Imanol Toledok eta Lola Oiarzabalek irabazi dute Azkoitiko duatloia

Nerea Uranga 2024ko mar. 16a, 19:17

Goizean haurrak eta arratsaldean gazteak eta helduak izan dira Azkoitiko duatloiaren jaiko protagonistak. Arratsaldean duatloi super-sprinteko lau proba jokatu dituzte.

Duatloiak hartu ditu gaur Azkoitiko kaleak. Goizean eguerdira artean, eskola kirol mailako duatloi probak jokatu dituzte LH3tik LH6ra arteko haurrek. Arratsaldean, berriz, duatloi super-sprinteko lau proba jokatu dituzte: kadeteena, egokitua, emakumeena eta gizonena. Minutu gutxiren tartearekin atera dira proba bakoitzeko parte hartzaileak plazatik.

Kirolariek 2.500 metro egingo dituzte aurrena korrika; gero, 10 kilometro bizikletan, eta bukatzeko, 1.250 metro korrika. Proba horretan bertan, duatloi egokitua ere jokatu dute Marea Urdinari esker, ibilbidea apur bat moldatuta.

Sailkapen orokorrean, gizonetan Imanol Toledo (32:50) eta emakumeetan Lola Oiarzabal (39:48) izan dira helmugan aurrenekoak. Federatuen artean ere aurreneko postua lortu dutenak Toledo eta Oiarzabal izan dira. Herrikoien mailan, berriz, emakumeetan aurreneko postua Mari Carmen Seijasek eskuratu du eta gizonetan Oier Etxeberriak –honek sailkapen orokorrean bigarren egin du–. Kadeteetan, berriz, aurreneko sailkatuak Adur Alcalde eta Maier Miote –sailkapen orokorrean emakumeetan bigarren egin du–izan dira. Duatloi egokitua, berriz, Aitor Oleagak irabazi du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide