Kirolari gazteenekin hasi da Azkoitian duatloiaren jaia

Nerea Uranga 2024ko mar. 16a, 12:17

Azkoitri triatloi taldeak antolatuta Azkoitian duatloi probak izango dira gaur. Goizean LH3tik LH6ra arteko gaztetxoen probak izan dira. Arratsaldean, 16:00etatik aurrera, duatloi super-sprintak jokatuko dituzte.

Azkoitri triatloi taldeak egun guztirako duatloiaren festa antolatu du gaurko. Goizean, 10:00etatik eguerdira bitartean, LH3tik LH6ra artekoen duatloiko lau proba jokatu dituzte, eta neska-mutil ugarik parte hartu dute. Proba bukatutakoan sari gisa gozokiak eta medaila jaso dituzte parte hartzaileek.

Arratsaldean, berriz, 16:00etan hasita, duatloi super-sprint proba jokatuko da. Bederatzigarrenez duatloi herrikoia jokatuko dute, eta federatu zein federatu gabeek parte hartuko dute. Kirolariek bi kilometro eta erdi egingo dituzte korrika, hamar kilometro bizikletan eta beste kilometro eta berrehun metro korrika. Proba horretan bertan, duatloi egokitua ere jokatuko dute Marea Urdinari esker, ibilbidea apur bat moldatuta, kirolarientzat ahalik eta leunena izan dadin.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide