Mertxe Urteaga arkeologoa XII. eta XVIII. mendeetako errausketen hileta errituez mintzatuko da ostegunean

Intza Trula 2024ko ots. 26a, 13:53
Mertxe Urteaga. (Azkoitiko Udala)

Jentilak eta kristauak, errausketaren hileta-errituak San Martin de Iraurgin, VII. eta VIII. mendeetan hitzaldia eskainiko du arkeologoak, 19:00etan Elkargunean. Azkoitia 700 batzordeak antolatutako saioa da.

Mertxe Urteaga arkeologoak Jentilak eta kristauak, errausketaren hileta-errituak San Martin de Iraurgin, VII. eta VIII. mendeetan hitzaldia eskainiko du ostegunean, 19:00etan Elkargunean. Azkoitia 700 batzordeak herriko historian murgiltzeko antolatutako hitzaldi zikloaren barruko saioa izango da. Hain zuzen, joan den ostiralean izan zen lehen saioa, Munoaundi herri harresituaren ingurukoa, eta ostegun honetan izango da bigarrena.

Luzea da Urteagaren ibilbide profesionala. Ezaguna da, bereziki, Arkeolan Fundazioan eta Oiasso museoan egindako lanagatik. Horrez gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare Historiko-Artistiko Zerbitzuko talde teknikoko kidea da. Halaber, hainbat artikuluren eta libururen egilea eta beste hainbat argitalpenen editorea ere bada.

Datorren hitzaldia martxoaren 14an izango da, Idoia Arrieta historialariaren eskutik: Zer ezkutatzen du hiribilduak? hitzaldia eskainiko du. Ekainean, San Martingo erlojua izango dute hizpide Yeregui Elkarteak, Azkoitiko Alkorta anaiek, Konberbi enpresako Miguel Angel Larrañagak eta Juan Bautista Mendizabal Ondare zinegotziak, erlojuak duen balio historiko eta funtzionalarengatik. Irailean izango du jarraipena zikloak: Rosa Ayerbe historialariak Ahaide nagusiak Azkoitiko eta Gipuzkoako instituzioetan goiburupean eskainiko du saioa orduan. Urrian, berriz, Javier Elorza historialariak Azkoitia eta bere sustraiak: Iraurgiko San Martin eta Miranda (1324-1550) liburua aurkeztuko du. Azaroan, amaitzeko, San Martingo historiaurrean jarriko dute arreta, eta Munibe arkeologia taldeko Juan Mari Arruabarrenak zikloko azken hitzaldia eskainiko du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide