxika: "Militante politikoak eta II. Errepublikaren ereduaren aldekoak zigortu zituzten"

Mailo Oiarzabal 2024ko api. 11a, 09:52
Ione Zuloaga Muxika. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Azkoitiko azterketaren emaitzak plazaratu eta hamabost egunera aurkeztu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak 1936-1945 artean errepresio frankista jasan zuten emakumeak. Gipuzkoako kasua liburu mardula. Ione Zuloaga Muxika (Azkoitia, 1995) Aranzadiko historialari eta ikerlariak zuzendutako ikerketaren emaitza da argitalpena. Zuloagak gidatu du ikerketa proiektua, baina Queralt Sole, Enara Garro eta Lourdes Herrastiren ekarpenak ere jaso dituzte argitalpenean; emakumeen errepresioaren ikuspegi zabalagoa eta kokapen historikoa landu dituzte hiru ikerlariok, eta Zuloaga arduratu da Gipuzkoan emakumeek XX. mendearen erdi aldean gerraren eta diktaduraren testuinguruan jasandako errepresioaren ikerketaz.

Gipuzkoako datuak, gertaerak eta testigantzak zabal jasota daude argitalpenean, baina "emakumeen kontrako errepresioa errepikakorra" dela nabarmendu nahi du Zuloagak: "Aparatu bat zegoen, aparatu frankista, sistematikoki pauta bat jarraitzen zuena: II. Errepublikan zehar zeresana eduki zuten emakume haiek nolabait gorputzez diziplinatzea, zigortzea edo deuseztatzea". Gerra garaian eta gerraondoan errepresaliatutako emakume "gehien-gehienak" militante politikoak izan ziren, baina "II. Errepublikak bultzatu zuen ereduaren jarraitzaileak" ere zigortu zituztela gaineratu du ikerlari azkoitiarrak, "rol tradizionalei aurre egin zietenak edo molde tradizionaletatik aldentzen zirenak; ama bakarrek, esaterako, zapalkuntza handia jasan zuten".

Ikertzen jarraitzea

Jabi Buces eta Irati Azpiazu Zuloagaren lankideak izan dira 1936 eta 1959 arteko Azkoitiko memoria historikoa jasotzeko proiektuaz arduratu direnak, historialari azkoitiarrak ere lan batzuk egin dituen arren.

Oroimenaren Azkoitiko webgunean 139 emakumeren erregistroak daude jasota. "Asko dira", dio Zuloagak, urte haietan herriak 7.500 biztanle inguru zituela kontuan hartuta. Gipuzkoa mailako ikerketan ere jasota daude errepresaliatu azkoitiarrak, baita II. Errepublikaren garaian nabarmendu ziren emakumeen arteko bi ere: 1933ko urtarriletik apirilera alkate izan zen Carmen Kerejeta, eta Julene Urzelai mitinlaria.

Memoria historikoaren lanketan zailduta, testigantza ematen duten herritarrek sentitzen dituzten "kontatzeko eta ez ahazteko beharra eta nahia" nabarmendu ditu, besteak beste, Zuloagak. Errepresio frankista eta giza eskubideen urraketak "ez zirela 1959an bukatu" ekarri nahi du gogora historialari azkoitiarrak, eta "Azkoitian ere diktadura bukatu bitarteko errepresioa eta giza eskubideen urraketa guztiak aztertzen jarraitzea garrantzitsua" iruditzen zaio, eta udala pauso hori ematera animatzea gustatuko litzaioke.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide