Munoaundi herri harresituaz mintzatu dira Elkargunean

Intza Trula 2024ko ots. 18a, 18:43
Ostiraleko hitzaldiko irudia, Elkargunean. (Urtzi Oteiza)

Ostiral arratsaldean izan zen Azkoitiko aurrekari urrunen bila: Munoaundi Burdin Aroko herri harresitua hitzaldia. Azkoitia 700 urte batzordeak antolatutako saioa izan zen.

Azkoitia 700 batzordeak herriko historia ezagutzeko hitzaldi zikloa antolatu du otsailetik hasi eta azarora bitartean. Hala, ostiralean izan zen lehenengo saioa: Azkoitiko aurrekari urrunen bila: Munoaundi Burdin Aroko herri harresitua hitzaldia eskaini zuten Elkargunean. Jende andana bertaratu zen hitzordura, Munoaundi herri harresituaren inguruan adituen hitzak entzutera.

Aranzadi zientzia elkarteko ikertzaileek, Sonia San Jose historialariak eta Antxoka Martinez arkeologoak gidatu zuten saioa. Burdin Aroan adituak dira horiek, eta Munoaundiko aztarnategian egindako prospekzio arkeologikoez arduratu izan dira.

Datorren hitzordua otsailaren 29an, ostegunez, izango da. Mertxe Urteaga arkeologoak zuzenduko du saioa. Besteak beste, Arkeolan Fundazioan eta Oiasso museoan egindako lanagatik da ezaguna Urteaga. Jentilak eta kristauak, errausketaren hileta-errituak San Martin de Iraurgin, VII. eta VIII. mendeetan hitzaldia eskainiko du, 19:00etan, Elkargunean.

Munoaundi herri harresituaren inguruko hitzaldiko irudia. (Urtzi Oteiza)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide